Gasteizko Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroetako ikasleei egin die harrera Lehendakariak

2017.eko uztailak 13

"Elkarrizketa" defendatu du Urkullu Lehendakariak “tirabiratsutzat” jo duen une politiko batean

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José lagun zuela, Lehendakaritzan egin die harrera Gasteizko Nazioarteko Zuzenbidearen Ikastaroetako ikasleei eta arduradunei. Lehendakariak “elkarrizketa” defendatu du edozein haustura saihesteko tresna gisa, "tirabiratsutzat” jo duen une politiko honetan, Kataluniako egoera ikusita. Euskadin autogobernuan aurrera egitea da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, ziurtatu duenez.

Europaren balio fundazionalak aldarrikatuz eta errefuxiatuen drama humanitarioa ere gogora ekarriz eman dio hasiera Urkulluk bere esku-hartzeari, berriro ere azpimarratuz Europak "ezin diela bizkarra eman” bertan “itxaropenerako bide bat” ikusten duten pertsonei. Hala ziurtatu du gaur eguerdian Lehendakaritzako atrioan izan den ekitaldi batean, non ikastaroetako ikasleak ez ezik, horien bultzatzaileetako bat, Juan José Álvarez ere izan den, baita Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietakko zuzendaria ere, Mikel Antón, alegia.

Estatuan bizi den lurralde-gatazkaz ere jardun du Lehendakariak. Bere iritziz, Espainiako Gobernuari dagokio egoera hori bideratzea eta Estatu-ereduak “berriz konfiguratzeko premia" duela aitortzea. Horretarako, orain dauden elkarrizketa-foro politikoak baliatzeko eskatu du, esparrua izan behar dutenak “Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko gizarteen gehiengoaren nahiak" bateragarri egingo dituen irtenbide bat lortzeko.

Bere iritziz, legezkotasunak ”ezin du hertsitu”; horren ordez, arazo politikoak ebazteko balio behar du, baita Euskadin ere, non instituzioen eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, adierazi duenez, "bere nazio-estatusa" aitortua izatean datzan, autogobernuan eguneratu eta aurrera egitean. “Erantzukizun instituzional bat dugu eta guri dagokigu, ezeren gainetik, edozein haustura sozial edo politiko saihestea", adierazi du.

Ekonomiaren arloan, euskal enpresa batzuk zailtasun ekonomikoak izaten ari direla aitortu du Lehendakariak, eta adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza "gertutik" heltzen ari zaio egoera horri. Hala ere, "ikuspegi katastrofisten" aurrean ez makurtzeko eskatu du. Hala, Euskal Exekutiboaren eredu ekonomikoa eta industriala defendatu du, adierazi duenez, langabezia % 10etik behera murriztea ahalbidetuko duena.