Euskararen Adierazle Sistema (EAS) aurkeztu dute Donostian, euskararen osasunaren inguruko informazioa biltzen duen tresna berritzaile bat

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru aldundiek sustatu dute proiektu hau.

 

Donostia, 2017/12/20        

 

Euskararen Adierazle Sistema (EAS) aurkeztu dute gaur, Donostian, gure hizkuntzaren osasunaz informazioa era planifikatuan eta sistematikoan emango duen tresna hau bultzatu duten erakunde nagusiek. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru aldundiek sustatutako ekimen honen baitan 33 adierazle nagusi bildu dira, euskararen egoeraren inguruan informaziorik nabarmenena ematen dutelakoan. Informazio hori guztia  www.euskadi.eus/eas webgunean bilduta dago eta gaurtik aurrera kontsulta daiteke (laster proiektua sustatu duten gainontzeko erakundeen webguneetan ere izango dira datuak).

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea institutuko zuzendaria eta Mathieu Bergè Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren presidente ordea izan dira tresna hau aurkezteko arduradunak. Aurkezpenean aldundietako ordezkariak ere izan dira. Proiektuak 389.017 euro jasoko ditu  Europar Batasunak eskainitako Interreg-POCTEFA diru-laguntzetatik eta posible egiteko prozesua lau urtez luzatu da. Diru-laguntza honetaz gain, erakundeek 209.471 euro inbertitu dituzte; guztira, 598.488 euroko aurrekontua izan du proiektuak.

“Hizkuntza politikaren alorrean aspalditik egon da Euskararen Adierazle Sistema (EAS) bateratua izateko anbizioa. Orain arte erakunde bakoitzak bazituen bere erreferentziazko adierazleak, baina ez zen horrelako lankidetzarik sustatu garrantzitsuenak nabarmentzeko. Gaur aurkeztu dugun webgunean pisuzkoenak jaso dira, eta era dinamikoan berritu ahal izango dira beharrezko ikusten bada”, azaldu du Zupiria sailburuak.

Proiektu honen abiapuntuan euskararen errealitatea albait zehatzen ezagutzeko helburua dago, beharrezkoa baita hizkuntza politikarik eta estrategiarik eraginkorrenak sustatzeko. Euskararen egoera arlo ezberdinetan ezagutzeko hainbat tresna eta ikerketa daude gurean: Inkesta Soziolinguistikoa, Arrue Txostena, zentsua, Kale Neurketa… EASen iturri hauetatik hartutako daturik esanguratsuenak bildu dira eta 33 adierazle horiek hautatu dira, beti ere  adostasun politikoan, teknikoan eta gizarte mailakoan oinarrituta. Proiektuak, halaber, izaera dinamikoa izango du eta adierazle berriak gehi daitezke aurkeztutako sistemara

EASek euskararen lurralde osoa hartzen du eta, honi esker, administrazioek zein era askotako erakundeek jatorri ezberdinetako hainbat datu izango dituzte eskura. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak iragan uztailaren 3an sinaturiko lankidetza-hitzarmenak ahalbidetu du euskararen eremu osoa hartzeko aukera.

Mathieu Bergék adierazi du europar  finantzamendu honen garrantzia, abiapuntua baita Europar finantzabideek eta bereziki POCTEFA ekintza programa berriek “hizkuntza politikaren erronkak kontuan hartzeko”. Halabere, iragan uztailaren 3an Iruñean Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko sinaturiko hitzarmena ekartzen ari den onurak azpimarratu ditu. Nafarroko Gobernuko ordezkari Mikel Arregik ere alderdi hori nabarmendu du: “Hitzarmen hau sinatu baino lehen hainbat proiektu elkarrekin landu baditugu ere, esan behar da aldaketa nabarmena izan dela eta unean uneko elkarlan eoera batetik lankidetza planifikatu batera pasatu garela”.

Gaur bertan abian jarri da EASen datuak jasotzen dituen webgunea: www.euskadi.eus/eas. “Tresna hau oso baliagarria izango da euskararen eremuan hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten administrazio guztientzat. Erabilgarria izango da, baita ere, bestelako hainbat erakunderentzat: unibertsitateak, enpresak… Horrekin batera, hiritar guztien eskura izango dira datu horiek, eta gai honetan interesa duten guztiek kontsultatu ahal izango dute. Lau hizkuntzatan izango dira datuok, euskararen eremuan, maila batean edo bestean, ofizialak diren hiru hizkuntzetan: euskara, gaztelania eta frantsesa, eta, horrez gain, ingelesez. Izan ere, badakigu asko direla nazioartean euskararen biziberritze prozesuan interesa dutenak”, gehitu du Zupiriak.

EAS posible egiteko prozesua 2013an hasi zen eta, hurrengo urtean, EASen egitura zehaztu zen: Batzorde Sustatzailea, Batzorde Teknikoa eta Batzorde Exekutiboa. EASen zuhaitz tematikoa zehaztu zen gerora, eta horren araberako lehen adierazle definitu eta onartu ziren. Europar Batasuneko Interreg-POCTEFA diru-laguntzen lehenengo deialdira aurkeztu zen 2015ean eta, azkenik, aplikazio informatikoa zehaztu zen.

Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (EEGF) proiektuaren % 65a ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren xedea da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala sustatzea. Bere laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako mugaz gaindiko jardueren garapenera mugatzen da, lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko baterako estrategien bidez.