Eusko Jaurlaritzak EH-BILDUri gogorarazi dio Memoria Historikoari buruz garatu duen ekimenak ez dituela kontuan hartu arlo horretako araudia eta erakunde-jarduna (Gobernu Bilera 2017-12-19)

logoconsejo.jpg

2017.eko abenduak 19

Eusko Jaurlaritzaren ustez, komenigarria eta bidezkoa da, EH-BILDU Legebiltzar Taldeak proposatzen duen bezala, Gogora institutuari txosten bat egiteko eskatzea. Txosten horrek, lehenik eta behin, euskal erakundeek Memoria Historikoaren gaian egindako lan guztia zehaztuko du, eta, ondoren, hutsune posibleak identifikatuko ditu, Eusko Legebiltzarrak arau berriak onartu ahal izan ditzan

Gobernu Kontseiluak “Frankismoaren biktimen errekonozimendu eta erreparazio integralerako memoria historikoari buruzko Legearen Proposamenaren” aurkako irizpena eman du gaur. Proposamen hori EH-BILDU Legebiltzar Taldearen legegintza-ekimen bat da, eta frankismoaren biktimak errekonozitu eta erreparatzeko administrazio-bide bat –egungo bide judizialaren paraleloa– sortzea proposatzen du, besteak beste. 

Eusko Jaurlaritzaren ustez, legebiltzar-talde horren legegintza-ekimenak ez du kontuan hartzen euskal erakundeek azken urteotan legearen proposamenean aipatutako Memoria Historikoaren arloko jardun-esparru guztietan egindako lan handia. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak uste du ezin zaiola ekin legegintza-ekimen bati Eusko Legebiltzarrak berak arlo horretan onartu duen araudia kontuan hartu gabe. Adibidez,  4/2014 Legea, azaroaren 27koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora) sortzekoa, aipa daiteke.

GOGORA 

Eusko Jaurlaritzak berresten du Euskadin Memoria Historikoaren inguruan garatzen ari diren politikekin duen konpromisoa, eta, horregatik, uste du komenigarria eta bidezkoa dela Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari (Gogora) euskal erakunde guztiek orain arte eremu horretan egindako lana zehatz-mehatz eta zorroztasunez jasoko duen txosten bat egiteko eskatzea. Horregatik, Eusko Jaurlaritza bat dator EH-BILDU Legebiltzar Taldearekin horretan, eta uste du komenigarria dela Gogora institutuak diagnostiko bat egitea, hutsune posibleak identifikatzeko eta, hala badagokio, Eusko Legebiltzarrean onartutako lege-mailako araudi berri baten bidez bete beharreko hutsuneak adierazteko.