Euskadin egingo den Nazioarteko Arkitektura Bienalak bere ateak zabaltzearekin batera hamar erakusketa inauguratuko dira

IMG_1431.jpg

2017-11-06

  • RCR Arquitectes estudioko Rafael Arandak bideratuko du Sormen partekatua erakusketara gaur arratsaldean egingo den erakunde-bisita, MUGAK Bienalari hasiera emango diona.

 

  • Munduko kondominio zaharrenari buruzko, Peña Gancheguiren Imanolena etxeari buruzko edo muga batean bizitzeko modu desberdinei buruzko erakusketak.

 

Azaroaren 6an (astelehena) hasiko da MUGAK Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatzen duena. Inaugurazioa Miramar Jauregian izango da 19:00etan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. Inaugurazio-ekitaldiaren ondoren, Miramar Jauregian, hots, ekitaldi honen egoitza nagusian dauden Bienaleko hamar erakusketen ateak zabalduko dira. Erakusketa horien artean RCR Arquitectes. Sormen partekatua dago.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, gaur goizean, RCR Arquitectes erakusketaren aurkezpenean nabarmendu duenez, “Pritzker saria jaso den urte berean sari hori eskuratu dutenak gure artean egoteak distira ematen dio Bienalari eta Euskadi Arkitekturaren nazioarteko erreferente gisa kokatzen du”. Arriolak esan duenez, “estudio horretako kideek espazio bizigarrien sorrera ulertzeko eta egikaritzeko duten modua, erakusketa ikusten duzuenean nabaritu ahal izango duzuena, guztiz bat dator Bienalak eduki nahi duen espirituarekin: MUGAK enuntziatuan bertan esaten denez, arkitekturaren mugak ez ezik, arkitekturak hainbat errealitaterekin (geografikoak, kulturalak, teknikoak, ingurumenekoak, sozialak eta herritarrei dagozkienak) harremanak eta gatazkak dituen zonen mugak ere arakatzea”

Bestalde, RCR Arquitectes estudioko hiru profesionaletako batek, Rafael Arandak, Eusko Jaurlaritzari eta MUGAK Bienaleko komisarioari eskerrak eman dizkie “erakusketa honek Bienalari hasiera emateagatik. Beti nahi izan dugu arkitektura pertsonei hurbiltzea, ez soilik arkitektura munduari, baizik eta hiritargoari”. “Goizean jaiki egiten garenetik gauean ohera sartzen garenerarte eremu arkitektonikoetan bizi garelako”, azaldu egin du.  Kataluniako arkitektoak gogoratu du bere estudioak, RCR Arquitectesek, betidanik saiatu dela “bizi garen momentuaren erronkei erantzuna ematen”.

RCR Arquitectes. Sormen Partekatua erakusketarekin Kataluniako estudio horrek 25 urtean baino gehiagotan egindako lana erakusten du eta haren sormen-prozesu guztiaren berri ematen du, akuareletatik hasita (akuarelen bitartez, lanbide-jardueraren hasieratik beren lehenengo ideiak eta kontzeptuak bildu dituzte proiektu baten inguruan), ideia horiek eraikitako beren lanetan fisikoki plasmatzearekin amaitzeraino.

Estudio hori Oloten (Girona) dago, eta, hasieran, hango lanak Kataluniara mugatu ziren. 2008an, sektoreari hainbeste eragin dion krisialdi ekonomikoaren hasieran, RCR Arquitectes gure mugetatik kanpo atera zen; lehendabizi, Frantziako hegoaldean hainbat proiektu egin zituen, eta, ondoren, Belgikara eta Arabiar Emirerrietara hedatu zuen bere ekintza-esparrua; horrekin guztiarekin lortu du gaur egun nazioarteko proiekzio handiena duen Espainiako estudioetako bat izatea.

Lan hori dela medio, Pritzker saria eman diote 2017an, Madrileko eta Bartzelonako arkitektura espainiarraren eragin-poloetatik urrun dagoen eta arkitekturak gizakia naturatik babestearekin batera bien arteko lotura hori bizirik eusten zuen garai hartatik hurbilago dagoen ezohiko estudio bati egindako aintzatespena. Adierazkortasun handiko materialak eta barnealdearen eta kanpoaldearen arteko lotura hori ez hausteko barnealdearen eta kanpoaldearen arteko mugak desegiten dituzten eraikinak dira Rafael Arandaren, Carme Pigem-en eta Ramon Vilaltaren lanaren ezaugarrietako batzuk.

Gaurtik aurrera, RCR Arquitectes. Sormen partekatua erakusketarekin batera, beste bederatzi erakusketa daude irekita jendearentzat Miramar Jauregian.  Mugan bizi oso jatorri desberdinetako artistak muga kontzeptura hurbiltzea da; Imanolena (Luis Peña Ganchegui, 1964). Aterpe bat Kantauri Itsasoaren aurrean Mutrikun kokatuta dagoen lan bat da; Riviere du Bidassoa, mugaren bi modu (topografia eta tipografia) alderatzeko era bat da; 7 zelatari eta dorretxe bat Jorge Oteizaren zazpi lanen ikus-entzunezko instalazio bat da; Faisaien uhartea, denboraren atari bat erakusketak Frantziaren eta Espainiaren arteko mugan kokatuta dagoen munduko kondominio zaharrena aztertzen du; Basoa erakusketak zalantzan jartzen ditu paisaiaren eta errealitatearen arteko mugak; Harremanak erakusketak Euskadiko enpresek arkitektura-proiektu enblematikoetan egindako lanak erakusten ditu; 2017ko Peña Ganchegui Sariak lehiaketa honen lehenengo edizioko finalistak izan diren arkitekturako profesional gazteen proiektuak erakusten ditu.

 

Jauregiko txoko debekatuak irekita jendearentzat

Jauregia, MUGAK Bienalaren lehenengo edizioko egoitza nagusia, erabat aldatu da erakusketa horiek eta Gipuzkoako artisten esku-hartzeak eraikinaren txoko askotan, hots, korridoreetan eta barnealdeko patioetan, jarri baitira. Parte hartu duten artistak: Marina Etxeberria, Roskow, Juan Jimenez Areizaga, Javier Machimbarrena, Iker Spozio eta Julia Torrado.

Era berean, gaurtik aurrera, Miramarko dorrea irekita egongo da lehenengo aldiz herritar guztientzat Habic klusterraren TOP-ARTE ekimenaren bitartez. Ekimen horrek, XX. mendearen hasierako hogeita hamar irudi ingururen bitartez, Kontxako badia garai hartan zen bezala ikustera eta gaur egun izan duen aldaketa leihoetatik begiratuta ikusten den bistarekin alderatzera gonbidatzen du.