Euskadiko Orkestrak bere denboraldi berria aurkeztu du, Robert Treviñoren eskutik

EOS_Aurkezpena.jpg

2017.eko martxoak 27

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berriaren aurkezpenean hartu du parte. Oriol Roch zuzendaria eta Robert Treviño zuzendari titular berria berarekin batera izan dira Tabakaleran izandako ekitaldian.

Orkestratik nabarmendu dutenez, hurrengo denboraldiko berrietako batek Robert Treviño izena du. Zuzendari titular berria indarrez, kemenez eta pasioz beteta dator, Euskadiko Orkestra goi mailara igotzeko asmoz. Denboraldiaren hasieratik arituko da eta kontzertu zein proiektu bakoitza ekitaldi aparta bihurtuko du.

Irudi berria, aro berriaren isla. Haren sinbologia eta asmoak: Irudia sinboloen sinfonia da, konposizio metaforikoa, denboraldi ikusgarria, magikoa, zirraragarria eta era orotako ikusleei irekia islatzen duen irudien doinua: betiko entzuleei zuzenduko gara, baina baita zale berriei ere. Horiek erakarri nahi ditugu eta atsegin handiz hartuko ditugu gurean. Denboraldi berriaren irudia osatzeko hainbat elementu, sinbolo eta ideia elkartu dira, printzipioz loturarik ez zutenak, ezta programa berarekin ere, baina elkarrekin programazioarekin esanahi solidarioa lortzen dutenak, kontzeptu bisual ikusgarri eta erakargarriez gain. Sinbolo bakoitza galdera bat da, hieroglifikoa, eta haren erantzuna da programa.

Bi premisa horiekin, herrialdeko kultura eta musikaren aktibo handia izateko ibilbideari jarraituko dio Euskadiko Orkestrak. Topagunea izaten darrai bere egoitza diren hirietan; izan ere, gero eta presentzia nabarmenagoa du horietan. Eta beste kultura erakundeekin harremanak lantzen jarraitu eta hezkuntza zein arlo sozialean lan aktiboan sakonduko du.

ABONU DENBORALDIA:
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2017/2018 Abonu Denboraldia Gasteizen hasiko da urriaren 10ean eta Bilbon amaituko da 2018ko ekainaren 20an. Abonu denboraldi berri honetan, Orkestrak 10 kontzertu eskainiko ditu Bilboko, Donostiako (bi saio), Gasteizko eta Iruñako egoitza bakoitzean. Guztira, 50 kontzertu, Abonu Denboraldian bakarrik.

1. PROGRAMAZIOAREN INGURUAN:
Hurrengo Abonu Denboraldian zuzendari titular berria izango dugu, Robert Treviño, alegia. Programazioa ireki eta itxiko du, eta kontzertuen sei programa zuzenduko ditu. Bere lehenengo denboraldiak bere zigilua eta nortasuna hartuko du. Horrekin, Euskadiko Orkestrarekin, haren entzuleekin eta euskal gizartearekin hartutako konpromisoa agerian utzi nahi izan du.

Treviñok sortutako programazioak, doinu sinfoniko ederrak ezagutzera gonbidatzeaz gain, Britten eta Shostakovich maisuen musika bizipenetatik abiatuta erresistentzia, gatazka eta baketzea bezalako kontzeptuei so egitera ere gonbidatzen gaitu. Bi musika-egile horiek, zeinak lagunak ziren baina bakoitza Europako punta batetik zetorren, etengabe adierazten dute bakean bizitzearen beharra, giza enpatian sakontzeko gogoa eta baita ez dutenei ahotsa emateko nahia ere. Errusiako Iraultzaren mendeurrena izango da denboraldi berriko programazioko gai nagusienetako bat, eta Shostakovich konprometituenaren asko izango du. Esaterako, horren 11. Sinfoniak omenaldia egiten die 1905an erregimen tsaristari oldartzen saiatu ziren biktimei. Sinboloen eta ideien konbinazio horretan Britten daukagu. Haren 1939ko hiru lan interpretatuko dira, bakea aldarrikatzen dutenak.

Treviño Denboraldian: kantu eta itxaropenezko programa batekin emango dio hasiera Abonu denboraldiari. Espiritualitate eta orkestra-soinu ederreko programa honek “Euskadiko Orkestraren talentuak goraipatuko ditu” eta “bihotza musikaz eta baikortasunez” betetzeko balio izatea espero du. Bigarren programan Ravelek idatzitako Ezker eskuarentzako kontzertua joko du Joaquín Achúcarrok, eta Shostakovichen 11. Sinfonia ere eskainiko dugu, gatazkei eta haiek bizitza aldatzen duten moduari eskainia. Otsailean, Shostakovichekin itzuliko da: 5. Sinfonia eskainiko digu; sinfonia horrek “hitz egokiak aurkitzen ez ditugunean musikak transmititzeko duen gaitasuna” islatzen du,Treviñoren hitzetan. Brittenen “Sinfonia da Requiem” eskainiko digu ondoren, “bakezaletasunari buruzko idealen adierazpen nagusienetako bat”. Treviñok zuzenduko dituen eta Denboraldi berriari nortasuna emango dioten gai eta musika ardatzen adibideetako batzuk dira horiek.

Baina zuzendari titular berria Beethovenekin, Mahlerrekin, Prokofievekin edo Verdirekin ere aurkeztuko da; azken horrekin itxiko duen bere lehenengo denboraldi hau. Ibilbide bizi horretan, Treviñorekin batera ikusiko ditugu Iruñeko Orfeoia, Donostiako Orfeoia, Joaquín Achúcarro, Frank Peter Zimmermann, Dmitir Makhtin eta Nicolai Lugansky.

Programazioko beste hainbat uneri erreparatuz, Beethoveenen, Mendelssohnen eta Mahlerren sinfonia handiak Debussy eta Chaussonen sinfonismo frantses itzelarekin elkartuko dira; Mozarten sinfonia ezagunena, “Jupiter”, biolinentzako kontzertu apartak (Simone Lamsmak joko duen Brittenean, esaterako), beste askoren artean. Bitxia izango da munduko tronpeta-jole onenak, Håkan Hardenberger-ek emango duen programa: Haydenen lanak jo ondoren, Lutoslawskyren kontzertu bikaina zuzenduko du; haren arima poloniarra eta gai herritarrak oroitaraziko ditu. Eta berriz ere izango dugu gurekin R. Straussen “On Kixote” olerki sinfonikoa, Ivan Monighetti italiar biolontxelo solista apartaren eskuetan berpiztuko dena.


Euskal musikarekin:
gure herriko musika-lanekin, konpositoreekin eta interpretatzaileekin konpromisoa Programazioaren atal honi hasiera emateko, euskal artisten dekanoa dugu, Joaquín Achúcarro, hain zuzen ere. Askotan jo du Bilboko piano-joleak Euskadiko Orkestrarekin batera sortu zenetik eta oraindik ere. Oraingoan, Ravelen Ezker eskuarentzako kontzertu zaila joko du. Miren Urbieta-Vega eta Elena Sancho-Pereg sopranoek euskal talentua aurkeztuko digute eta Iñaki Estrada musika-egilearen “…laino argidun artean…” estreinatuko dugu. Ramon Lazkano Orkestraren atriletara itzuliko da bere azken lanarekin, “Hondar”. Abesbatzen atalean, Iruñeko Orfeoiak hasiera emango dio Denboraldiari Brahmsen “Patuaren abestia” eta Bernsteinen “Chichestereko Salmoak”. Azken honetan, Easo Eskolaniako haur batek abestuko du. Donostiako Orfeoiak itxiko du denboraldia Verdiren Requiemarekin.

2. ZUZENDARIEI BURUZ
Robert Treviñok beteko du programazioaren zati handi bat, bere sei programekin. Halaber, jardungo dute Lawrence Foster handiak, Andrey Boreykok, José Miguel Pérez-Sierrak eta Clemens Schuldtek, azken hau lehenengo aldiz Orkestraren buruan. Håkan Hardenbergerrez gain, zeinak batuta eta tronpeta tartekatuko dituen bere kontzertu programan.

3. INTERPRETATZAILEEN ETA AHOTSEN INGURUAN
Bakarlarien atala beti da erakargarria programazio guztietan. Abonu-denboraldi berriak planteatzen dituen proiektu guztiek dituzte solistak edo koruak haien programetan, zenbait kasutan gure agertokietara itzuliko dira, besteetan, aldiz, lehenengoz etorriko dira, eta guztiak dira izen handiak. Beti bezala, artista onenak etorriko dira, besteak beste, euskal artisten dekanoa, Joaquín Achúcarro, Nikolai Lugansky tradizio errusiarraren ondorengoa pianoan, Frank Peter Zimmermann birtuoso lasaia biolinean edo munduko tronpeta-jolerik onena, Håkan Haerdenberger (zeinak solista eta zuzendari lanak beteko dituen) edo Ivan Monighetti biolontxeloan, zeina lehenengo aldiz datorren, artista ezaguna den arren. Bestetik, Euskal Herrian daukagun talentua ezagutuko dugu Elena Sancho-Pereg-en ahotsaren bitartez eta gurera itzuliko da Miren Urbieta-Vega. Nazioarteko mailan Simone Lamsma eta Dmitiri Makhtin, biolin-joleak ere izango ditugu gure artean.

Koralen arloan, nabarmendu beharra dugu Abonu Denboraldian bi abesbatza handik hartuko dutela: Iruñeko Orfeoiak, Denboraldiari hasiera emateko, eta Donostiako Orfeoia, zeinak 2018ko ekainean itxiko duen Denboraldia lan sinfoniko-koral handiena den Verdiren Requiemarekin, besteak beste, Aquiles Machado solista ari dela.

GURE ORKESTRAREN BESTE JARDUERA BATZUK:
Ardatz nagusi diren Abonuko kontzertuez gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera kontzertuen sorta oso anitzarekin osatzen da, bai ekoizpen propioko zikloetan bai beste jaialdi eta ekitaldi nahiz erakunde kulturalekin lotuta. Abonu Denboraldiaren (50 kontzertu) eta beste atal honetako lanen baturaren emaitza dira Orkestrak denboraldiro ematen dituen ehun kontzertuak. Programatutako musika formatu bakoitzari egokitzeko gaitasun horri esker, Orkestrak hainbat estiloko, intereseko eta adineko entzulerekin erlazionatu eta denboraldi bakoitzean 150.000 entzule inguru biltzen ditu..

LEHENENGO ALDIZ CASTELL DE PERALADA JAIALDIAN:
Uztailaren 28ko gauean, Euskadiko Orkestrak lehenengo aldiz hartuko du parte udako klasikoetako bat den jaialdi honetan. “Ederra eta Piztia” lanarekin, hain zuzen ere, Malandain Ballet Biarritz balletarekin batera. Zuzenean orkestra lagun duela estreinakoz aurkeztuko da Katalunian Versaillesen estreinatu zenetik, Miarritzen, gure Orkestraren Abonu Denboraldian eta “Streaming” bitartez CANAL ARTE TVen agertu ondoren. Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestraren “Ederra eta Piztia” ikuskizunak 1.650.000 lagunek ikusi dute dagoeneko.

BESTE IRTEERA BAT BORDELERA:
2017ko urrian, Euskadiko Orkestra Bordeleko Auditoriumera itzuliko da Orchestre National Bordeaux-Aquitaine (ONBA) delakoaren kontzertuen denboraldiko gonbidatu gisa.

JAIALDIAK ETA BESTE ZIKLOAK:
Inguruko beste kultur erakundeekin elkarlan estuaren ondorioz eta kultur mailan euren ekarpena aberastuko duten sinergiak sortzearen garrantziaz jabetuta, Orkestraren jardueraren atal hau etengabe ari da hazten denboraldiak igaro ahala.

Aipaturiko Peralada eta Bordeleko gonbidapen horiez gain, Orkestrak proiektu berriak abiatuko ditu Tabakalerarekin eta BBK Salarekin, Iparraldean Festival Musique en Côte Basque eta Scène National du Sud-Aquitain direlakoekin; eta OLBErekin jarraituko du elkarlanean (denboraldiko bi ekoizpen izango dira oraingoan ere), Bilboko Musika-Música eta Donostiako Musika Hamabostaldian. Eta musikaren eta zinemaren arteko bide berriak aztertzen jarraituko du Zinemaldiaren barruan eta euskal musikaren ingurukoak Musikasteri esker.

MUSIKA GELA, Euskadiko Orkestra hezkuntza arloan eta arlo sozialean:
Musika Familian, Eskola Kontzertuak, Sentsibilizazio Tailerrak, Ikastetxeetan Tailerrak, Orkestraren egoitzara bisitak eta askoz ere gehiago musikarekiko zaletasuna adin txikietan pizteko eta araututako musika hezkuntza bultzatzeko. MUSIKA GELAtik Orkestraren bokazio sozialena ere abiatzen da eta bestelakotasun funtzionala dutenentzako jarduerak antolatzen ditu; horien artean, eredu ederra da “Soinu Mosaikoa” proiektu berritzailea. Arlo honetan bakarrik, Euskadiko Orkestra 9000 pertsona baino gehiagorengana iristen da urtean.

MIRAMONGO MATINÉEAK:
Euskadiko Orkestraren ganbera zikloaren 26. denboraldia izango da aurtengoa, eta kalitatezko musika eskainiko du formatu desberdin batean. Musika unibertsala unibertso berezi batean, Orkestrak Miramonen duen egoitzaren auditoriumean, hain zuzen ere.

ANGEL ILLARRAMENDIREN LANAREN INGURUAN
Euskadiko Orkestra Zarautzera itzuliko da, oraingoan Angel Illarramendirren lanaren inguruko monografikoa interpretatzeko.

BI CD BERRI 2018RAKO: SAINT-SAËNS ETA HOSOKAWA:
Aurtengo denboraldian Orkestra nazioarteko bi egile apartekin ari da lanean NAXOS diskoetxe ospetsuarekin batera. Lehenengo grabazioak, klasikoagoa, C.Saint-Säensen lanak biltzen ditu; dagoeneko erregistratuta dago eta 2018ko otsailean merkaturatuko da. Bigarrenak, aldiz, Orkestraren alderdi garaikideagoa azaleratuko du Toshio Hosokawa japoniarraren lanak bilduko baititu, gaur egungo erreferenteetako bat. Maiatzean grabatuko da honen bigarren zatia. Bi disko horiekin, Orkestra nazioarteko merkatuan aurkeztuko da 2018an.

MUSIKENEKO IKASLEAK EUSKADIKO ORKESTRAN MUSIKARI:
Orkestra Ikasketa Master Ofizialak aurrera jarraitzen du, eta Euskadiko Orkestraren eta Musikeneren arteko Aula Jordá Gela deritzon hitzarmenaren punturik nabarmenetako bat bihurtu da dagoeneko.