Eusko Jaurlaritzaren helburua da "Euskadi enpresa-ekimen berriak sortzeko eta garatzeko toki egoki gisa posizionatzea"

Aitor Urzelai

2017.eko urriak 17

-        Aitor Urzelaik B-Venture ekitaldian azaldu ditu datozen 4 urteetarako ekintzailetzako helburuak

 

 

Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak, ekintzailetzari buruzko B-Venture ekitaldiaren irekiera saioan esan du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela "Euskadi enpresa-ekimen berriak sortzeko eta garatzeko toki egoki gisa posizionatzea". Urzelaik esan du Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 Ekintzailetza Planaren helburuak direla "negozio berrien sorkuntza bultzatzea, startup berriei hazten laguntzea eta ekintzailetzako ekosisteman eragina duen guztia lantzea".

 

Aipatzekoa da Planaren xedea dela esparru komun bat izatea euren lehentasunen artean ekintzailetza jasotzen duten EAEko instituzio guztientzat lehentasunak planifikatu eta finkatzeko. Ekintzailetzari laguntzeko 300 ekintza baino gehiago biltzen ditu, eta onlineko gordailu bakarra sortuko da UP Euskadi atari berrian.

Plan horri lotutako aurrekontu publikoa 72,5 milioi eurokoa da 2017an. Hala, aurrekontu hori estrapolatuta eta 2020ra arteko gehikuntza-aurreikuspena kontuan izanda, 295 milioi euroko aurrekontua aurreikusi da 2017-2020 Planerako.

Planaren barruko ekintzak eta aupadak ekintzailetza-ekosistema baten testuinguruan gauzatuko dira. EAEn, ekosistema horren bereizgarri da proiektuen biziraupen luzea: gizonak eta emakumeak prestatuta daude ekiteko; instituzioek etengabeko laguntza ematen dute 80ko hamarkadatik; babesa ematen zaie askotariko ekintzailetza-kolektiboei; eta sektore pribatua gero eta interes eta babes handiagoa erakusten ari da.

Koordinazio operatiboko batzorde bat ezarriko da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkariekin, SPRIrekin, eta BIC osoarekin; hau da, BIC Araba, BIC Bizkaia, BIC Bizkaia Ezkerraldea eta BIC Gipuzkoarekin, baita ere etorkizunerako ekimen berriak lantzeko bereziki sortutako lan-taldeekin.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendariak azpimarratu du asmo dela Euskadi enpresa-ekimen berriak sortzeko eta garatzeko toki egoki gisa posizionatzea, eta gogora ekarri du zeregin horretan paper garrantzitsua duela startupak azeleratzeko BIND 4.0 programak, bere bigarren edizioan 57 herrialdetako 385 eskaera jaso dituenak. "Hautatutako startupek -adierazi du Urzelaik- bere lehen bezero bezala izango dute Euskadin kokatutako enpresa industrial handiren bat, hala nola, Iberdrola, Repsol, Mercedes, ABB, Michelin edo, besteak beste, Gestamp".