Jaurlaritzak 3 miloi gehiagorekin zabaldu du Industria Makinen Renove Programaren aurrekontua, sektorearen eskariaren aurrean (Gobernu Bilera 2017-09-26)

logoconsejo.jpg

2017.eko irailak 26

9 milioi eurotik 12ra pasatu da

Azken hiru urteotan, EAEko 891 enpresak baliatu dute programa, eta eragindako inbertsioak 320 milioi euro gainditu ditu

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatutako eta SPRI Taldeak kudeatutako programa honen helburua da produktibitatea eta pertsonen segurtasuna hobetzea

Eusko Jaurlaritzak 3 milioi euro gehiagorekin zabaldu du Industria Makinen Renove Programaren hasierako kontu-saila. EAEko industriaren apustua da produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzeko. Hala, 12 milioi eurokoa izatera pasatu da. 2017rako programak, hasiera batean, 9 milioi euroko zuzkidura zuen. Horrek aurreko edizioetan baino milioi bat gehiagoko zuzkidura zekarren jadanik.Laguntzak eskatzeko epea www.spri.eus helbidean irekita dago joan den ekainaren 30a ezkero eta urriaren 31n ixten da, edo lehenago, aurrekontu-esleipena agortuz gero; hain zuzen, hori gertatu baitzen epea hasi eta ordu gutxi batzuetara. Horregatik, orain, 3 milioi gehiagorekin zabaldu da programa.

2014an martxan jarri zenetik 891 euskal enpresak (2014an 420, 2015ean 271 eta 2016an 200) jaso dituzte programa horren diru-laguntzak eta eragindako inbertsioa 320,83 milioi eurokoa izan da hiru ekitaldi horietan (2014an 107,7 milioi, 2015ean 82,9 milioi eta 2016an 130,23 milioi). 

Programa hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatzen du eta SPRI Taldeak kudeatzen du. Sektorearekin batera diseinatu eta baloratutako programa bat da, eta helburutzat dauka enpresetako aktiboen zati bat berritzea eta makinak puntuan jartzea ikuspegi guztietatik, betiere produktibitatea hobetuz eta pertsonen segurtasuna zainduz. Programa beraizik zuzendurik dago makinak berritzeko premia duten ETEei, programa honen bidez berritze eta modernizazio prozesuei ekin diezaieten.

Laguntzak eskatzeko epea zabalik egongo da ekainaren 30etik (ostirala), eta urriaren 31n itxiko da, edo lehenago aurrekontua agortzen bada, euskal enpresa askok eskatzen dituztelako horrelako laguntzak.

Produktibitatea eta segurtasuna hobetzeko makina berriak

Renove Programa honen helburu nagusia da euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzea, eta horretarako, industria arloko enpresen produkzio-ekipamenduak modernizatuko dira eta lan arloko segurtasun- eta osasun-arauetara egokituko dira, makina berriak erosiz, enpresen produktibitatea hobetzen laguntzeko.

Osalanek, erakunde laguntzaile den aldetik, lan esparruko segurtasun- eta osasun-agiriak eta dagokion dokumentazio teknikoa aztertuko ditu, eta horrez gain, makinak ikuskatuko ditu. Gero, txosten bat igorriko dio SPRIri, eta bertan, ikuskapena egiaztatzeaz gain, haren segurtasun-baldintzak betetzen diren ala ez adieraziko da.

70.000 eurorainoko diru-laguntza makina bakoitzeko

Makina berriak 70.000 euro balio behar du gutxienez (BEZa kontuan hartu gabe). Erosketa-kontzeptuan egiaztatutako gastuaren %15eko diru-laguntza emango da; gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina bakoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (diru-laguntza erosketa bat baino gehiagorentzat den kasuetan).

Diru-laguntza jaso dezaketen makina motak

Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen makinak: produktuak eta materialak ontziratzeko eta paketatzeko, osagarriak muntatzeko, lehengaiak eta erdilandutako produktuak eraldatzeko, metrologiarako, eta enpresa eskatzailearen ustiapen ekonomikoko produkzio-prozesuetan erabilera automatikoa egiteko erabiltzen diren makina berriak.