Euskal exekutiboak babesa eskaini du Sestaoko suteak erasandako familiei ostatu emateko

2017.eko martxoak 14

Joan den igandean izandako sute larriak erasotako etxebizitza-blokea bisitatu du Arriola sailburuak, Sestaoko alkatearekin batera

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak, Sestaoko alkate Josu Bergararekin batera, Bizkaiko herri horretan joan den igandean sute larri batek erasotako etxebizitza-blokea bisitatu du. Suteak etxebizitzak uztera behartu ditu hainbat familia.  Eusko Jaurlaritza laguntzeko prest dagoela adierazi du Arriolak, familiei ostatu ematen lagunduz, eta horretarako orain dauden premiak aztertzen ari da. “Hor egongo gara, helmenean ditugun baliabideekin”, adierazi du.

Oraindik goizegi bada ere sute handi horrek eragindako kalteen balorazioa egiteko, eta eraikina birgaitu ahal izango ote den jakiteko, euskal Exekutiboak lehentasunezko jarduketa gisa ezarri du erasandako pertsonei ostatu emateko premiak neurtzea eta “epe laburrean” etxebizitza-alternatibak eskaintzea, euskal administrazio guztiei dagokien erantzukizuna, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere, bere erantzule gorenak ziurtatu duen bezala.

Horregatik, Sailak, Alokabide zerbitzuaren bitartez, lanari ekin dio libre dauden etxebizitzak, udalerrian bertan ahal bada, identifikatzeko, baina ez du baztertzen inguruko udalerrietara jo behar izatea, Sestaon ez baitago behar adina etxebizitza alokairuan.   Zentzu horretan, herritarrei dei egin die, hutsik dauden etxebizitzak badituzte, Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko Bizigune programaren bitartez. "Ostatu emateko alternatibak eskainiko dizkiegu herritarrei, babesik gabe gera ez daitezen eta epe laburrean arazoari konponbide bat emateko”, ziurtatu du sailburuak.