Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Inauguratu dute Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentzia

IMG-20170719-WA0000.jpg

2017.eko uztailak 19

Ekitaldiak mundu osoko 79 herrialdetako 500 nekazari baino gehiago elkartu ditu egunotan Derion.

Agroekologia eta elikadura burujabea landuko dituzte, beste gai batzuen artean.

Landa Garapen eta Europako Politiketako zuzendari Irma Basterrak batzarra irekitzeko hitzaldietan parte hartu du.

Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentzia uztailaren 24ra arte elkartuko da Derioko apaiztegi zaharrean, “Gure herriak elikatuz mugimendua eraikitzen dugu, mundua elikatzeko!” lemapean. 500 nekazarik baino gehiagok hainbat gai eztabaidatuko dituzte egunotan, hala nola nekazaritzaren agroekologia, justizia klimatikoa, bakearen eraikuntza, hazien defentsa, nekazarien eskubideak edo politika publikoak.

Landa Garapen eta Europako Politiketako zuzendari Irma Basterrak batzarra irekitzeko ekitaldian parte hartu du, mintzaldi batekin, eta nabarmendu du Euskadin apustu argia egiten dela famili nekazaritzan oinarritutako agroelikadura eredu baten alde, izan ere, bere ezaugarriengatik, betidanik hori izan da gure baserritarren idiosinkrasiara, gure lurraldearen orografiara eta herrialdearen baldintza sozioekonomikoetara ondoen egokitu den eredua.

Basterrak honela definitu du euskal nekazaritzaren eredua: “belaunaldi gazteen etorkizuneko lana bermatzea bilatzen duen nekazaritza, lurraldea modu orekatuan eta errespetuz kudeatuz ingurune naturala zaintzeko, eta kalitatea aldarrikatuz bere nortasunaren ezaugarri moduan, herrialdearen kultura gastronomikora bereziki lotuta”.

Nekazaritzaren balorazio sozialari esker, Euskadin erakundeek aitortu egin dute gure nekazaritza sektorea, gure ekonomiarako sektore estrategiko moduan, balio kate osoak euskal BPGari egiten dion ekarpena %10ekoa baita. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzan hainbat egitasmo abiarazi dira gai horietan, esaterako, Nirea programa, Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Plana, baldintza higieniko sanitarioen egokitzapena edo 16. Neurria: Lankidetza.

Via Campesinaren VII. Konferentzia uztailaren 23an itxiko da. Ordura arte, hainbat hitzaldi emango dira batzarrean eta datozen lau urteetarako erabakiak hartuko dira modu asanblearioan, zeinak Via Campesinak argitaratuko dituen Konferentzia amaitu eta gero.

Hilaren 23an martxa bat egingo da Bilboko kaleetan barrena, bertaratutako guztien partaidetzarekin. Martxa Moyua plazatik irtengo da, 11:00etan, eta ekitaldi politiko batekin amaituko da, Plaza Berrian.