Eusko Jaurlaritzak 2017-2020 Industria Plana aurkeztu du. Planak Industria 4.0 paradigmari jarraitzen dio eta enpresa txikien eta ertainen gaur egungo beharrei erantzuten die

2017.eko urriak 16

  • Planak Euskadi kuantitatiboki eta kualitatiboki industrialago baten aldeko apustua egiten du, industria 4.0 paradigma berrian lehiatuko duen enpresa ehuna sortuta.
  • Planak enpresen digitalizazioaz sentsibilizatzeko eta digitalizazioa hedatzeko beharra nabarmentzen du, eta horretarako bi proiektu ditu: Zibersegurtasun Zentroa eta Berrikuntza Digitaleko Hub bat.
  • Enpresa txikiei eta ertainei laguntzeko tresnak sendotzen ditu, enpresen erabaki guneak ainguratzeko lantzen ari den funts berriaren bitartez.
  • 2017-2020 aldirako 1.225 M €-ko zuzeneko aurrekontua aurreikusten du, gehi beste 1.000 M urtean, abal moduan eta beste finantzaketa irudi batzuen moduan

Arantxa Tapiak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapeneko batzordeari aurkeztu dio 2017-2020 Industrializazio Plan berria, 80ko hamarkadan hasitako industria politikari jarraipena emateko eta jauzi kualitatibo bat egiteko asmoarekin.

Eusko Jaurlaritzaren 2020 plangintza estrategikoan aurreikusten diren ekimen nagusietako bat da. Euskal gizartearen garapen iraunkorra helburu duten zenbait plan uztartzeko diseinatu da plangintza estrategiko hori, EAJren eta PSEren artean sinatutako Gobernu Akordioaren esparruan.

2017-2020 Industria Plana Euskadi 2020 Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko Planaren esparruan kokatzen da,  eta zuzenean lotzen da lehiakortasunaren arloko ekimenekin, hala nola zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal planarekin; 3E2030 energia estrategiarekin; berriki onartu den 2020 ekintzailetza planarekin; laster onartuko den enpresak nazioartekotzeko planarekin; 2020 agenda digitalarekin; enplegu estrategiarekin, LHko hezkuntza planekin, unibertsitate planarekin, eta berriki onartu den garraio iraunkorreko plan zuzentzailearekin.

Aldeko industria testuingurua

2013-2016 Industria Plana bete ostean, lortutako emaitzak aztertu dira, baita betetzeko geratu diren erronkak ere. Jakina da euskal industria aukerez eta dagozkien mehatxuez betetako testuinguru batean dagoela, eta, ildo horretatik, hauteman dira industria ehunaren osotasunaren indarguneak eta ahulguneak.

Hazten ari den industria izanik, aldeko testuinguru ekonomiko honetan eta azken urteetan esportazioak gehitu direnean, Euskadi erakargarri ari da bihurtzen atzerriko inbertsioetarako. Industria jarduerak ekarpen oso adierazgarria egiten dio oraindik ere ekonomiari, eta Basque Industry 4.0 estrategia erreferente bihurtu da nazioarteko industriaren osotasunean.

Aitzitik, langabezia tasa nahi baino handiagoa da oraindik ere, eta industrian enplegu kopurua gora egiten hasi da 2016an. Produkzio profil tradizionala, zerbitzu aurreratuen garapen urrikoa. I+Garen arloko inbertsio pribatuaren beherakada handia. Eta enpresa txiki askotan kudeaketako eta prestakuntzako ageriko oinarrizko premiak.

Ondoriozta dezakegu Euskadik industria ekosistema osoa duela eta ondo kokatua dagoela, baina indartu egin behar dela eta haren lehiakortasuna sendotu behar dela.

Industria gehiago, industria hobea, eta industria politika efizientea

Euskal industriaren erronka nagusiak lau multzotan labur daitezke: aberastasuna sortzen duen industria izan behar du (jarduera eta enplegu industriala gehiago); industria irekia (nazioartekotzeari ardatz esklusiboa eskainiz); industria aurreratua (4.0 industrian lehiakorra dena eta digitalizazioan esfortzu berezia egingo duena); eta pertsonen alde egingo duen industria (formazioa indartu eta enpresariak balioan jarri).

2017-2020 Industrializazio Planak 3 helburu estrategiko ezarri ditu:

  1. Industria gehiago: industriaren pisua euskal ekonomiarengan areagotzea (Industria euskal ekonomiaren BPGaren %25era iristea)
  2. Industria hobea: kalitate eta lehiakortasun maila handiagoa, 4.0 Industriaren paradigma berriari erantzunez, non industriaren jarduerak orain arteko esparru muga gainditu egin duen ekoizpenetik haratago eginez.
  3. Industria politika efizientea: Jaurlaritzaren politika industrial modernizatzen eta perfekzionatzen jarraitzea, programa aurreratuak sortuz eta baliabide publikoak modu eraginkorragoan erabiliz.

6 ARDATZ + Industria 4.0 Ardatz orokorra

Industrializazio plana 6 jardun ardatzetan osatuko da, eta Industria 4.0 paradigmari erreferentzia egingo dion zeharkako zazpigarren ardatz bat ere izango du.

Ardatz horietako guztietan osatuko dira orainaren premiari eta beharrari erantzungo dioten programak eta jardunak, betiere arloetako bakoitzaren epe laburra eta luzea prestatuz.

  1. ETEei garapen eta lehiakortasunerako laguntza ematea.
  2. Proiektu industrial estrategikoak
  3. Teknologia, berrikuntza, industria aurreratua
  4.  Enpresen nazioartekotzea
  5. Lehiakortasunerako testuingurua
  6. Pertsona trebatuak eta kalitatezko enplegua
  7. 7.    Ardatz orokorra: Industria 4.0

Digitalizazioa eta zerbitzu aurreratuak bereziki aintzat hartuko dituen plana

Industria 4.0 zeharkako ardatzak, beste ekintza batzuen artean, euskal industriaren digitalizazioa sustatu nahi du teknologien eta negozio ereduen baldintzetan, betiere enpresen digitalizazioaren zein balio kateen digitalizazioaren bitartez; era berean, Industria 4.0 paradigmarekin lotzen diren zerbitzu aurreratuen arloko profil profesionalak prestatu nahi ditu.

Pasa den legealdian euskal industriaren digitalizazioaren eta zerbitizazioaren gaineko sentsibilizazioan joera aldaketa handia eman zen 4.0 Industria kontzeptuaren aterpean. Gure industriaren zati garrantzitsu bat bide horretatik egiten ari da aurrera, eta enpresa batzuek anbizio handiko proiektuei ekin diete, beren sektoreetako konpainia liderren taldean kokatzeko xedez.

Baina oraindik bide luzea dago egiteke. Gure manufaktura enpresen digitalizazioak denbora, inbertsioa eta ahalegina eskatzen du eta, prozesu horretan, aurreratuen eta atzeratuen dauden enpresen arteko “eten digitala” murriztu behar dugu.

Hori lortzeko beharrezkoa izango da industria, zerbitzu eta IKTak bateratzeko lanean jauzi kualitatibo bat ematea, sektore, enpresa, ekipo eta profil profesionalen mailan.

Industrialiazio Planaren Ekimen Nagusiak

  • Enpresen nazioartekotzean jauzi kualitatiboa, Plan honetan «ardatz» izaera hartzen duena.
  • Finantza-tresnak eta enpresen beharrizan eta lehentasun berriak birlerrokatzea, euskal enpresen hezkunde zein sustraitzearen sustapena barne hartuta, inbertsio-fondo publiko-pribatu berri baten bitartez.
  • I+G aurrekontuaren % 5eko hazkundea urtean.
  • Inbertsioak erakarri eta atxikitzeko estrategia sendotzea, SPRIren Invest in the Basque Country ekimenaren bitartez.
  • Mugikortasun elektrikoari lotutako industria-sustapenerako plana.
  • 4.0 Industriaren esparruan erreferentziazko enpresa-proiektu berri bat gutxienez sustatzea
  • Euskadiko garapen industrialean agente teknologikoen rola finkatzea
  • Digitalizazioaren balio-kateen proiektuak sustatzea (enpresa traktorea + hornitzaileak), ETEen eten digitalari aurre egiteko, Basque Industry 4.0 programa egokituta.
  • Puntako eskualdeekin akordioak egitea, honakoekin kasu: Alemania, 4.0 Industria estrategiarekin «lotura» gisa; eta, Eskandinavia.
  • Enpresa eta sektoreen arteko lankidetza sendotzea, kluster politikaren, fabrikazio aurreratuko pilotaje-taldearen eta, zeharka, laguntza-programen diskriminazio positiboaren bitartez.
  • Zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko lanari eustea. (
  • Erabilgarri dagoen industria-lurzorua areagotzea, inguruko aldaketetara egokitutako ikuspegi berrian oinarrituta
  • Sustapen energetiko eta industrialerako sektore-planak: energia eolikoa, biomasa, geotermia, autokontsumoa (eguzki-energia fotovoltaikoa barne) eta energia ozeanikoak.
  • Lan arloko eskaintza eta eskariaren doikuntza sustatzea, politika industrialaren eta hezkuntza- zein enplegu-politiken arteko ekintza koordinatuen bitartez.

2017-2020 Industrializazio Planaren Aurrekontu ekonomikoa

Administrazio Orokorraren eta menpeko erakundeen aurrekontua, 2017rako Planaren irismenari dagokionez, 296 milioi euro ingurukoa da, eta Planaren ekintza-ildoei esleitutako partida guztiak barne hartzen ditu, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari dagokionez zein inplikatutako gainerako Sailei dagokienez (politika industrialari eragiten dion neurrian soilik).

Aipatutako aurrekontu-baliabideez gain, Industrializazio Planak honako baliabideak ere izango ditu:

  • 600 milioi/urtera arteko abalak erabilgarri.
  • Arrisku Kapitaleko eta Finantzen Euskal Erakundearen fondoetan erabilgarri dagoen finantzazio-gaitasuna, aurreko urteetako aurrekontu-zuzkiduraren eta hirugarrenen finantzazioaren emaitza gisa.
  • Estatuko Gobernuak, Europako fondoen bitartez, Autonomia Erkidegoen eskura jartzen dituen partidak, industriaren garapenerako pizgarri gisa.

2017rako aurrekontua oinarri hartuta, 2017-2020 aldi osorako Planaren estrapolazioak 1.225 milioi euro inguruko aurrekontu zuzena esleitzea ekarriko luke, berrikuntzarako partidetan urteko % 1,2 eta % 5eko hazkunde orokorra eraginda, Gobernu Programan hartutako konpromisoen arabera.