Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldian

Argitalpen-data: 

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskadi Literatura Sariak emateko gaur ospatutako galan. Ekitaldia Bilboko Azkuna Zentroan izan da eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere parte hartu du. Haiekin batera, aurtengo zazpi egile sarituak izan dira: Asier Serrano, Euskarazko Literatura modalitatean; Fernando Aramburu, Gaztelaniazko Literaturan; Arantxa Urretabizkaia, Euskarazko Saiakeran; Ander Izagirre, Gaztelaniazko Saiakeran; Leire Bilbao, Haur eta Gazte Literaturan; Mikel Valverde, Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitatean; eta, azkenik, Matías Múgica, Literatura Lanaren Ilustrazioan.

Irabazle guztiek saria eskertu dute, Pello Ramirez musikariaren eta Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreen parte hartzea izan duen ekitaldi honetan. Lehendakariak sari hauek duten garrantzia aldarrikatu du, batik bat egileen lana aitortzeko eta ikusgai egiteko; era berean, irakurzaletasunaren aldeko apustua egin du: “Sari hauen bitartez idazleen lana aitortu eta saritu nahi dugu. Horrekin batera, haien lana agerikoagoa egiten lagundu nahi dugu eta, bide horretatik, horiek irakurtzeko gonbita luzatu nahi dugu; irakurzaletasuna sustatu egin nahi dugu”.

Zupiria sailburuak ere “irakurleon txanda” dela adierazi du: “Literaturaren munduan erabakitzen dira edizio bakoitzeko saridunak, eta arlo honetako ordezkari ezberdinek osatzen dituzte epaimahaiak. Aurtengo uztak era guztietako lanak ekarri ditu. Guztiek, bakoitzak bere erara, gauzak ikusteko ikuspegi bat eta literatura-adierazpenari heltzeko modu bat adierazten dute. Zorionak guztiei. Orain irakurleon txanda da. Eskuratu ditzagun liburuok eta goza dezagun”.

Aurtengo obra irabazleak honakoak izan dira:

  • Euskarazko Literatura: Asier Serrano, Linbotarrak.
  • Gaztelaniazko Literatura: Fernando Aramburu, Patria.
  • Euskarazko Saiakera: Arantxa Urretabizkaia, Bidean ikasia.
  • Gaztelaniazko Saiakera: Ander Izagirre, Potosí.
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Leire Bilbao, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk.
  • Literatura Lanaren Ilustrazioa: Mikel Valverde, Versos de deportes.
  • Euskarazko Literatura Itzulpena: Matías Múgica, Testamentua (François Villon).

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Urtero bezala, zazpi epaimahai berezituk erabaki dituzte aurtengo irabazleak. Ebazpenen inguruko informazio guztia Irekian kontsulta daiteke.