Eusko Jaurlaritzak 807.000 euro onartu ditu euskara ingurune digitalean sustatzeko (Gobernu Bilera 2017-05-09)

logoconsejo.jpg

2017.eko maiatzak 09

Egitasmo berriak bultzatzera bideratuko da diru gehiena

Gobernu Batzordeak 807.000 euroko kontu-saila onartu du bere gaurko saioan, euskara ingurune digitalean sustatu, garatu eta normalizatzeko. Aurrekontu honen bitartez diru-laguntza deialdi bat jarriko da abian eta ingurune digitalerako euskarazko egitasmo berriak zein aurretik martxan dauden proiektuak diruz lagunduko dira.

Deialdiaren diru gehiena egitasmo berriak bultzatzera bideratuko da, 593.500 euro, hain zuzen ere. Alde batetik, Interneterako euskarazko webgune edo beste formatu berritzaile batzuk (webserie, webirrati,  podcast…) diruz lagunduko dira. Bestetik, mugikorrerako euskarazko aplikazioak sustatuko dira.

Horrez gain, 214.000 euro bideratuko dira ingurune digitalean lehendik abian dauden euskarazko egitasmoak eguneratzera, “edukiak zein funtzionalitate berriak gehituz”.

Beraz, aurtengo deialdiak berritasunak dakartza eta beste era batean multzokatu dira laguntza-gaiak. Aurreko deialdietako lau multzoak (webgune berriak sortzea, lehendik abian zeuden webguneak egokitzea, software berria sortzea eta lehendik sortutako softwarea egokitzea), aurtengo bi horiek izango dira: egitasmo berriak eta lehendik abian zeuden egitasmoak. Era berean, hedabideei zuzendutako multzoa desagertu egin da.