Igogailuaren eraikuntzak Irungo trenbide pasagunea kentzeko aukera emango du

2017.eko irailak 23

  • Gaur goizean martxan jarritako azpiegiturak segurtasuna bermatzen eta oinezkoen irisgarritasuna hobetzen du.
  • Eusko Jaurlaritzak 46 trenbide pasagune kendu ditu 2010-2016 epealdian, horietatik 13 Gipuzkoan.
  • 700.000 erabiltzaile dituen Irun-Coloneko geltokia Topo guztiko hirugarrena da bidaiariei dagokienez, Amarakoaren eta Anoetakoaren atzetik.

Igogailuaren eraikuntzak Coloneko geltokitik gertu zegoen Irungo trenbide pasagunea kentzeko aukera eman du. Gaur goizean martxan jarri den igogailuak segurtasuna bermatuko du eta oinezkoen irisgarritasuna hobetuko du, bai Topora eta baita inguruko kaleetara ere.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eta José Antonio Santano Irungo Alkateak gaur goizean egiaztatu ahal izan dute azpiegitura berriaren funtzionamendua. Igogailuak 200.000 euro baino zertxobait gutxiagoko kostua izan du, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, ETS erakunde publikoaren bitartez.

Ekintza hau, Eusko Jaurlaritzak joan-etorri intentsitate handia jasaten duten trenbide pasagune guztiak pixkanaka kentzen joateko aurrera daraman politikaren barruan kokatzen da, Hendaia-Donostia tren linean baitan. Arantxa Tapiak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak “zerbitzua eta segurtasuna hobetzen jarraitzeko” duen konpromisoa, Irungo trenbide pasagunea gaur behin betiko itxita geratzen dela egiaztatzean.

Euskal trenbide sareko trenbide pasaguneen egoera

Gaur egun, Euskal Trenbide Sareak kudeatzen duen sareak 115 trenbide pasagune ditu, horietatik 74 Bizkaian eta 41 Gipuzkoan.

2010 eta 2016 artean, Eusko Jaurlaritzak 771,75 milioi euro inbertitu ditu bere esku dagoen trenbide sarea hobetzeko lanetan. Kopuru horren barruan azpiegitura eta material mugikorra jasotzen da. Trenbide pasaguneei dagokienez, 2010-2016 epealdi horretan 46 trenbide pasagune kendu dira, horietatik 13 Gipuzkoan.

Zerrenda horri, Irungo trenbide pasagune hau eta une honetan egiten ari den Zarauzko Santa Klarakoa kentzea gehitu behar zaio. Bizkaian, aste honetan bertan kendu da Zaratamoko trenbide pasagunea, lanak egiten ari dira Derion, eta denbora gutxi barru lizitatuko da Lasarmintegikoa (Usansolo).

Lanen deskribapena

Mourlane Mitxelena kalean igogailua eraikitzean, kale horretan bertan dagoen eta eskailera maldatsuen bitartez gainditzen den 6,60 metroko koten arteko aldea gainditu da. Horrela, inguru horretako irisgarritasuna hobetu egingo da Juan Arana eta Mourlane Mitxelena kaleen eta trenbidearen arteko gurutzaketa erraztuz. Orain arte, maila aldaketa hori gainditzeko, eskailerak erabiltzeaz gain, Colonetik gertu zegoen trenbide pasagunea erabiltzen zen.

Azpiegitura berria martxan jartzean bi helburu lortu dira: alde batetik, irisgarritasuna hobetzea, eskailerak, 8 pertsona hartzeko ahalmena duen igogailu panoramikoarekin osatuz; eta bestetik segurtasuna bermatzea, trenbide linea garrantzitsu batean asko erabiltzen zen oinezkoentzako trenbide pasagunea kendu baita. Beraz, igogailuaren eraikuntzak puntu beltz hori kentzeko aukera eman du.

Coloneko geltokiko bidaiari kopuruak gora egin du

2016an 700.000 erabiltzaile izan zituen Irun-Coloneko geltokia Topo guztiko hirugarrena da bidaiariei dagokienez, Amararen eta Anoetaren atzetik. 2017ko urtarrila-abuztuko datuak aztertzen baditugu, dagoeneko 501.376 erabiltzaile daramatzala ikus dezakegu, eta iazko epealdi berean 465.890 erabiltzaile zeramatzan.

Euskotrenek kudeatzen duen Topoaren lineak 7.788.513 bidaiari izan zituen 2016an, eta 2017. ekitaldiaren amaierarako aurreikuspenak baikorrak dira.

Tapiak adierazi duenez, “%7,6ko hazkunde horrek, irundarren artean Colon-eko Topoaren geltokiak oso onarpen maila handia duela berresten du”. Irun eta Donostia arteko tren eskaintza erreferentziazko eredua da: Topoaren zirkulazioa 15 minutuz behin lan egunetan, Renferen Aldirietako trenekin osatuz 30 edo 60 minutuz behin, trenari lehentasuna emanez eraginkortasun maila urriagoko beste garraiobide batzuen aurrean.

Lankidetza “hirugarren erraileko” lanetarako

Zabalera iberiarreko eta UIC estandarreko trenen zirkulazioa posible egiteko Hendaia eta Donostia – Astigarraga artean hirugarren erraila ezartzeko ADIF egiten ari den lanen ondorioz obrak egin behar izan dira Renfek zirkulatzen duen azpiegituran. Lan horiek 18 hilabete inguru iraungo dute Lezo-Errenteria arteko lehenbiziko fasean. Hirugarren erraila instalatzeaz gain, beharrezkoa izango da Gaintxurizketako tuneleko galiboa egokitzea. Hori dela eta, zirkulazioak trenbide bakarrean egin beharko dira eta, ondorioz, horrek eragina izango du linearen ahalmenean. 

Lanek irauten duten bitartean sor daitezkeen arazoak murrizteko, 2017ko apirilean Renfek eta Euskotrenek akordioa sinatu zuten. Akordio horri esker, Renferen garraio titulua duten erabiltzaileek Euskotrenen trenak erabili ahal izango dituzte Irun-Colon eta Pasaia arteko geltokietan. Horretarako, beste gauza batzuen artean, Renferen billeteak saltzeko makina instalatu behar izan da Euskotrenen Irun-Coloneko geltokian, eta informazio eta seinale zerbitzua ere martxan jarri behar izan da.

Renferen billetearekin Euskotrenen trenak erabiltzeko aukera martxan jarri denetik, 25.000 pertsona baino gehiagok erabili dute Topoa Renferen billetearekin.