Eusko Jaurlaritzak lehen sektoreak dituen arazoak aztertu ditu Ministerioarekin eta ekintza zehatzak eskatu dizkio

2017.eko urtarrilak 12

Kuoten banaketa bermatzeko exijitu zaio Ministerioari, bai eta euskal arrantzaleen interesen araberako kudeaketa, hegaluzearen kuotaren babesari arreta berezia jarriz.

Tapia sailburuak, besteak beste, eskatu du arindu daitezela atun-ontzietarako aurreikusitako inbertsioak, berrantola daitezela ardogintzarako laguntzak eta babes dadila erremolatxaren sektorea.

Ministerioa premiatu du EBk Euskadi “transgenikorik gabeko lurralde” izenda dezan beharrezko diren tramiteak arintzera, aurrez ere Eusko Jaurlaritzak eskatu bezala.

Era berean, proposatu du Eusko Jaurlaritzak parte-hartze aktiboagoa izatea Europako NPB (Nekazaritza Politika Bateratu) berria diseinatzen, eta gogoratu du Euskadik eskumen esklusiboa duela nekazaritzaren arloan.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia Nekazaritza eta Arrantza ministro Isabel Tejerinarekin elkartu da. Bileran baxurako eta alturako arrantza-sektoreei eragiten dieten gaiak planteatu dizkio sailburuak ministroari, eta une honetan Ministerioak berak baldintzatuta dituen landa-garapenarekin, nekazaritzarekin eta elikagaien industriarekin lotutako Euskadiren politikak ere hizpide izan dituzte.

Bileran sailburuarekin batera izan da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz, eta Eusko Jaurlaritzaren izenean Euskadiko lehen sektorean eragina duten alderdi oso zehatzak helarazi dizkiote ministroari. Besteak beste, berretsi diote errespetatu egin behar direla Euskadik nekazaritzaren arloan dituen eskumen esklusiboak, komeni dela Euskadi-Madril alde biko harremanak sendotzea eta Eusko Jaurlaritzak ahotsa izan nahi duela Europako organoetan.

Honakoak izan dira Eusko Jaurlaritzak planteatutako gaiak eta ikuspuntuak:

ARRANTZA

  • Baxurako arrantza-ontziak

Sektorea oso kezkatuta dago kuota-banaketekin, bai banatuta daudenekin bai banatzeko daudenekin.

Banatutako espezieei dagokienez (berdela, txitxarroa), Eusko Jaurlaritzak eskatu du horien barne-banaketa finkatzea eta bi gairi aurre egitea:

Berdela: beste autonomia erkidego batzuetako armadoreek arte xeheetako ontziak erosteak Euskadiko portuetako ontziei loturiko kuoten banaketa aldatzea saihestu behar da.

Eusko Jaurlaritzak, alde horretatik, eskatu du Ministerioak alda dezala “jatorri-portuak” arautzen dituen dekretua, eta berma ditzala euskal arrantza-ontziei dagozkien kuotak. 

Txitxarroa: Eusko Jaurlaritzak Ministerioari eskatu dio ez dezala 2A-14 eremuko (Frantziako itsasertza, arrantzaleek jarduera bizia dute bertan) kuotaren % 50 8C eremura aldatu, gure presentzia eskasagoa den aldetik.

Banatu gabe dauden espezie nagusien artean antxoa eta hegaluzea daude. 

Ministerioari eskatu zaio kilo bakar bat ere ez lagatzeko Frantziari arrantzaldia nola doan ikusi arte eta kanpaina amaitzean kuota sobera dagoen jakin arte.

Baxurako arrantzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak alde biko harremana areagotzea eskatu du Euskadiko arrantza-ontziei dagozkien gai espezifikoak zuzenean Ministerioarekin aztertu ahal izateko.

  • Atun-ontzientzako diru-laguntzak.

Eusko Jaurlaritzak Ministerioari galdetu dio ea zerbait egin behar duen Frantziak (Europako lehiakide nagusiak) egindako planteamenduaren aurrean, proposatu duen aldetik Estatuko itsasontziak Frantziako Nazioarteko Erregistroan sartzea merkataritzako ontzidiak dituen onura fiskalak eta sozialak lor ditzaten.

Muga-kuota autonomoa hegaluzearentzat

Ministerioari proposatu dio EBri eska diezaiola hegaluze-sektorearentzako muga-kuota urtean zehar gauzatzea kuota osoa urte hasieran agortzea saihesteko.

Nazioarteko Akordioen Zuzendaritzaordetza sustatzea

Atun-ontziek eskatzen dute Nazioarteko Akordioen Zuzendaritzaordetzan leku bat berreskuratzea sektorearen interesekoak diren arrantzaren arloko akordioak errazteko.

Atun-sektorearen plan estrategikoa

Orain dela bi urte onartutako atun-sektorearen plan estrategikoaz galdetu du Jaurlaritzak, bertan aurreikusitako hainbat inbertsio bete ez diren aldetik.

  • Alturako arraste-arrantza (Ondarru)

Sektore hau batez ere kezkatzen du Lurreratze Betebeharrak, EBk HOTekin eta kuotekin arautuko dituen espezie guztietan eragina izango duena 2019an.

NEKAZARITZA

  • Genetikoki eraldatutako organismoa (GEO)

Euskadik genetikoki eraldatutako organismorik gabeko lurralde izendapena izaten jarraitzeko eskaera egin ondoren, ez da inolako aurrerapausorik eman, eta Ministerioari eskatu zaio Bruselaren aurrean oniritzia eman dezala, gaia geldi dagoela ikusita.

  • Landaketak baimentzea

Eskatu dugu errespeta dadila EUSKADIren eskumenen jardutea arlo honetan, era horretara bere irizpideak ezarri ahal izan ditzan landaketak baimendu eta lehenesteko, Euskadiko ardogintza eta mahastizaintza sektorearen interesen arabera.

  • Azukredun edarien zerga eta erremolatxan duen eragina

Ogasuneko ministroak duela gutxi iragarri du zerga berriak ezarriko direla 2017an, horien artean edari azukredunena. Zerga horren ondorioetako bat eskaera jaistea izango dela aurreikusten da, eta Estatuko ekoizpena erremolatxan oinarrituta dagoenez, zerga horrek eragin negatiboa izango du ekoizpen horretan epe erdian.

Eusko Jaurlaritzak helarazi du kezkatuta dagoela Arabako erremolatxaren sektorean izan dezakeen eraginarengatik, eta Ministerioari eskatu dio baimendu dezala EAE konpentsazio neurriak abian jartzera hauek estatuaren laguntza direla interpretatu gabe.

ELIKAGAI POLITIKA

  • ARDOAREN MAE

Ministerioari eskatu zaio laguntza-lerro berria bidera dezala eta aurreikuspena eta planifikazioa hobetu ditzala. Alde horretatik, proposatu zaio Autonomia Erkidego bakoitzak kudea dezala bere kupoa, eta egon dadila mahastien berregituratze eta berrantolaketa neurrien funtsen aldaketa, destilazio alkoholdunetatik upategien inbertsiora. 

LANDAREN ETA ITSASBAZTERRAREN GARAPENA

  • Eskumen esklusiboak nekazaritzan eta landaren garapenean

Euskadik bere eskumen esklusiboak aldarrikatu ditu, eta Ministerioa arlo horretan eskumenak urratzen ari dela salatu du.

  • NPB erreformatzeko prozesua

2017an, Junkerrek iragarri zuenez, 2020 ondorengo NPBri buruzko eztabaida hasiko da, eta Euskadik MAPAMAren aurrean proposatu du hasieratik prozesu inklusiboa eta parte-hartzailea bideratzea gure sektoreen errealitatera ongien egokitzen den NPB eredua aldeztu ahal izateko.