Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak 135.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Itsas eta Arrantza Eskoletan ikasteko beketara (Gobernu Bilera 2017-11-14)

Argitalpen-data: 

logoconsejo.jpg

Arrantzarekin lotura duten sektoreetan lan egiten duten pertsonen trebakuntza sustatzeko

2017-2018 ikasturtean Pasaiako Itsas-arrantzako Prestakuntza Zentroan, Bermeoko Itsas-arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas-arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan egingo diren itsasketa eta arrantza ikasketetarako bekak iragartzeko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak emandako agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak, bere azken kontseilu bileran.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin lotura duten sektoreetan lan egiten duten pertsonen trebakuntza sustatzeko politika egokia edukitzea. Era berean, lehentasunezkotzat jotzen du gazteei sektorean sartzeko erraztasunak ematea, sektorean belaunaldi berriak sartzen eta sektorea modernizatzen laguntzeko.

Laguntza guztiak batera 135.260 eurokoak izango dira gehienez ere, eta ohiko bizilekutik kanpoan bizitzeko gastuak finantzatzeko zein zentrora egindako joan-etorriak, jana eta ikasketa materiala finantzatzeko izango dira. Eskatzen diren betekizunak dituzten hautagai guztiek beka eskuratzeko eskubidea izango dute, eta pertsona bakoitzak gehienez ere 2.404,05 euroko beka eskuratu ahal izango du. Bekadunak jasoko duen bekaren zenbatekoa eman zaizkion puntu kopuruaren zuzenki proportzionala izango da.

Bekak hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira, eta hautagaiak esandako edozein eskolatan matrikulatuta egon beharko dira 2017-2018 ikasturtean. Puntuazioa, berriz, horretarako berariaz izendatutako Balorazio Batzorde batek ezarriko du. Puntuak irizpide hauen arabera esleituko zaizkio pertsona bakoitzari:

  1. Egingo duen ikasketa maila
  2. Ohiko bizilekuaren herritik eta ikasketa zentroaren herriaren arteko distantzia
  3. Eskatzailearen baldintza pertsonalak eta familiarrak
  4. Eskatzaileak edo bere familiak aurreko urtean eskuratutako diru sarrera gordinak, edozein dela ere sarrera horien jatorria

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.