Hilaren 28an itxiko da SPRIk berrikuntza ez-teknologikoa sustatzeko abiarazitako programaren deialdia

INNOBIDEAK-estrategia.jpg

2017.eko irailak 06

-        Innobideak laguntzen onuradun izan nahi dutenek informazio gehiago jasoko dute info@spri.eus helbidera idatzita eta 902702142 telefonora deituta

-        Programak 2,4 milioi euro banatuko ditu enpresak lehiakorrago izan daitezen beren berrikuntzako jardueretan

-        Innobideak estrategia global bat da, lau laguntza-ildo eskaintzen dituena:Kudeabide, kudeaketaren hobekuntzarako; Lehiabide, produktua eta merkatua dibertsifikatzeko; Pertsonak, langileen partaidetza bultzatzeko enpresan; eta Prestakuntza, aurreko hiru ildo horiek gaikuntzaren bidez indartzeko.

-        2016an Eusko Jaurlaritzak industria arloko 380 enpresak proposatutako 579 proiektu finantzatu zituen

 

 

 

Datorren irailaren 28an itxiko du Innobideak Programak enpresei diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia. Diru-laguntza programa horrek laguntza ematen die beren berrikuntza egoera (ez-teknologikoa) aztertu eta diagnostikatu nahi duten ETEei, jakin dezaten zein posiziotan dauden inguruarekin eta lehiakideekin konparatuta, eta laguntza ematen die baita ere hobetzeko eta hobeto lehiatzeko jarduerak abiarazteko.

 

Innobideak Estrategiaren onuradun izan daitezke antolakuntza arloko berrikuntzak garatzen eta erabiltzen dituzten euskal enpresen jarduerak. Enpresako arlo guztietan eragina dutenak, eta, zehazki, alderdi hauetan: kudeaketako eredu eta praktikak, hornitzaile, bezero, langile eta bazkideekiko harremanak eta horien parte-hartzea, nola erosten eta saltzen dugun, logistikarekin zerikusia duten kontuak, eta merkatu berrietara sartzeko edo aukera berriak identifikatzeko moduak.

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak, Spriren bitartez, 2,4 milioi euro jarri ditu euskal enpresen esku 2017ko deialdian, beren lehiakortasuna hobetu dezaten berrikuntza ez-teknologikoak aplikatuz beren kudeaketan, beren merkatuen birdefinizioan nitxo berriak bilatuz eta negozioaren optimizazioan formulak bilatuz pertsonek parte-har dezaten.

 

Innobideak estrategia lau laguntza-ildotan egituratzen da, erantzuna emateko ekimen berritzaileen bidez hodetu daitezkeen enpresa jardueraren hainbat alderdiri.

 

Lehiabide programaren helburua da produktu, zerbitzu edota merkatuko dibertsifikazioa ahalbidetzen duten banakako nahiz lankidetzako proiektuak bultzatzea eta enpresen tamaina handitzeko operazioak aztertu eta diseinatzea.

 

Kudeabide, programaren helburua da euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea, kudeaketa aurreratuaren metodologiak, tresnak eta printzipioak aplikatzen eta ezartzen lagunduz, hasierako kontraste baten bidez, eta proiektu espezifikoak ezarriz.

 

Eusko Jaurlaritzak lideratutako programa hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin elkarlanean garatzen da, eta EUSKALITen laguntza ere badu.

 

Pertsonak. Langileek enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan parte hartzea sustatzen du, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko. 

 

Azkenik, Prestakuntza ekimenak prestakuntza-moduluak eskaintzen dizkie enpresetako profesionalei, Kudeaketa Aurreratuaren giltzarriak ezagutu eta inplementatu ditzaten. Programa hori doakoa da eta urte osoko prestakuntza eskaintzen du.

 

Innobideak Estrategiak industria arloko 380 enpresak proposatutako 579 proiektu onartu zituen 2016an. Enpresa horietako gehienek 50 lanpostu baino gutxiago dituzte. Enpresa horien guztizko fakturazioa 2.619 milioi eurokoa da eta EAEko industri arloko BPGren 17,46 ordezkatzen dute.