Eusko Jaurlaritzak bat egin du Euskadiko Futbol Federazioarekin Ipuruan Euskal Selekzioak jokatuko duen partida egun osoko jai bat izan dadin

2017.eko azaroak 17

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Futbol Federazioak datorren azaroaren 25ean Euskal Selekzioaren eta Txekiaren arteko partidaren inguruan antolatuko diren ekitaldien berri eman dute gaur. Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak iragarri duenez, bi erakundeen arteko elkarlanari esker, “mugarritzat” jo duten partida honen inguruan giro berezia izango da aurreko egunetik Eibarren.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarekin batera, Euskadiko Futbol Federazioko presidenteorde Nerea Zalabarria ere izan da gaurko prentsaurrekoan, baita Iñigo Juaristi hautatzailea eta bere laguntzaileak Iraia Iturregi eta Aintzane Encinas ere. Bilboko Euskaduna Jauregian izandako prentsaurreko honetan, Ipuruan ospatuko den partidaren garrantzia azpimarratu dute.

“Euskal Selekzioak Txekia bezalako selekzio indartsu bat hartuko du, FIFA datetan jokatuko dute eta Lehen Mailako zelai batean arituko dira nor baino nor gehiago. Emakumeen kirolaren aldeko apustu nabarmena egin da, eta mugarri bat dela esan genezake. Osagai asko izango dira partidaren inguruan, baina horri guztiari gehitu behar zaio partida aprobetxatuko dugula 1937an ‘Euzkadi’ izenarekin mundu mailan ibili zen sekzioa gogoratzeko”, azaldu du Jon Redondok.

Hortaz, neurketa oroimen historikoarekin ere lotuko da eta mundu osoan zehar ibilitako selekzio hori gogoratzeko aitzakia izango da. “Selekzioak Europan eta Amerikan hainbat partida jokatu zituen askatasunaren ikur bat bilakatuta. Gogoratzeko moduko gertakizun historikoa izan zen, eta horixe da, hain zuzen, partida honen helburuetako bat. Oso arerio indartsuen kontra jokatu zuen, eta partida gehienak irabazi zituen; hala ere, galdu zuen lehena garai hartako Txekoslovakiaren kontra izan zen. Ikusiko dugu zer gertatzen den datorren asteko neurketan”, adierazi du.

Gaurko aurkezpenean hitza hartu duten lagun guztiek adierazi dutenez, funtsezkoa da azaroaren 25eko hitzorduan irudi bikaina ematea, bai berdegunean bai harmailetan. Bigarren helburu hori lortzeko, Eusko Jaurlaritza Euskadiko Federazioarekin elkarlanean aritu da partidaren inguruan beste hainbat ekitaldi egon daitezen eta eguna jai handi bat bilaka dadin.

Horrela, datorren ostiralerako, partidaren bezperarako, Euskal Selekzioari buruzko mahai-inguru bat antolatu da Eibarreko Armeria Eskolan. Arratsaldeko 19.00etan izango da mintzaldia eta han izango dira, Joseba Urkiola kazetariarekin batera, José Ángel Iribar atezain historikoa, 1937ko selekzioan aritutako futbolarien senitartekoak, gizonezkoen Euskal Selekzioaren futbolari bat eta Iraia Iturregi zein Aintzane Encinas  jokalari ohi eta Juaristi hautatzailearen laguntzaileak.

Partidaren egunean Untzaga plaza izango da jaiaren erdigunea. Goizeko 11.00etan ‘fan zone’-a zabalduko da, puzgarriekin eta gaztetxoentzako hainbat jolasekin. Eguerdian Euskal Selekzioaren neskak izango dira protagonistak, eta banan bana izango dira aurkeztuak  zaleentzako jarritako gunean. Arratsaldeko 16.00etan, halaber, kalejira bat egingo da Ipuruako futbol zelaira. Partida arratsaldeko 17.00etan hastearekin batera, begirada guztiak berdegunean jarriko dira eta han izango da ikuskizuna. Amaitutakoan, baina, giroa Untzaga plazara itzuliko da, hango ‘fan-zone’-an arituko baita Nerea Rodríguez dj-a. Arratsaldeko 20.00etan partidaren inguruko ospakizunek bat egingo dute Genero indarkeriaren kontrako egunarekin eta, azkenik, jardunaldi luze honi amaiera emateko, disko-festa antolatuko da Untzagan.

Ekimen hauen bitartez, egun borobil bat antolatu nahi izan da Eibarren Euskadiko emakumezkoen futbolaren ikuspegitik hain garrantzitsua izango den eguna arrakastatsua izan dadin. Gaurko aurkezpenean adierazi dutenez, jardunaldi honen arrakasta etorkizunean pauso berriak emateko bermerik onena izango da.