Retortillo sailburuak ekonomiaren eta enpleguaren traktore izango den bikaintasuneko turismo baten alde egin du

2017.eko urtarrilak 16

  • Sailburuak dioenez, turismoaren hazkundea “ezin da bereizi iraunkortasunetik”
  • Abenduko zifren faltan, turismoak errekor historikoak hautsi ditu 2016an
  • FITUR erakusleihoa izango da turismo berritzaile, iraunkor eta lehiakor baten aldeko apustua erakusteko

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2016ko turismoaren balantzea egin du gaur eta FITUR-en standa eta agenda aurkeztu ditu. Sailburuak turismoa eta merkataritza eskutik atzeraelikatuz joatearen garrantzia nabarmendu du, “Euskadiren etorkizuna turismoaren eta merkataritzaren etorkizuna baita”.

Alfredo Retortilloren hitzetan, turismoa goranzko balioa da Euskadin, 2016ko zifrek bermatzen duten bezala, abendua osatzeko faltan: 3 milioi turistak baino gehiagok bisitatu zuten Euskadi, eta % 10,4 sarrera gehiago, % 12,6 ostatu-gau gehiago eta BPGd-aren % 6ko ekarpena izan dira. Datu horren garrantzia azpimarratu nahi izan du sailburuak, kantitatean ez ezik herrialdearentzat sortzen duen aberastasunean zentratu behar baitugu. “Euskadi gero eta turista gehiago hartzeko helmuga baino gehiago izatea nahi dugu. Euskadik esperientzia bat izan behar du, turista denbora gehiago geratzera gonbidatuko duena, gehiago inbertitzera eta gure enbaxadore hoberena bihurtuko duena”.

Hori, soilik lor dezakegu, Retortillok nabarmendu duenez, denborazkotasunaren mende soilik ez dagoen kalitatezko enplegua sortuko duen turismo baten alde lan egiten badugu: “Euskadik bikaintasuna eskaintzen dio turistari eta bikaintasuna sortu behar du enpleguan eta jarduera ekonomikoan”.

Datuek ere joera hori berresten dute; izan ere, 2016ko hirugarren hiruhilekoko afiliazioen zifrekin, jarduera turistikoei atxikitako enplegua % 3,5 hazi zen, ostalaritzaren pisu handienarekin, 92.000 afiliatu baino gehiagorekin eta euskal ekonomia osoak baino portaera hobearekin. Zifra horiek gorabehera, Retortillo sailburuak gogoratu du ez dugula geratu behar atseginaren mende, baizik lan egin “sektorea indartzeko lan-baldintza hobeekin, prestakuntzako inbertsioekin, berrikuntzan eta etengabeko hobekuntzan zentratuta”.

Prozesu hori guztia eta hazkundea iraunkortasunetik kudeatu behar dira, eta hori izango da gobernuaren helburua, Alfredo Retortillok azpimarratu duenez, estrategia bat bultzatuta Euskadi turismo iraunkor eta arduratsuan erreferente bihurtzeko. Ildo horretan, badaude ekintzak abian, hala nola konpromiso-gutuna sinatzea “Biosphere Responsable Tourism Destination” eredua abian jartzeko, eta sailburuak Eusko Jaurlaritzari arlo horretan eman zaion ziurtagiria jasoko du FITUR-en. Aitorpen horri Turespañak gobernu-kudeaketa hoberenari emandako SICTED saria gehitu behar zaio, eta hori ere azokan emango zaio.

FITUR

Egutegia aste honetan hasiko da FITUR 2016an. Gaurko aurkezpenean, sailburuordeak azoka horren agenda xehatua azaldu du: urtarrilaren 18an hasiko da 13:00etan, Euskadiko standa sailburuaren eskutik inauguratuta. Ekitaldi horretan Euskadiko erakunde, enpresa eta erakunde publiko eta pribatuen ordezkaritza batek hartuko du parte.

Euskadiko standak 700 m2 izango ditu, eta Euskadiren kokapen turistikoaren erakusgarri izango da Basque Country markan, berrikuntzan eta turismo esperientzialean oinarrituta. Nabarmen dira Corten altzairua eta Chillida eta Ibarrola euskal artisten eta Bernardo Atxaga idazlearen inspirazioa bere “Minutu bateko manifestuarekin”.

Enogastronomiak toki garrantzitsua izango du, Jaurlaritzaren apustu nagusia baita turismoari begira, Muelak azaldu duen bezala. “Bikaintasuneko gastronomia batek Euskadin denbora gehiago igaro nahi duen kalitatezko turismo bat erakarriko du”. Ideia hori indartzeko hainbat aurkezpen izango dira, hala nola Miniature kongresua, museo enogastronomikoen sarea edo Arabako Errioxako campus enogastronomikoa, besteak beste.

Halaber, sailburuordeak Euskadiren eskaintza dibertsifikatua azpimarratu du, helmugako topetan zentratutako eskaintza: Bilbo, Donostia, eta Vitoria-Gasteiz; Euskal Kostaldea, Arabako Errioxa eta Mendiak eta Haranak. Eskaintza hori ikusgai egongo da standaren jarduera batzuetan: familia-turismoaren eta Arabako txoko galduen eskaintza, Urdaibaiko eskaintza turistikoa, “12 hilabete 12 kausa Donostiak liluratu zaitzan”, Zarautzeko Surf Pro txapelketa, 2017ko txotx-denboraldia eta beste asko, Euskadik turistari eskain diezaiokeen guztiaren ikuspegi bat emango dutenak.