Eusko Jaurlaritzak akuikulturako proiektuak bultzatu ditu Mendexan eta Lemoizen

2017.eko azaroak 08

  • Mendexako akuikulturako ekoizpenerako itsasoko poligonoak 556 hektareako azalera du, eta horietatik 290 balizatu dira lehen fase batean
  • Matxitxako Moluskoak da jarduerari ekin dion lehen enpresa, 1.000 tona muskuilu ekoitziko ditu Lekeitio eta Ondarroa arteko itsasertzeko zerrendan
  • Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak akuikulturako ekoizpen eta ikerketa gune baten sorrera bultzatu du, Lemoizko zentral nuklearraren instalazio zaharrak egokituta

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak Mendexako akuikulturako ekoizpenerako itsas poligonoa eta Lemoizko akuikulturaren ekoizpen eta ikerketarako Balura gunea bultzatu ditu. Akuikulturako 2014-2020 Plan Estrategikoaren barruan eta espezializazio adimentsuaren RIS3 Estrategiaren barruan garatuko dira; izan ere, Plan Estrategikoak aurreikusten du lehorrean eta itsasoan azpiegiturak sortzea industri proiektuak ezartzen laguntzeko, eta RIS3 estrategiak, berriz, akuikultura azpimarratzen du elikagaien ekoizpen iraunkorrerako sistema berrien eremuan garatu beharreko arloetako bat den heinean.

Mendexako akuikulturako ekoizpenerako itsas poligonoa Mendexa herriaren aurrealdean dago, Bizkaian, Lekeitio eta Ondarroa arteko itsasertzeko zerrendan. Eusko Jaurlaritzak itsasoko hazkuntzetarako interes berezikotzat jotako gunea da, eta 556 hektarea ditu guztira. Lehen fase batean 290 hektarea balizatu dira, eta horietatik 214 ekoizpenerako erabiliko dira.

Interesekotzat jo aurretik, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpeko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eta AZTI zentro teknologikoak ikerketa proiektu batzuk garatu dituzte muskuiluak sakonera desberdinetan murgildutako long-lineetan  ekoiztea (itsaso zabalean kusku bikoak hazteko sistema bat)  teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den ala ez erabakitzeko, eta emaitza onak lortu dira molusku batzuen ekoizpenerako, esaterako, muskuiluen eta ostren ekoizpenerako.

Urteko lehen seihilekoan, Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzak gune horretan ekoizteko emakidak eskatzeko epea ireki zuen, eta Matxitxako Moluskoak, Angulas de Aguinaga eta Rinamar (Galizia) enpresak aurkeztu ziren. Hiru enpresen artean poligonoaren %100 okupatzea eskatu zuten.

Matxitxako Moluskoak izango da instalatuko den lehen enpresa. Euskal arrantza sektoreko hainbat bazkidek eratutako enpresa da, esaterako hauek: Arrankoba, Itsaskorda, Lekeitioko eta Ondarroako Kofradiak, Gipuzkoako Kofradien Federazioa (OPEGUI) eta AZTI.

Matxitxako Moluskoak enpresaren asmoa da 1.000 tona muskuilu ekoiztea 40 long-line dituen instalazio batekin, eta jada aurkeztu ditu industri proiektua eta instalazioen diseinua. Kosten Zuzendaritza Nagusiaren baimenaren zain dago, instalazioak uretan sartzeko eta martxan jartzeko.

Akuikultura ekoizpenerako eta ikerketarako Balura gunea

Azpimarratu behar da baliabide naturalen arrantzak ahalik eta etekinik handiena lortu duela espezie gehienetan, eta, halere, arrainen eskaerak goraka jarraitzen du populazioa etengabe hazten ari delako eta pertsonak beren osasunarengatik gero eta kezkatuago daudelako.

Estrategia honen esparruan, non akuikultura arrain gehiago ekoizteko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko etorkizuneko aukera bat baita, Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari da, halaber, akuikulturaren ekoizpenerako eta ikerketarako gune baten sorrera, Lemoizko zentral nuklearraren instalazio zaharrak akuikulturan erabili ahal izateko.

Hainbat espezie (ganbak, otarrainxkak, mihi-arrainak, erreboiloak, izokinak eta izokin-amurrainak, besteak beste) birzirkulazio teknologiekin ekoiztea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den aztertzeko AZTIk egindako lan batean egiaztatu da egingarria eta bideragarria dela instalazio horiek birmoldatzea akuikulturan erabiltzeko.

Azpiegiturak ur hartuneak eta nahiko lekua dauzka enpresa bat baino gehiago instalatu ahal izateko eta merkatuan asko eskatzen diren espezieak ekoizteko. Poligonoaren garapenerako eredurik interesgarriena mistoa da, akuikulturaren ekoizpena eta berrikuntza teknologiko multisektoriala konbinatuta.

Akuikulturako ekoizpenerako Balura gunea aukera da berrikuntza eta inbertsioa erakartzeko eta bultzatzeko, tokiko, Espainiako eta Europako I+G+b alorreko sareekin interakzioan arituta.

Inbertsiogile potentzialekin Euskadin zein Europan edukitako harremanek erakusten dutenez interes handia egongo da etorkizunean inbertsio proiektuak garatzeko. Aurreikusten da gunea akuikulturako ekoizpenerako erabat operatiboa egon dadin behar diren obra eta baimenak 4 eta  6 urte bitartean luzatuko direla, eta parkea 9 urtera gutxi gorabehera egongo dela ahalik eta etekinik handiena ematen lanean. Akuikulturako parkearen okupazio mailaren arabera, 350 eta 550 enplegu artean sortu litezke.