Eusko Jaurlaritzak Unceta taldea bisitatu du

171011_tapia_unzeta_01.jpg

2017.eko urriak 11

Elgoibarren kokatzen den familia-enpresak aditzera eman du bere instalazioetako batzuk handituko dituela, beste metrologia-produktu eta -zerbitzu batzuetarako lekua izateko.

Sariki Metrologia enpresa Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroaren parte da, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkariek Unceta taldearen Elgoibarko instalazioak bisitatu dituzte, eta, bertan, lan-bilera egin dute taldeko zuzendaritzako kideekin. Zuzenean ezagutu dituzte taldearen jarduera eta etorkizunerako erronkak.

Bileran izan dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Estibaliz Hernaez Teknologiako, Berrikuntzako eta Lehiakortasuneko sailburuordea, Aitor Urzelai Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria eta, enpresaren aldetik, Pablo Garate Unceta taldeko CEO, Borja Garate Sariki Metrologiako Zuzendaritzaren laguntzailea, Josean Larrea Sariki Metrologiako gerentea eta Aitor Tejada F. Uncetako merkataritza-zuzendaria.

Familia-enpresa bat da, 143 urteko historia duena; orain bosgarren belaunaldiak zuzentzen du. 156 enplegatu ditu eta Euskadiko automozioaren, aeronautikaren eta makina-erremintaren industriako enpresa nagusiei egiten dizkie zerbitzuak eta eskaintzen dizkie soluzioak.

Unceta taldeak ordezkaritzak ditu Madrilen, Bartzelonan, Vigon eta Kuban, eta Elgoibarko plantan 400.000 euroko inbertsioa egingo duela adierazi du. Horrek neurketa-zerbitzuetako arloa handitzea ekarriko du; izatez, 300 m²-ko espazioa gaituko du proiektu berriak diseinatzeko, garatzeko eta ezartzeko.

Laster gauzatuko den inbertsio horrek aukera eman du Unceta taldean azken urtean beste 10 ingeniari sartzeko eta etorkizunean espazio berriak hartuko dituen proiektuetan aurrera egiteko.

2016. urtean, Unceta taldeak 30,5 M euro fakturatu zituen eta % 10 inguruko inbertsioa egin zuen I+Gan.

Gaur egun nabarmendu behar da Zamudion kokatzen den Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa osatzen duten enpresa-sozietateen parte dela Unceta taldeko Sariki Metrologia enpresa. Enpresa horiez gain, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, UPV/EHUk eta Aeronautikako Klusterrak hartzen dute parte Zentro horretan.

Gero eta sistema aurreratuagoak dituen Metrologia gisako hain arlo espezifiko bateko prestakuntzaren beharrak eraginda, trebakuntzan zentratu da Sariki Metrologiaren jardueraren zati handi bat. 2016. urtean 750 pertsona baino gehiago prestatu dute, eta horien artean daude haien bezero-enpresen giza baliabideak.

Era berean, Eibarko Armeria Eskolarekin elkarlanean dihardu, zehazki Lanbide Heziketako ikastetxe horrek ematen duen goiko graduan, metrologian espezializatuan, gaur egun merkatuan ez baitago arlo horretako prestakuntzarik.

Unceta taldearen osaera.

Jatorrizko F. Unceta S.A., kalitatezko erreminten banatzailea, orotariko gaiak hornitzen dizkiona industriari —ebaketa-erremintak, makina-erreminten osagarriak, metrologia dimentsionala, dinamometria, urradura, elektroeramangarriak, eskuzko erremintak, bulegoko materialak eta abar—.

Sariki Metrologia, 1985ean sortu zen, inguruneko enpresei azken produktuen kalitatea hobetzen laguntzeko. Horretarako, doitasunezko neurketaren arloko soluzio integralak eskaintzen dizkie enpresa horiei, haien industria-prozesuetan txerta ditzaten. Sariki enpresak hogeita hamar urtetik gorako esperientzia du Espainiako eta Portugalgo merkatuan, eta metrologiaren sektorean liderrak diren multinazionalak ditu bazkide teknologiko. Hartara, multinazional horiek potentzial teknologiko hori guztia eta haien know-howa eskaintzen diete Uncetari eta bere bezeroei.

Labmetro, Unceta taldeko metrologiako laborategi bat da, Unceta taldearen eta ISQ - Instituto de Soldadura e Qualidade (Portugal) institutuaren arteko Joint Venture batetik sortu zena. Laborategiaren helburua da Espainiako merkatuari eta haren bezero guztiei kalibrazio, saiakuntza eta kontrol metrologikoko zerbitzuen soluzio integrala eskaintzea.