Eusko Jaurlaritzak taxilariekin koordinatutako ekintza planifikatu du sektorearen erronken aurrean

Reunión_GV_Taxi.jpg

2017.eko ekainak 22

  • Eusko Jaurlaritzak lehenengo eskuz helarazi nahi izan dizkio Taxilarien Federazioari VTC lizentzien kontrolerako hartuko dituen neurriak.
  • Kontrola areagotuko da, agenteei prestakuntza emango zaie ikuskaritza egokiak egin ditzaten, eta identifikazio-bereizgarri batean lan egiten ari dira, 1/30 proportzioa bermatzeko.
  • Araudi metrologikoa nahitaez bete behar da, eta ibilgailuek taximetroak berrikusi beharko dituzte, estatuko eta Europako neurrietara egokitzeko.
  • ITA Asua SL –Jundizen du egoitza– taximetroa aldatzen edo konpontzen duen edozein taxik egiaztapen-saioak egiteko duen enpresa egiaztatua da.

Eusko Jaurlaritzaren Garraio Plangintzaren eta Industria Administrazioaren zuzendaritzak gaur goizean bilera bikoitzean batu dira, taxiaren sektoreko ordezkariekin, azken gertakarien xehetasunen berri emateko eta sektorearen erronken aurrean ekintza koordinatua planifikatzeko. Bileraren lehen zatian, VTC lizentzien kontrola eta arauketa aztertu dira (alokairuko ibilgailuak gidariarekin) eta, bigarren zatian, metrologiari buruzko araudia aplikatzeko derrigortasuna. Bi kontu horiek dira taxilarien kezka, eta, legegintzaldiaren hasieratik, erakundeen eta sektoreko ordezkarien artean lankidetzan jardun da.

Janire Bijueska Garrio Plangintzako zuzendaria, goizeko lehen orduan, sektoreko ordezkariekin batu da (FVT, Tele Taxi Bilbao, Radio Taxi Bilbao, Astane, Agitax, Alatax, Vallina, Radio Taxi Donostia, Femade eta Radio Taxi Getxo) eta, gero, Aitor Oregi Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria.

Araudi metrologikoaren aplikazioa

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da Metrologiari buruzko 32/2014 Legea eta 224/2016 Dekretua betetzeko egin behar diren ikuskaritza eta kontrolak egiteko arduraduna. Arauketa horrek autonomia-erkidego guztiak behartzen ditu dagoen araudi metrologikoa betetzera eta, besteak beste, egiaztatutako Egiaztapen Metrologikoko Erakundeen eskutik tresna metrologikoen egiaztapena aurreikusten da, besteak beste, taximetroena. Eusko Jaurlaritzak, azken batean, estatuko oinarrizko legeria eta Merkatu Unitatearen Bermeari buruzko Legea aplikatzen ditu, eta Europako gidalerroei jarraitzen die.

Duela hamarkada bat, egiaztapen-lan horiek IATek egiten zituzten, baina 10 urte baino gehiago igaro dira ITC/3709/2006 Agindua argitaratu zenetik, eta gutxienez berrikuspenak egiteko erakunde egiaztatu bat egotea lortu ondoren, Eusko Jaurlaritza hasiko da legea betearazten.

Hori horrela, ITA Asua SL da –Jundizen du egoitza– egiaztapen metrologikoa egiteko erakunde baimendu gisa ziurtatu den enpresa bakarra; beraz, gaur egun, taximetroa aldatzen edo konpontzen duen edozein taxilarik zentro horretara joan beharko du, legeak eskatzen dituen egiaztapen-saioak egin ahal izateko. Egiaztapen horiek egiteko enpresa ziurtatu gehiago egongo da, hala egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu ahala.

VTC lizentziak, errentamendu-ibilgailua gidariarekin

Eusko Jaurlaritzak, Garraio Plangintzaren Zuzendaritzatik, bilerak egiten ari da foru-aldundiekin, horiek baitira VTC baimenak emateko eskumena dutenak, eta Garraio Zuzendaritzarekin, VTCek ibilgailuetan eraman behar duten dokumentazioaren inguruan agenteek egin beharreko kontrola eta ikuskaritza hobetzen saiatzeko.

Kolektiboak kezkatuta dagoela adierazi du, bide judizialaren bidez bere sasoian ezetsi ziren VTC baimenak aitortu dezaketen ebazpenen aurrean. Lakuak oso positiboki baloratzen du Taxilarien Federazioak aurretiaz duen joera, eta konpromisoa erakutsi du koordinazio horretan aurrera egiteko. Hala ikusten da urtarriletik izan dituzten 3 bileren bidez.

VTCak, araudiak ezarritakoaren arabera, 1/30ren araua (lizentzia bat 30 taxi-lizentziako) bete behar duten lizentziak dira. 2009an, Omnibus izenez ezagutzen den legea onetsi zen; horren bidez, zerbitzuak liberalizatu ziren eta, horrela, araua baliogabetu zen eta hainbat eta hainbat enpresak eta partikularrek VTC baimenak eskatu zizkieten agintari publikoei. Administrazioak mesfidati agertu ziren, baina lizentzia ugari eman ziren eta beste horrenbeste ukatu egin ziren; ukapena jaso zuten askok errekurtsoa aurkeztu zuten. 2013an, berriro ere aldatu zen legea, sektorea ados zegoela, eta berriro ere jaso zen 1:30 araua. Arazoa orain dator, aurkeztu ziren errekurtsoak ebaztean; horrela, bere garaian ukatu ziren VTC lizentzia berriak eman daitezke.

Euskadin agintariek beti errespetatu izan dute araua, eta, gaur egun, 1/29 ratioari eusten zaio. Lakuak araudia betearazten lanean jarraitu nahi du, esate baterako, honako baldintza hauek betearaziz: 7 ibilgailuko flota izatea, 10 urtetik beherako antzinatasuna, ematen duten zerbitzuaren aurreko kontratua sinatzea (ezin dute geralekuan arretarik eman).

Eusko Jaurlaritzak erraztu egin nahi du hiri-agenteen kontrola eta ikuskaritza –autonomo gisa–, eta helburu du bereizgarria jartzea, ibilgailu horiek modu bereizian identifikatu ahal izateko. Beste autonomia-erkidego batzuetan indarrean dago neurri hori eta sektorearen onespena du.

Bijueskak bilera izango du Sustapen Ministerioarekin datorren ekainaren 27an, eta lurraldeen arteko koordinazioa antolatzea proposatuko du, datuak kontsultatzeko baterako plataformaren bidez; bertan, VTC guztiak alta emanda egongo dira eta, horrela, ibilgailu bakoitzaren jardueraren lurralde-eremua ezagutu ahalko da, izan ere, arauak aukera ematen die zerbitzuen % 20 betetzeko beraien lurraldeaz bestelakoan.