Eusko Jaurlaritzak hegaluzearen arrantza-aldian sartzeko aukera eman die 18 euskal gazteri hil honetan

itsasoratu.jpg

2017.eko abuztuak 14

“Itsasoratu” programaren helburua da itsasoko jarduera ezagutaraztea eta, ahal den neurrian, Euskadiko arrantza-ontzietan belaunaldien arteko txanda bideratzea

Eusko Jaurlaritzak “Itsasoratu” programa aktibatu du gazteak arrantza-jarduerara bideratzeko eta sektorean belaunaldien arteko txanda ziurtatzeko.

Programa Bermeoko, Ondarroako eta Pasaiako Arrantza eta Merkataritza Nabigazioko Eskoletako ikasleei zuzenduta dago, eta pizgarri bat ematen zaie hilabete batean Euskadiko arrantza-ontzietan praktikak egiteko.

Lehenbiziko aldiz iaz jarri zen abian programa, eta 6 gaztek hartu zuten parte; aurtengo arrantza-aldian dagoeneko 18 gazte ontziratu dira.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako Arrantzako zuzendari Leandro Azkuek azpimarratu du zer-nolako garrantzia duen arrantza gazteei ezagutarazteak etorkizuneko lan-aukera gisa. Era berean, immigranteen ekarpena ere nabarmendu nahi izan du, bereziki senegaldarrena.

Hegaluzearen arrantza-aldiaren erritmoa ona da, atzerriko sare pelagikoak gorabehera

Leandro Azkuek, bestalde, adierazi du hegaluzearen arrantza-aldia ona izaten ari dela euskal arrantza-ontzidi guztietan, eta une honetara arte 2.000 tona harrapatu direla.

Esan du kanpaina normaltasunaren barruan ari dela garatzen nahiz eta gure kostaldetik hurbil Frantziako eta Irlandako arraste-ontzi pelagikoak dabiltzan, eta horren aurrean Azkuek Arrantza Ministerioari eskatu dio “arrantza-toki honetan ordena jartzeko” ontzidi horien bazterkinak saihesteko.