Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 'Gernika' emanaldia aurkeztu du

Eos.jpg

2017.eko apirilak 25

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko duen 'Gernika' obraren aurkezpenean izan da gaur. 1937ko bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta, Orkestrak Francisco Escuderoren 'Gernika' azken operako hainbat eszenaren aukeraketa bat berreskuratu du bere Abonu Denboraldiaren baitan egunotan emango duen kontzertu-programan. José Ramón Encinarren zuzendaritzapean, kantatutako zatiak interpretatuko dituzte Bilboko Koral Elkarteak eta Carmen Solís sopranoak, Federico Gallar baritonoak, Gustavo Peña tenorrak eta Fernando Latorre eta Miguel Ángel Arias baxuek.

'Gernika' eszenen interpretazioa hartzen duen Abonu Denboraldiko 7. programa osatzen dute bart, hilak 24, Gasteizko Principal Antzokian, gaur asteartea 25 Iruñako Baluarte Auditorioan, bihar Bilboko Euskaduna Jauregian (kontzertu hori kultur edukiak zabaltzen dituen M Media plataforma digitalak emango du www.mmediatv.com-en) eta 27 eta 28an Donostiako Kursaal Auditorioan izango diren kontzertuek. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira.

Francisco Escuderoren 'Gernika' lau aktodun operaren eszenen hautaketa bat joko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, bizkaitar herriaren bonbardakertaren 80. urteurrena betetzen den honetan. Bilboko Koral Elkartearen enkarguz sortua, 'Gernika' 1987ko apirilaren 25ean estreinatu zen. Fabula horretan, Gernikako herria euskal jatorriko erkidego bateko gaztea bihurtu eta bere askatasunaren alde borrokatzen du Podio maltzurrak zuzendutako atzerriko milizia baten menderakuntza saialdien kontra. Bonbardaketaren eszena protagonistaren profezia gisa sartu arren kondairan, opera ez doa gertakizun horren inguruan. Francisco María Escuderoren esanetan, musika-egilearen semea, «drama guztiz gizatiarra pizten eta islatzen duen lana da, konposizioaren sorrera gisa oinarri dramatikoa ahul zezakeen inguru politikoarekin loturarik gabea. 'Gernika' operak gure kultur erroak birsortu eta elkarbizitza aktibo zentzua proiektatu nahi ditu». Libretoa Luis Iriondoren argumentuan oinarrituta Escuderok berak idatzi zuen, eta Carmelo Iturriak eta Agustin Zubikaraik euskaratu zuten. Eszenak hautatu dituen José Ramón Encinar-en hitzetan, «aukeraketak koherentzia narratiboa du, modu autonomoan zentzua izan dezan, eta baita maila dramatikoan ere». 'Gernika' operaren Eszenen interpretazio berri honek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa du.


'Gernika'-ren Eszenak Abonu Denboraldian berreskuratzeak argi erakusten du beste behin Euskadiko Orkestra Sinfonikoa etengabean saiatzen dela euskal musikagileen lana zabaltzen, horrela gure musika ondarearen bizi-iraupena bermatzeko. Francisco Escuderoren lanari dagokionez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, 2007an bere 25. urteurrenaren baitan, 'Gernika' grabatu zuen Decca disko etxearentzat; eta 2009an Donostiako Musika Hamabostaldian interpretatu zuen obra bera. Aurrez, 1989an opera horren 3. aktoa interpretatua zuen Musikasten, Errenteriako Euskal Musikaren Astean. Hiru interpretazio horietan Orkestrak José Ramón Encinar izan zuen zuzendari. Bestalde, Orkestrak interpretatu ditu Escuderoren 4. eta 5. Sinfoniak, pianorako, biolontxelorako nahiz biolinerako kontzertuak, “Illeta” edo “El sueño de un bailarín” (Dantzari baten ametsa), besteak beste. Gainera, Escuderori eskainia da Euskal Konpositoreen Bildumako 5. zenbakia, Arturo Tamayoren zuzendaritzapean, Claves disko etxeak 2001.urtean plazaratutako CD bikoitza.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 'Gernika'-ren Eszenak interpretatzera gonbidatu du Bilboko Koral Elkartea, zeinak lana eskatu eta 1987ko apirilaren 25ean estreinatu zuen. Erakunde hori izan zen euskal opera nazionalaren bultzatzaile nagusietako bat XX. mendeko lehenengo hamarkadetan eta “Mendi Mendiyan” (José Mª Usandizaga), “Lide ta Ixidor” (Santos de Inchausti), “Mirentxu” (Jesús Guridi) edo “Amaya” (Guridirena hau ere) estreinatu zituen; euskal musikarekin zuen konpromisoa hurrengo hamarkadetan ere luzatu eta “Cuadros vascos” Guridirena, “Illeta” Escuderorena edo “Euskadi” Bernaolarena estreinatu zituen. 2016ko apiriletik, Enrique Azurza da Bilboko Koral Elkartearen zuzendaria. Bestalde, Escuderok proposatutako istorioaren pertsonaiei bost bakarlarik emango diote bizia. Carmen Solísek egingo du Gernika heroiaren papera, azken urteotako solista aktiboenetako bat, zarzuela abeslari ospetsua eta Pucciniren lanetan aritua. Federico Gallar izango da istorioan antagonista duen Podio, Gèrard Souzay ospetsuaren ikaslea eta Madrilgo Real Conservatorio de Música zentroan irakasle nabarmena; horrezaz gain, zarzuela eta espainiar opera menderatzen dituelako da ezaguna. Hiruko protagonistaren azken osagaia, Gogor, Gustavo Peñak abestuko du. Kanariar tenore honek errepertorio oso zabala du, Monteverdi barne, baina arrakastarik handienak titulu garaikideekin lortu ditu. Pertsonaia nagusiei laguntzen edukiko ditugu Fernando Latorre eta Miguel Ángel Arias bajuak, Aitona eta Errege lanetan, hurrenez hurren.

José Ramón Encinar orkestra zuzendaria Espainiako musika garaikidearen azken 40 urteetako irudi nabarmenetako bat da, bai musika-egile gisa gaztetan, Koan talde espezializatuaren eta beste hainbaten edo Gerhard eta Guerrero Proiektuen zuzendari gisa, bai musika berriaren sustatzaile lanetan Kanaria Handiko Filarmonikoa, Portugaleko Sinfoniko Nazionala eta, bereziki, Madrilgo Erkidegoko Orkestraren buruan, azkena 2003 eta 2013 bitartean, enkargu eta estreinaldi ugarirekin.

“Gernika”ren Eszenen aurretik, Stravinskyren “Suzko txoria”. Kontzertua irekitzeko, lehenengo zatian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak “Suzko txoria” joko du, Stravinskyk Sergei Diaghileven Errusiar Balletetarako idatzitako ballet-trilogia osatzen dutenen artean lehenbizikoa. Konpostoreak ballet horren hiru suite egin zituen orkestrarako eta Orkestrak interpretatuko duena 1919ko bertsioa da.

Sarrerak salgai, 7€tik gora. Kontzertu hauetarako sarrerak eros daitezke Orkestraren webgunean (www.euskadikoorkestra.eus), kontzertu aretoetako webgune zein leihatiletan eta ohiko salguneetan.