Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Gaurtik aurrera salgai egongo da Eroskin "Euskal Untxia" untxi okela, euskal abeltzainek ekoitzia, Eroskiren "Natur" markarekin

Argitalpen-data: 

• Kooperatiba aitzindaria da Euskal Herrian ekoizten den untxi okelaren salmentan, eta hitzarmen honekin konpromisoa hartzen du “Euskal Untxia” untxiaren salmenta bultzatzeko eta laguntzeko bere dendetan.

euskal_untxia.JPG

• Gaur aurkeztu da EROSKI Natur Euskal Untxia markako untxia, Euskal Herriko Untxi hazleen Federazioak ekoitzitakoa. Federazioan Euskal Herriko 22 abeltzain biltzen dira.

EROSKIk eta Euskal Herriko Untxi hazleen Federazioak Euskal Herrian ekoizten den eta gaurtik aurrera Eroskiren establezimenduetan salgai egongo den untxi okela, “Euskal Untxia”, sustatzen eta saltzen laguntzeko adostutako lankidetza hitzarmena aurkeztu dute. Eroski aitzindaria da Euskal Herrian ekoizten den untxi okelaren salmentan, eta hitzarmen honekin konpromisoa hartzen du “Euskal Untxia” untxiaren salmenta bultzatzeko eta laguntzeko, bere “EROSKI Natur” markarekin.

Hitzarmenaren bitartez, eta EROSKIk sektore horren egonkortasunaren alde hartutako konpromiso gisa, EROSKIk Euskal Herriko Untxi hazleen Federazioko 22 abeltzainentzat datozen 2 urterako finkatu duen erosketa prezioa egungo ekoizpen kostuaren gainetik dago.

Hitzarmenaren berri emateko eta Eroski Natur Euskal Untxia markako untxia aurkezteko, gaur goizean ekitaldi bat egin da Garberako Eroski hipermerkatuan. Ekitaldian parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Nekazaritzako Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, EROSKIko ordezkariek, Euskal Herriko Untxi hazleen Federazioko lehendakari Xabier Arriolabengoak eta Gestora Cunícula del Norte erakundeko Javier Arrietak.

Oroz sailburuordeak adierazi du hitzarmena lehen sektore profesional, lehiakor eta estrategiko baten apustuaren zati bat dela, hau da, abeltzaintzaren sektorearen apustua, eta ekarpen garrantzitsua dela Euskadiko elikagaien ekoizpenaren garapenerako, sustapenerako eta salmentarako. “Honen moduko ekimenak funtsezkoak eta garrantzitsuak dira, izan ere, ekoizpen sektoreari Euskadiko etxe askotara iristeko aukera handiak eskaintzen dituen merkaturatze kanal bat indartzea ahalbidetzen diote” – gaineratu du.

Hitzarmena berriki aurkeztu den Euskadiko Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren ildo estrategikoetako batean sartzen da, zehazki tokiko produktua bultzatzeko, enplegua sortzeko eta aberastasuna sortzeko lankidetza publiko-pribatuaren barruan. Gaurkoaren moduko hitzarmenen bitartez, plan honen asmoa da elikaduraren eta gastronomiaren balio kateak euskal BPGd-en duen pisua handitzea, eta lau urtean egungo %10,56tik %12ra igarotzea. Horrek 2.457 milioi euro inbertitzea eskatzen du.

Euskal Herriko Untxi hazleen Federazioko lehendakari Xabier Arriolabengoak, berriz, azpimarratu du “Eroski tokiko ekoizleen alde egiten ari den apustua sektorerako estrategikoa dela une honetan eta, bereziki, interesgarria dela ingurumena errespetuz tratatzen duten produktuak bereizten eta balioesten dituelako, esaterako, Euskal Untxia”.

EROSKI Natur Euskal Untxia

Euskal Herriko geografia osoan dauden untxi hazleek osatutako erakundea da Euskal Untxia. Jakinda zer garrantzitsu den ekoizpenaren kalitatea kontsumitzaileengana iristea, hazteko modu bat eta kontrol batzuk ezarri dituzte elkartutako granjetan, ingurumena errespetatzen duen eta kalitate gorena duen tokiko produktu bat lortzeko.

"Euskal Untxia" izeneko untxiak, ezaugarri nutrizional bereziak edukitzeaz gain, pentsu %100 begetalez elikatzen dira eta ingurumenarekin errespetutsuak dira; izan ere, beren Karbono aztarna okela gehienena baino txikiagoa da eta PAS 2050 arauaren arabera egiaztatuta dago, zeinak berotegi efektuko gasen igorpena neurtzeko metodoa deskribatzen baitu.

Untxiaren okela da kolesterol eta gantz gutxien daukana, kaloria gutxi ematen du (126 kaloria 100 gramoko) eta sodio kantitate txikia dauka eta potasio kantitate handia; horregatik, egokia da tentsio altua dutenen dietarako; horrez gain, burdina daukanez eta txahal okelak baino proteina gehiago duenez, hezurrak eta muskuluak garatzen laguntzen du.