Gauzatu 2017 programa hazi egin da, eta 28 milioi euro ditu enpresa txikientzat eta ertainentzat

2017.eko maiatzak 22

  • Ekainaren lehen hamabostaldian jarriko da indarrean, eta Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du garrantzi handikoa dela inbertsio-proiektuak behar besteko aurrerapenez prestatzea.
  • 2000. urtean hasi zenetik, Gauzatu programak 2.010 milioi eurotik gorako inbertsio pribatua eragin du, baita kalitateko 13.400 enpleguren sorrera ere.
  • Vitoria-Gasteizko Burdinberri enpresara egindako bisitan, Tapiak nabarmendu du enpresa txikiak eta ertainak gure industriaren bihotza direla, enpresa “ikusezin” diren aldetik.

Eusko Jaurlaritzak Gauzatu 2017 industriari laguntzeko programaren beste deialdi bat jarriko du abian, 28 milioi euroko zenbatekoarekin, hau da aurreko urteetako deialdietan baino bi milioi gehiagorekin. Ekainaren erdialdetik aurrera izango da indarrean, baina Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ohartarazi du garrantzi handikoa dela enpresa interesdunak proposamenak prestatzen hastea eta haien inbertsio-proiektuak behar besteko aurrerapenez aurreikustea.

Programa egonkorrenetako bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txikiek eta ertainek gehien estimatzen duten programetako bat. Kreditu itzulgarriak emanda, inbertsio pribatu berriak sustatzen ditu eta, hartara, berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa ekartzen du, baita enpleguaren sorrera ere.

2000. urtean programa aitzindari izan zena —gaur egun Europako herrialdeetan eta eskualdeetan hedatu da— 2017an indarrean dirau, baina, jakina, enpresa txikien eta ertainen beharren araberako ikuspegi eguneratuarekin, euskal industriak azken 17 urte hauetan bilakaera handia izan baitu.

16 urte hauetan, Eusko Jaurlaritzak 469 milioi euro zuzendu ditu kreditu itzulgarrietarako, eta horrek 2.010 milioi eurotik gorako inbertsio pribatua eta 13.390 enplegu berrien sorrera eragin du.

Gauzatu programaren helburu nagusiak dira:

  1. Garatzeko eta merkaturatzeko zailtasunak eta dituzten industria-balio handiko enpresen aldeko diskriminazio positiboa egitea.
  2. Kalitate eta balioi erantsi handiko inbertsio pribatuak sustatzea, kreditu itzulgarrien bidez.
  3. Enplegu berria sortzea eta gaur egun dagoena mantentzea.
  4. Berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa sustatzea, azken urte hauetako bilakaera teknologia kontuan izanik.
  5. Enpresei laguntzeko finantzaketa-tresnen eta -ereduen eskaintza indartzea —Administrazioak, aldi berean, baliabide berreskuragarriak eta birziklagarriak izateko aukera izango du.

Gauzatu 2017 programaren berritasunak eta ezaugarriak

Gauzatu 2017 programak balorazio-irizpide berri bat hartuko du kontuan, eta, beraz, inbertsio-zenbatekoaz eta enpleguen sorreraz gain, aintzat hartuko ditu 4.0 industriarekin lotzen diren inbertsioak.

Era berean, bereziki kontuan izango dira berrikuntza ez teknologikoko irizpideak, hala nola erantzukizun sozial korporatiboko politikak, berdintasun-planak, euskara-planak, berdinkatze-planak, kudeaketa aurreratua eta langileen partaidetza-planak.

Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa izan behar dute, eta, aldi berean, enplegua mantentzea eta/edo sortzea ekarriko dute, gehienez 36 hilabeteko epe batean. Eusko Jaurlaritzak enpresa berri horiei ematen dien laguntzak gehienez inbertsioaren % 35 izan beharko du, eta proiektuko 1,5 milioi euroko inbertsioa izango da gehienez.

Enpresa txikiak eta ertainak: enpresa “ikusezinak”, enpresa-ehunaren bihotza

Vitoria-Gasteizko Burdinberri enpresari egindako bisitan, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak jakinarazi du deialdia ekainaren lehen hamabostaldian irekiko dela eta, beraz, enpresak haien proiektuetan lanean has daitezkeela jada.

Bisitaldian Tapia sailburuarekin batera izan dira Javier Zarraonaindia Industriako sailburuordea eta Alejandro López Cárcamo Industria Garatzeko zuzendaria. Tapiak gogorarazi duenez, industriari laguntzeko programen osotasuna enpresa txikiei eta ertainei soilik zuzentzen zaie, eta enpresa horiek dira Euskadiko enpresa-ehunaren bihotza.

Gaur bisitatzen ari garen Burdinberri enpresaren moduko enpresak dira industria osagarriaren errealitatea, “lehen kalitateko” hornitzaileen sarea ehotzen dutenak eta enpresa traktore handiagoak elikatzen dituztenak. Enpresa handi eta traktore horiek izenez eta dimentsioz ezagunagoak diren arren, Burdinberri enpresaren moduko enpresa osagarriei esker dira gaur egun direna.

Eusko Jaurlaritzak babes-keinu berezia egin nahi izan die, gizartean “ikusezin” diren arren, aitorpena merezi duten milaka enpresei.

Burdinberri

Burdinberri enpresak 64 langile ditu eta Vitoria-Gasteizen kokatzen da. Kalitate handiko mekanizazioa eskaintzen die teknologia intentsiboko sektoreei, batez ere aeronautikako sektoreari.

Enpresaren  jarduera tresneria aeroespazialean oinarritzen da (ingeniaritza, mekanizazioa eta abian jartzea) eta zuzenean lan egiten du Aernnova edo Areva moduko bezeroentzat. Airbusaren tier-1 hornitzaileenartean dago.

Burdinberrik, etengabe eguneratzeko ahaleginaren barruan, eta inbertsio-plan zorrotzen bidez, 6 milioi euro bideratu ditu beste nabe bat gaitzeko. Nabe horretan ahalmen eta onura teknologiko handiko 3 fresatzeko makina instalatu ditu.