Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

"Go!azen" telesailak badu bere APPa, transmedia proiektu berritzaile baten barruan

Goazen_media.jpg

2017.eko urriak 30

'Go!azen' telesailak pausu bat aurrera egin du eta, denboraldi berri honetan, mugikorretarako APP bat aurkeztu du, transmedia proiektu zabalago baten barnean. Gizartearen ohitura berriei jarraituz, telebistatik jauzi egin eta beste gailu batzuetara ere iritsi nahi da. Hori dela eta, webgune ofizialeko edukiak sendotu ditu, sare sozialetan duen presentzia handitu du, eta orain APP bat ere izango du.

APPa bultzatzearen ahaleginean Euskal Telebistarekin batera Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza daude. Guztiek bat egiten dute asmo nagusietan: euskararen presentzia sarean eta ikus-entzunezkoetan areagotzea, euskararen erabilera gaztetxeon artean sustatzea, bide berriak jorratzea eta ‘Go!azen’ marka arrakastatsua ikasturte osoan bizirik eustea. Aplikazioa gauzatzeko, aurretik aipatutako erakundeez gainera, Pausoka ekoiztetxearen, eitb.eus-en, Mondragon Unibertsitatearen eta Goienaren parte-hartzea beharrezkoak izan dira.

Astelehen honetan izan da APParen aurkezpena Donostian eta bertan, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunaren zuzendariak, Josu Bilbao ETBKo fikziozko edukien arduradunak, Xabi Zabaleta Pausokako Proiektuen zuzendariak eta ‘Go!azen’eko Miren Arrieta eta Inma Fernández aktoreek hartu dute parte. Ekimen berri hau, ‘Go!azen telesailaren denboraldi berriaren atarian aurkeztu da, azaroaren 3an hasiko baitira ETB1en atal berriak.

‘Go!azen’eko aplikazio berria iOs eta Android sistema eragileak dituzten mugikorretarako garatu da eta eskuragarri dago dagoeneko APP Store edo Play Store dendetan. Erabat doan da eta denda horietan, Go!azen edota EiTB hitzak jarrita, modu errazean aurkitu daiteke.

Fikzioa telebistatik harago

Aplikazio honetan beste inon ikusi ezingo diren edukiak izango ditu eskura erabiltzaileak: Altxor Ezkutua bideo bereziak. Horiek ikusi ahal izateko, ostiraleroko emisioari adi egon beharko dute jarraitzeek, telesailaren emisioan zehar emango diren kode batzuen bidez soilik desblokeatu ahal izango baitira bideoak.

Hala ere, berrikuntza nagusiena fikzioa telesailetik bertatik harago eramango dela da. Aplikazioko Go!atsapp atalaren bidez, pertsonaia nagusiek dituzten elkarrizketak eta haiek lagunekin partekatzen dituzten bideo eta argazkiak ikusi ahal izango dituzte APPa jarraitzen duten erabiltzaileek.

Horrez gainera, telesailaren atal guztiak eta ataletako karaoke bideoak ere ikusi ahal izango dira aplikazio honen bidez.

Transmedia proiektua

‘Go!azenen APPa ‘Go!Azen’en transmedia proiektuaren barruan kokatu behar da. Transmedia proiektu honen ardatzak bateko Go!azen eta bere unibertsoa zabaltzea eta indartzea da, eta, besteko, gazteak dauden tokietara hurbildu eta haien hizkuntza erabiltzea. Halaber, aplikazioaren bidez, ‘Go!azen’ komunitatea sortu nahi da eta interaktibitatea eragin.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak horrelako proiektuen garrantzia nabarmendu du euskara gazteen artean eta ingurune digitalean sustatzeko. “Euskararen erabilera sustatu nahi badugu, kontuan hartu behar ditugu gazteak eta haien ohiturak, baita ingurune digitala ere. Gaur aurkeztu dugun proiektu berritzaile honek arlo hauetan jarraitu beharreko bidea erakusten digu. Produktu erakargarriak eta erreferentzialak bultzatu behar dira gazteengana ailegatzeko”, adierazi du.

Mikel Irizarrek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Go!azen-ek egindako ibilbidea txalotu du, “gaztetxoen entretenimendua modu kitzikagarrian eta erakargarrian euskaratik eta euskaraz” egiteko garaian lortutako arrakastagatik. “Orain pauso berri bat eman du telesailak, edukiak ohiko telebista kanaletatik beste euskarri batzuetara bideratuz, modu berritzailean, eta horrek bide berri bat zabalduko du euskarazko ikus-entzunezkoentzako”, adierazi du, eta horregatik Aldundiak bultzatzen duen ikus-entzunezko laborategiaren baitan babesa jaso du proiektu honek.