Eusko Jaurlaritzak kalitate-marka ofizialekin bat egitera animatu ditu baserritarrak

ordizia01.jpg

2017.eko abenduak 27

  • Eusko Jaurlaritzak 690.000 euroko diru-laguntzak emateko deialdia egin du, ekoizleak jatorri-deiturekin eta beste marka ofizialekin bat egin dezaten eta haien sustapenerako laguntza izan dezaten
  • Euskadiko Gastronomia eta Elikadurarako Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira (PEGA), zeinak kalitateko eta jatorrizko euskal produktuen laguntza eta sustapena baitu bere helburu nagusien artean

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua buru zela egin da 2017an zenbait nazioarteko lehiaketatan saria jaso duten Idiazabal jatorri-deiturako gaztandegiak aintzatesteko egintza. Egintza horretan, sailburuarekin batera, Bittor Oroz sailburua ere izan da.

Idiazabal Gazta Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Erregulatzaileak —Eusko Jaurlaritzak eta HAZI fundazio publikoak lan-hitzarmena dute Kontseilu Erregulatzaile horrekin—Ordizian bildu ditu 2017ko nazioarteko sarietan aintzatetsi dituzten euskal gaztandegiak. Zehazki, bildu ditu Gourmet eta Great Taste 2017 sarietan, Erroma Sariko nazioarteko lehiaketan eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren sarietan aintzatetsi dituzten 8 euskal gaztandegiak eta aurten Londresen egin den World Chesee Award nazioarteko topaketan aintzatetsi dituzten beste 29 gaztandegiak. *

* Idiazabal jatorri-deiturak emango duen informazioa

Egintza horretan, Tapia sailburuak adierazi du garrantzi handikoak direla produktuaren trazagarritasunaren zorroztasuna, produktuaren kalitatea eta produktua nazioartean kalitate-marka ezagunen pean sustatzea eta finkatzea, hala nola Basque Country markarekin lotuta dauden jatorri-deituren pean.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren bitartez eta HAZI fundazio publikoaren bitartez, jatorri-deiturei eta kalitate-markei laguntzeko zenbait ildo jarri ditu abian, hitzarmenen bidez eta tokiko zein nazioarteko azoketan sustatzeko laguntzen bidez.

Kontseilu Erregulatzaileen bitartez bideratzen den laguntzaz gain, lehen aldiz kalitate-marka ofizialekin bat egiten duten ekoizleei zuzenean emango zaizkien laguntzak aipatu ditu sailburuak. Hartara, ekoizleak urrats hori ematera animatu ditu; izatez, zenbat eta handiagoa izan kalitate testatua eta aitortua duen produkzioa, orduan eta posizio hobea lortuko da produktuaren osotasunaren barruan.

690.000 euro, baserritarrek kalitate-markekin bat egin dezaten

Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zuen 2018 ekitaldirako 690.000 eurotik gorako balioa izango duten laguntzak deitzeko agindua. Laguntza horien helburua da kalitate-erregimenetan parte har dadin erraztea (jatorri-deituretan, adierazpen geografiko babestuetan eta kalitate-marketan) eta euskal nekazaritza-produktuen eta elikagaien informaziorako eta sustapenerako jarduerak egitea.

Laguntza horiek Euskadiko Gastronomia eta Elikadurarako Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira (PEGA), eta plana, berriz, exekutibo autonomoak legegintzaldi honetarako dituen apustu nagusietako bat da`eta elikadura osasuntsua du jomuga; izan ere, bere helburu nagusiak dira kalitateko eta jatorrizko euskal produktuak babestea eta produktu horiek sustatzea nazioarteko merkatuetan.

Bi eratako laguntzak aurreikusten dira:

  • Nekazariek kalitateko erregimenetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza. Laguntza urteko prima bat izango da ustiategi bakoitzeko, eta bere zenbatekoa kalitate erregimenetan parte hartzeko eskatzaileak egin behar izan dituen gastu finkoen mailaren arabera erabakiko da. Laguntza gehienez ere bost urterako izango da, onuraduna inskribatu den urtetik hasita. Laguntza horietarako aurrekontu mailegua 207.446,81 eurokoa izango da; horietatik, 97.500,00 euro Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira eta 109.946,81 euro, berriz, FEADER Europako Fondoaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoaren Landa Garapeneko 2015-2020 Programaren babespean.
  • Kalitate erregimen baten pean dauden produktuen informaziorako eta sustapenerako ekoizleen elkarteek Europako Erkidegoko merkatuan egiten dituzten jardueretarako laguntza. Zuzeneko diru laguntza bat izango da, ekintzen kostuetatik diruz lagundu daitezkeen kostuen portzentaje bat estaltzeko.

Laguntza horietarako aurrekontu mailegua 484.042,55 eurokoa izango da; horietatik, 227.500,00 euro Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira eta 256.542,55 euro, berriz, FEADER Europako Fondoaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoaren Landa Garapeneko 2015-2020 Programaren babespean. Horiek denak 2018ko ekitaldiaren ordainketa maileguari dagozkio.

Laguntzak eskatzeko inprimakiaren eredua orrialde honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus. Eskabideak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitateko eta Industrietako Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio eta, eskabideak aurkezteko, hilabete bat egongo da aginduak indarrean jartzen den egunetik hasita.