Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Iruñeko "948 Merkatu"-ra eraman du Sormen eta Kultura Industrien aldeko bere apustua

948merkatua.jpg

2017.eko azaroak 15

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila presentzia nabarmena izaten ari da egunotan Iruñean ospatzen ari den 948 Merkatuan. Kultura eta Sormen Industrien aldeko bere apustua ezagutarazi aldera eta beste zenbait arlotan ere egiten ari dena hurbiltzeko asmoz,  Jaurlaritzak hainbat jardunaldi antolatu ditu Nafarroako Arteen Merkatu honetan. Bingen Zupiria sailburua ere Iruñean izan da gaur, eta beste zenbait erkidegoetako kultura kontseilariekin bildu da.

Aurten, lehen aldiz antolatu da 948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatua; honen helburua da Foru Komunitatean kulturaren esparru profesionalean garatzen ari den lan artistikoa beste lurraldeetako banatzaile eta eragile kulturalei aurkeztea. Honako diziplinetan dago ardaztuta: zinema eta ikus-entzunezkoak; arte eszenikoak (antzerkia, dantza, zirkua...), musika; disko, liburu eta beste euskarrien argitalpena; arte plastikoak eta ikusmen-arteak; sormenaren eta kulturaren beste industriak (prototipo artistikoak, moda, diseinua, arkitektura eta lanbide berriak).

Antolakuntzatik azaldu dutenez, epe ertainera "948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatuak, erreferentziazko hitzordua izan nahi du Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa-Akitainiak osatutako euro-eskualdeko arteen merkatu estrategiko gisa”. Era berean, “produktu kulturalen jario eta elkartrukearen errazte-gunea izan nahi du herrialde eta eskualdeen artean, Espainia zein Frantziako eragile kulturalei irekita egongo da”.

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirola eta Gazteria Sailarekin bultzatutako elkarlanari esker, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura eta Sormen Industrien inguruko jardunaldi hauek antolatu ditu, Baluarte Jauregian. Sailburuarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Arzalluz Etxepare Institutuko zuzendaria edota Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria izan dira.

Hauexek izan dira gaur Baluarten izandako hitzaldietan jorratutako gaietako batzuk:

 

  •  Kultura eta Sormen Industrien bide-orria lurralde-garapena lortzeko Europan.
  •  Euskal zinearen sistema: osoko ikuspegia (Zineuskadiren eredua).
  • Mugaz gaindiko proiektuak etorkizunean.
  • Aquitaine.eus 2018-2019 egitasmoa.
  • Focus Group Cultura Euroregion. 2014-2020 Plan Estrategikoa.
  • Garapen ekonomikorako aukera berriak Kultura eta Sormen Industrietatik.
  • Euskal Herriko Musika Bulegoa eta bere jarduera: Bi urteko balantzea.

Bihar ondoko gaiak jorratuko dira:

  • Kultura eta Sormen Industriak berrikuntza sustatzeko.
  • Musikaren etekin kultural eta ekonomikoak.
  • Dantzan Bilaka: testuinguru bizia koreografiaren inguruko sormenerako.
  • Kultura Institutuak garapenerako pizgarri bezala: nazioartekotzea.
  •  Arte Eszenikoen itunpeko zirkuitua.

Zupiria sailburua, besteak beste, honako agintariekin bildu da gaur: Manu Ayerdi Nafarroako presidenteordea, Ana Herrera Nafarroako Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilaria, Eduardo Rodríguez Errioxako Kultura eta Turismo zuzendari orokorra; eta Maider Beloki Iruñeko Udaleko Cultura eta Hezkuntza zinegotzia. Akitania Berriko kultura arduraduna ere izan da bileran.