Iñigo Urkullu Lehendakariak Gasteizko Artium Museoa bisitatu du, "Euskadiko kultura erreferentzia nagusietako bat"

Argitalpen-data: 

Santos Iñurrieta arabarraren erakusketa ikusi ahal izan du eta euskal kulturak zein arteak bizi duten momentu ona nabarmendu du          

Iñigo Urkullu Lehendakariak Gasteizko Artium Museoa bisitatu du gaur, eta han nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa euskal sortzaileekin, baita kulturak eta arteak Euskadin bizi duten momentu ona azpimarratu ere. Bisita honetan, Lehendakariak ikusi ahal izan du Museoaren bildumako lanez osatutako ‘Artea eta (Artearen) Sistema’ erakusketa; ‘Kartografia likidoak’ Zygmunt Baumanen ideien inguruko 12 artisten zeharkako irakurketa; eta Santos Iñurrietaren ‘Ondo Ibili’ margolanen bilduma.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; eta Arabako Euskera, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez e Luna izan dira, Lehendakariarekin batera, gaurko bisitan. Museoaren patronatuko zenbait kide ere izan dira ekitaldian, beste zenbait agintarirekin batera. Lehendakariak Artiumen garrantzia azpimarratu du, eta Euskadiko kultura-erreferentzia nagusienetako bat dela gaineratu du.

“Orain dela bi hamarkada, bi mendeen arteko bidegurutzean, euskal erakundeek gure gizartea berriz ere asmatzearen aldeko apustua egin zuten. Momentu hartan kultura, museoak eta artea herri apustuetako bat bihurtu ziren. Apustu sendo horrek ‘Artium’ izena hartu zuen Araban, hauxe izan baitzen proiekturik nabarmenena lurralde honetan. Kultura eta artea Euskadi eraldatzeko tresna bilakatu ziren; bai hirigintzaren ikuspegitik, bai eta gizarte- zein ekonomia-mailan ere. 15 urte igaro dira Museoak bere ateak zabaldu zituenetik eta denbora honetan 1.362.000 lagunek 185 erakusketa ikusteko aukeratu izan dute”, adierazi du.

Horrela, Lehendakariak Museoaren berezko bildumaren zein aldi baterako erakusketen kalitatea azpimarratu du: “Artium Museoari esker Chillida, Oteiza, Zumeta edo Ameztoyen obra bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu, baita Picasso, Dalí, Miró Barceló edota Tapiés bezalako artistena ere. Horrekin batera, Museoak Mieg, Ortiz de Elguea, Santos Iñurrieta edota Ruiz de Infante artista arabarren obra hurbildu ohi digu, azken honen lanak laster ikusi ahal izango ditugu eta”.

Azkenik, Santos Iñurrietaren obraren aurrean, Lehendakariak euskal kulturak bizi duen egoeraz hitz egin du. “Euskal kulturak eta arteak momentu goxoa bizi dute; eta Artium Museo honetan, urte berriaren atarian eta elkarrekin, kulturaren eta artearen aldeko apustu sendoa  berretsi nahi izan dugu”.

Bestalde, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak, Lehendakaria Artiumera bertaratu izana eskertu ondoren, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak 15 urte hauetan izan duen ibilbidea azpimarratu du. “Artiumek posizio nabaria lortu du arte garaikidearen esparruan; bai sektoreko profesionalen artean, bai antzeko ezaugarriak dituzten erakundeen artean. Seguru nago lan horrek emaitza positiboak ematen jarraituko duela; artearen eta ondarearen esparruan ez ezik, hezkuntzaren  eta gizartearen arloan ere bai. Izatez, lau giltzarri horiek osatzen dute Museo honen izateko arrazoia”, adierazi du.