Gobernu Kontseiluak onartu du Euskal Kultura Ondarearen Legearen aurreproiektua, kultura-ondasun immaterialen babesean aurrerapausoak ematen dituen proposamena (Gobernu Bilera 2017-07-18)

logoconsejo.jpg

2017.eko uztailak 18

Proiektu berriak ondasunak 13 kategoriatan banatzen ditu; horien artean, kultura-paisaiak, ibilbideak edo kirol tradizionalak daude

Gobernu Kontseiluak Euskal Kultura Ondarearen Legearen aurreproiektua onartu du, babes-eredu eraginkorragoa sustatzeko eta kultura-ondasun immaterialei balioa emateko helburuarekin. Proposamenak kultura-ondasunen kategorizazio berria sartzen du, eta horiek hiru ataletan zehaztuta geratzen dira: ondare higiezina, higigarria eta kultura-ondare immateriala. Hiru arlo horien barruan, 13 kategoria proposatzen dira, euskal kulturaren zati diren adierazpen eta ohiturak barne hartzeko. Aurreproiektuak, halaber, Euskal Kultura Ondarearen Erakundeen arteko Organoa sortzea aurreikusten du, euskal administrazio publikoen arteko lankidetza antolatzeko ardura hartuko duen erakunde bat. Aurrerantzean, Legebiltzarreko taldeek eztabaida irekiko dute eta ekarpenak egingo dizkiote dokumentuari, Lege berriak ahalik eta adostasunik handiena izan dezan. 

Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legea onartzean, Euskadi bere kultura-ondarearen defentsa, aberastasuna, zabalkundea eta sustapena bermatzen zuen ordenamendu juridikoa sortzen erkidego aitzindarietako bat izan zen. Lege berriak kultura-ondarearen kontzeptuak azken urteotan izan duen bilakaerara egokitu nahi du, bai eta ondare horren kudeaketa integrala, ikerketa, kontserbazioa eta zabalkundea hobetu ere.    

Ondasun immaterialak

Aurreproiektuak “gure erkidegoaren kultura-herentzia osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak” jasotzen ditu euskal kultura ondarearen barruan. Horrela, errealitate immaterialen aukera zabala ere barne hartzen da (higiezinak edo higigarriak) eta hainbat motatako errealitate immaterialak aintzat hartzen dira. Zehazki, eremu horretan ditu Legeak nobedade nagusiak. Helburua da ondasun immaterial ugari barne hartzea: “ahozko tradizioak, ikuskizun-arteak, usadio sozial erritualak, jai-ekitaldiak, naturari eta unibertsoari buruzko jakintza eta praktikak, edota eskulangintza tradizionalari lotutako jakinduria eta teknikak”. 

Aurreproiektuak kultura-ondasunak bereizten dituen funtsezko hiru arloak zehazten ditu:

-  Kultura-ondare higiezina: lursailari lotuta egoteagatik leku batetik bestera eraman ezin diren kultura-ondasunak dira (legearen 48. artikuluak salbuespenezko zer kasutan lekualdatu daitezkeen arautzen da).

-  Kultura-ondare higigarria: kultura-identitatea galdu gabe lekualdatu edo mugitu daitezkeen kultura-ondasunetarako.

-  Kultura-ondare immateriala: eremu berri horretan euskal kulturaren osagaitzat jotzen diren eta arbasoengandik jaso eta ondorengoei transmititu dizkiegun tradizio edo adierazpide biziak.

Orain arteko banaketak lau arlo finkatzen ditu:  ondasun higiezinak, higigarriak, arkeologikoak eta etnografikoak. Banaketa nahasiagoa da, eta ez da hain operatiboa suertatu; izan ere, ez zuen berariaz aitortzen ondare immateriala (atal etnografikoak eman zezakeen horrelakoak babesteko aukera) eta arloak gainjarri egiten ziren (ondare arkeologikoa eta etnografikoa higiezinak edo higigarriak ere izan daitezke). 

Kategoria gehiago

Bestalde, kategoriei dagokienez, orain arte egon diren hiru esparrutatik (monumentua, monumentu-multzoa eta kultura-espazioa) 13tara zabalduko da Legea. Helburua da ondasunen artean egon daitekeen aniztasunari hobeto heltzea eta orain arte izan zitezkeen arazoak saihestea:

Ondasun higiezinen eremuan, honako kategoria hauek jasotzen dira: 

  1. Monumentua.
  2. Monumentu-multzoa.
  3. Eremu arkeologikoa edo paleontologikoa.
  4. Leku historikoa.
  5. Kultura-paisaia eta lorategi historikoa.
  6. Kultura-ibilbidea. 

Ondasun higigarriak direla eta, bi kategoria jasotzen dira: 

     7.  Banako ondasun higigarria.

     8.  Ondasun higigarrien multzoa. 

Azkenik, kultura-ondare higiezinaren barruan bost kategoria jasotzen dira: 

      9. Kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpenak, hizkuntza kultura-ondare immaterialaren eragile gisa barne.

     10. Ikuskizunaren arteak.

     11. Usadio sozialak, erritualak, jai-ekitaldiak eta kirol tradizionalak.

     12. Eskulangintzari buruzko jakintzak eta teknikak.

     13. Elikadura-moduak eta sukaldaritza sistemak. 

Babes-mailei dagokienez, arau berriak ez du babes-maila kopuru bera proposatzen arlo ezberdinen artean, 1990eko Legean ez bezala. Hiru babes-maila proposatzen dira kultura-ondare higiezinean: babes bereziko kultura-ondasunak, erdi-mailako babeseko kultura-ondasunak eta oinarrizko babeseko kultura-ondasunak. Ondasun higigarrien kasuan, nahikotzat jo da bi babes-maila bereiztea: berezia eta erdi-mailakoa. Azkenik, ondasun immaterialetarako babes-maila bakarra bereiziko da; izan ere, kasu honetan, helburua ez da erabileren arauketa eta baimena, baizik eta ondasun horien erkidego eramaileei laguntza ematea, autentikotasunari eusteko eta transmisioa bermatzeko. 

Erakundeen arteko koordinazioa

Kontuan hartuta erakunde eskudunak Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak direla, Legeak erakunde bakoitzaren eskumenak zehazten ditu. Era berean, Euskal Kultura Ondarearen Kontseilua eta Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoa sortzea aurreikusten da. Lehenengoak kontsulta- eta aholkularitza-zereginak izango ditu; bigarrenak erakundeen arteko eta sail zein sektoreen arteko jarduketak koordinatzeko beharrari erantzuten dio. 

Lege-proposamen berriaren beste ekarpenetako bat ondasun babestuetan errespetatu beharreko esku-hartze irizpideekin lotuta dago; egungo Legeak ez baitu ia aurreikusten hori. Lege-proposamenak zortzi artikulutan formulatzen ditu babes bereziko eta erdi-mailako babeseko kultura-ondasunetan esku hartzeari dagokionez kontuan hartu behar diren irizpideak. Oinarrizko babeseko ondasunen kasuan, babes-irizpideak dagokion udaleko hirigintza-tresnaren bidez arautzen dira. 

Gaur egungo egoera

Euskadin, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen bitartez, 12.089 ondasun daude babesturik. Horien artean, 12.008 ondasun higiezinak dira, arkitektonikoak (5.779) eta arkeologikoak (6.229); ondasun higigarriak, 80 dira (guztiak elizetako erretaulak). Ondasun inmaterialari dagokienez, etnografikoen atalean herri-arkitekturarekin loturiko ondasunak babestu diren arren (errotan, baserriak, burdinolak…), oraindik ez da gauzatu inolako ondasunen babesik (hasierako txostenak egin badira ere).