Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Gasteizko Europa Jauregian izandako ekitaldian

Argitalpen-data: 

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Gasteizko Europa Jauregian izan den ekitaldian. Euskadiko erakunde nagusietako ordezkariekin batera, euskalgintzako eragileak izan dira eta, denon artean, berretsi egin dute euskararen alde lan egitearen aldeko beren apustua. “Badakigu globalizazio eta uniformizazio garai hauetan haizea ez dugula beti lagun izango eta olatu guztiak ez direla aldekoak izango. Horregatik, traineru onenetan legez, elkarrekin egin beharko dugu arraun", adierazi du Lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzatik, Lehendakariarekin batera, bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka; Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriola; Ogasuna eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu; Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte; Osasun sailburu Jon Darpón; Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia; eta Lana eta Justizia sailburu María Jesús San José. Han izan dira, baita ere, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Bilboko alkate Juan Mari Aburto; Manuel Lezertua Arartekoa; edota Andres Urrutia euskaltzainburua.

Ekitaldian protagonismo nabarmena izan du iragan azaroaren 23an aurkeztu zen Euskaraldia proiektuak, euskaldunon aktibazioa bilatuko duena euskararen erabilera bultzatzeko. Bingen Zupiria sailburuak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentearekin batera, ekimen honen garrantzia azaldu du. “Ia urtebete falta da proiektua hasteko eta denbora daukagu elkarrekin buru-belarri prestatzeko. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra 11 egun izango ditugu euskarari loturiko inertziak aldatzeko, euskararen erabilerari astindu bat emateko eta gure hizkuntzaren etorkizuna aldarrikatzeko. Helburu nagusietako bat erabileran horrenbeste eragiten duten hizkuntza ohiturak aldatzea izango da. Lortzen badugu, 11 egun horien ostean beste hainbat etorriko dira”, azaldu du.

Euskararen eremu osoan

Ekitaldian, proiektu honekin loturiko hainbat bideo ere proiektatu dira eta ‘Euskaraldia’ hitza guztien ahotan egon da. Gogoratu dutenez, gainera, euskararen lurralde osoan garatuko da. “Euskaraz hitz egiten den lurralde guztiotan hizkuntza politika kudeatzeko ardura dugun erakunde guztiak izango gara Euskaraldian. Atxikimendu horri esker euskararen eremu zabalean gauzatu ahal izango da ekimena: Aturritik Ebroraino”, azpimarratu du Zupiriak. Euskarak Araban izan duen bilakaeraren inguruko bideo bat ere proiektatu da ekitaldian, eta Iker Galartza eta Aitziber Garmendia aktoreek animatu dute eguerdia.

Lehendakariak, bestalde, euskarak izan duen bilakaeraz eta aurretik duen erronkez hitz egin du: “Euskararen ezagutza biderkatzea lortu dugu erakundeen lanari esker, euskalgintzaren lanari esker eta, batez ere, hiritarren atxikimenduari esker. Horrekin batera, euskararekiko jarrerak inoiz baino positiboagoak dira. Euskarak prestigioa irabazi du, euskal gizartearen gehiengo handi eta zabal bat euskararen etorkizuna bermatzearen alde dago”.

Azkenik, euskararen alde sustatzen ari den elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Lehendakariak: “Ilusioz begiratzen diogu euskararen etorkizunari. Testuinguru berri batera ekarri dugu gure hizkuntza. Errealitate berri honetan, erronka berriak daude. Badakigu globalizazio eta uniformizazio garai hauetan haizea ez dugula beti lagun izango eta olatu guztiak ez direla aldekoak izango. Horregatik, traineru onenetan legez, elkarrekin egin beharko dugu arraun. Aurrera egin nahi badugu, batzuetan korrontearen kontra ere jardun beharko dugu.  Inoiz izan ditugun baldintzarik onenak ditugu denok aldi berean egiteko”.