Eusko Jaurlaritzak mugikortasun elektrikoko sistema berria proposatu du Vitoria-Gasteizerako; sistema tranbiarekin integratuko da eta teknologia gehiago izango du

2017.eko otsailak 22

  • Tapia sailburuak lehentasuna eman dio finantzaketa-formula publiko bati eta proiektua zehazteko prozesuan erakunde- eta politika-adostasuna bilatzeari.
  • Orain arte eztabaidatutako ereduaren ezaugarriak jasotzen ditu, kontuan hartuta orain gehiago oinarritzen dela hiriko garraiobide guztien bizikidetzan
  • Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 10,5 M euroko aurrekontu-konpromisoak aurreikusten ditu 2016aren eta 2020aren artean, proiektuaren azterketan aurrera egiteko eta obrak lizitatzeko

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen mugikortasun elektrikoko sistema berria eratzeko duen proposamena; horren bidez, tranbiarekiko intermodalitatea ziurtatuko da, informazioaren kudeaketa hobetuko da, CO2ren emisioa murriztuko da eta finantzaketa publikoarekin ordainduko da.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituran Sailak gaur egun Gasteiz hirian dauden asmoen analisi zehatza egin ondoren, Arantxa Tapiak proposatu du eraginkortasuneko eta jasangarritasuneko hobekuntzak aurkeztea, kontuan hartuta nagusiki bi kontutan izan dutela eragina:

Vitoria-Gasteizen dauden garraiobide guztien bizikidetza hobetzea, erabiltzaileentzako erosotasun gehiagorekin, besteak beste intermodalitateari edo irisgarritasunari dagokionez.

Teknologia gehiago eta hobeak ematea garraio-sistema osoari; horrela, garraiobide desberdinek beren artean “hitz egin eta elkarri eragingo diete”. Horrek adimena, kalitatea eta segurtasuna ekarriko lieke erabiltzaileei eta garraioaren profesionalei.

Mugikortasun-sistema, zabaldu beharreko eredua

Proiektu honen bidez, proiektu bakarrean batu nahi dira mugikortasun jasangarriaren ikuspuntutik aztertutako aldagai asko, garraioa elektrifikatuz eta aldagai berritzaileak eta goi-mailako teknologiako industria-garapenekoak sartuz. Gainera, helburu gisa planteatzen da proiektu hau proiektu pilotu izan ahal izatea eta beste hiriburu batzuetan ezarri beharreko mugikortasun-eredu.

Tranbiaren osagarri; hura Unibertsitateetara eta Salburuara zabalduko da

Gasteizko BRT/autobus elektrikoaren sistema hiriburuan dauden tranbia-zerbitzuen osagarri da (mugikortasun elektrikoko eta jasangarriko sistema gisa). Aipatu behar da, gainera, azken horiek zabaldu egingo direla legegintzaldi honetan, eta, horretarako, gaur egungo sistema zabaldu egingo dela Unibertsitateetara eta Salburuara.

Gaitasun handiko garraio-sistema denez eta tranbiaren osagarri denez eta, gainera, beste autobus- eta/edo bizikleta-zerbitzu, igogailu eta abar ere behar direnez, ezinbestekoa da garraio-sisteman integratzea eta ahalik eta intermodalitate handiena ziurtatu, bai eta informazioaren kudeaketa egokiena ere.

Gasteizko garraio publikoaren erabiltzaileek funtsezko hobekuntza antzeman behar dute beren mugikortasunean, eta, gainera, kontziente izan behar dute CO2ren emisioen murrizketari eginiko ekarpenaren gainean.

Erakunde-hitzarmena eta adostasun politikoaren bilaketa

Gasteizko BRTrako Udalaren, AFAren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenaren bidez aurkeztutako hasierako proiektuek akordio bat inplikatzen dute proiektuaren diseinuan, bai dagokion tarterako, bai beste alderdi batzuetarako, esaterako, finantzaketarako.

Udal-taldeen artean proiektuaren inguruko zenbait desadostasun ikusi zirenez, berrikusi egin da, ahalik eta lasterren udal-talde politikoen gehiengoarekin adostutako proiektua abian jartzeko.

Mugikortasun elektriko adimentsuko sistema integralaren ezaugarriak

Eusko Jaurlaritzak, Vitoria-Gasteizko udal-talde guztiekin ados jarrita aurrera egitearen aldekoa izanik, proposatu du orain arte BRT izenez ezagutzen izan den proiektua berrikustea, eta esentziari eta alderdi esanguratsuenei eustea:

-        BRT erako sistema bat sartzea, ahalik eta jende gehiena garraio publikora erakarriko duena.

-        Zirkulaziorako, autobus-erreia erabiliko da

-        18 metroko autobus elektrikoak erabiliko dira, gaur egungo linearen eskaria betetzeko eta bidaiari gehiagoren garraio-eskariari eraginkortasunez eta arintasunez erantzungo zaio.

-        Linearen amaierako/hasierako geltokian birkarga azkarreko sistema sartuko da, jardunaldi-funtzionamendu osoa ziurtatzeko. Irispide luzeko birkarga kotxe-tokietan egingo da, jardunaldia amaitzean.

-        Geltokiak tranbiaren geltokien antzekoak izango dira; irisgarritasuna bermatuko da eta geltokian baliogabetuko da, azkartasuna eta geltokietan autobusa itxaroten ahalik eta denbora laburrena ematen dela ziurtatzeko.

-        Lehentasuna izango dute semaforoek eta kudeaketako sistema adimenduna egongo da tarte osoan, udal-mailan hartutako erabakiei jarraikiz.

Birkarga kotxe-tokietan eta finantzaketa erabat publikoa

Gainera, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenean, proiektuaren barruan kotxe-tokietan elektrifikatzeko eta birkargatzeko alderdia jasotzen da, bai eta finantzaketa % 100ean publikoa izatea ere (65/35 tranbian bezala). Europako finantzaketarik egonez gero, hasieran proposatutakoaren bestelako programan izango da, eta horrek ezingo du mugatu, sailburuak esan bezala, obrak hastea eta proiektua abiaraztea.

Azterketetarako eta obren lizitaziorako finantzaketa

Mugikortasun-proiektuaren finantzaketa dela eta, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizko Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiaren batera finantzaketarako erakunde-hitzarmen berria lantzeko beharra adierazi du.

Hitzarmen hori oinarria izango litzateke geroko eraikuntza-proiektuaren baldintza-agiria eta obra-lizitazioaren lehiaketaren deialdia idazteko.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak planteatzen duen mugikortasun-ereduaren bidez, epeak berreskuratuko lirateke obra izapidetzeko eta gauzatzeko prozesuan.

Proiektuaren lehen fasearen kostua 16 M euroan aurreikusten da. Ekarpenak honela ezarriko lirateke: % 65 gobernuaren kargura eta % 35 udalaren eta AFAren artean.

Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 10 M euroko partida aurreikusten du, 2018aren eta 2020aren artean jasotako aurrekontu-konpromisoekin, bai eta 2016an aurreikusitako 500.000 euro ere, Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera eginiko Azterketetarako erakundearteko Hitzarmeneko azterlanak egiteko.