Eusko Jaurlaritzak hirukoiztu egin ditu zinemagintza proiektuetako garapen fasea babesteko diru-laguntzak, 300.000 euroko kontu-saila onartuz (Gobernu Bilera 2017-07-11)

logoconsejo.jpg

2017.eko uztailak 11

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak ekoizlearen eta gidoilariaren arteko elkarlana sustatu nahi du 

Eusko Jaurlaritzak zinemagintzara bideratutako diru-laguntza berrien bigarren kontu-saila onartu du gaurko Gobernu Batzordean. Ekainaren hasieran Donostiako Tabakaleran izandako bilera publiko batean iragarri zuen bezala, Eusko Jaurlaritzak 2.660.000 euro banatuko ditu aurten diru-laguntzetan, iaz baino 718.600 euro gehiago (%35 gehiago).  Horien artean, 300.000 euro proiektuen garapen fasea diruz laguntzera joango dira, hain zuzen ere, gaur onartu den zenbatekoa. 

Aurtengo zinemagintzarako diru-laguntza hauek hainbat berritasun dakartzate eta proiektuen garapen faseak garrantzi nabarmenagoa hartuko du aurrerantzean. Izan ere, diru-laguntza berritu hauen prentsaurrekoan iragarri zen bezala, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak sustatutako eredu berriak ekoizlearen eta gidoilariaren arteko elkarlana sustatu nahi du, eta proiektu bakoitzari fase honetan ematen zaion diru-laguntzaren %45a gidoia lantzera zuzendu beharko da. 

Horretarako, prozesuaren parte honi zuzendutako diru-laguntza deialdiaren aurrekontua hirukoiztu egingo da (iaz, 100.000 euro izan ziren). Garapen faseaz harago, diru-laguntzek sorkuntza faseari (hemen ere gidoiak aintzat hartzen dira), ekoizpenari eta zabalkunde faseari heltzen diote. Ekoizpen fase honetako diru-laguntzak berriki izan dira onartuak Gobernu Batzordean (ekainaren 27an). Kasu honetan ere lau ataletan igo zen bideratutako diru kopurua: luzemetraiak (1.360.000 euro; iaz baino 360.000 euro gehiago), animazioa (500.000 euro; 100.000 gehiago), dokumentalak (240.000 euro; 60.000 euro gehiago) eta laburmetraiak (160.000 euro; 40.000 euro gehiago).