Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/09/27

Euskalmeten Twitterreko kontua 100.000 jarraitzailetara iritsi da.

Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren @Euskalmet Twitter kontua 100.000 follower/jarraitzailetara iritsi da (Euskadiko biztanleriaren % 4tik gora), eta Eusko Jaurlaritzaren jarraituenetako bat bihurtu da. Biztanleriaren ehunekoari dagokionez, mundu osoan gehien jarraitzen den meteorologia-kontuetako bat da, hirugarrena, alegia, Singapurrekoaren eta Filipinetakoaren atzetik.

Bere bideari ekin zionetik, euskal meteorologia agentziak eguraldiari buruzko eguneroko informazioa eskaini du bide horretatik, eta minutuz minutu egin du EAEn izandako baldintza meteorologiko txar guztien (bero-boladen, denboraleen, ekaitzen, elurteen eta abarren) jarraipena.

Euskalmetek, bere webgunearen (www.euskalmet.euskadi.eus) eta APParen bidez ez ezik, Twitter bidez ere egiten ditu Euskadiko kirol eta kultura ekitaldiei eta hiri eta herrietako jaiei buruzko iragarpen bereziak. Gizarte-sare honetako jarraitzaileen artean, gero eta gehiago diren meteorologia zaleez gainera, turismoaren, kirolaren eta aisialdiaren arloko enpresak, hedabideak eta erakunde publiko eta pribatuak daude.

Euskalmeten Twiterreko kontua Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren abisu eta alerta sistemaren funtsezko tresna da; izan ere, ezaugarri duen berehalakotasunari esker biztanleriarentzat arriskutsuak izan daitezkeen fenomenoei buruzko informazio baliagarria eskain daiteke, kontuan hartuta sistema tradizionalek ez dutela azken erabiltzaileengana denbora errealean iristeko aukera hori ematen. Alde horretatik, koordinazio estua dute @Euskalmet eta @112_SOSDeiak kontuek, bai eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren gainerako kontuek ere.

Twitterri esker, Euskalmetek jarraitzaileen informazio zuzena ere jasotzen du oharren, argazkien edo bideoen bidez, eta hori ere lagungarria izaten da egoera bakoitza hobeto ezagutzeko. Horrek guztiak aukera ematen du zerbait gertatzen ari den une berean gertatzen ari denaren berri emateko eta, egoerak eskatzen badu, biztanleriari larrialdien ikuspegitik aholkuak eta gomendioak helarazteko informazio-bide bat zabaltzeko.

Hori guztia dela eta, eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarentzat herritarren ekarpenak duen garrantzia kontuan hartuta, Euskalmetek eskerrak eman nahi dizkie bere jarraitzaile “tuitlariei” urteko 365 egunetan ematen duten laguntza eskuzabalarengatik.