Euskadiko airearen kalitateak hobera egiten jarraitu du azken 10 urteotan

2017.eko maiatzak 18

  • Iñaki Arriola sailburuak substantzia kutsatzaile nagusien isuriak aldi horretan murriztu direla nabarmendu du; zehazki, % 27 egin dute behera CO2 isuriek eta % 62 SOx emisioek.
  • Jasangarritasun-indizeak betetzeko ehunekoak % 90-100 artean daude neurketa egiteko estazio gehienetan.
  • Ozono-mailak egonkor mantendu dira azken urteotan.
  • Etorkizuneko erronka nagusiak hauek dira: garraioak eragindako kutsadura murriztea, herritarrei emandako informazioa hobetzea, eta aurrerapen eta eraginkortasun handiagoz jarduteko metodo berriak hartzea.

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak airearen kalitateak azken 10 urteetan izandako bilakaera ona nabarmendu du Euskadiko Ingurumen Profila aurkezteko Bilbon gaur goizean egindako ekitaldian. Arriolak adierazi duenez, txosten horren ondorioek «adierazten dute EAEko airearen kutsadura-mailak azken hamarkadan nabarmen egin duela behera, nagusiki krisiak eraginda instalazioak itxi direlako, industria-isuriak jaitsi direlako, teknologia garbiagoak erabiltzen dituztelako eta araudia gero eta zorrotzagoa delako eta administrazioak zaintza hobeto gauzatzen duelako».

Bilbon jardunaldi tekniko baten barruan gaur goizean aurkeztutako txostenean argi geratzen da aztertutako aldian substantzia kutsatzaile nagusien isuriak nabarmen murriztu direla. Isuriak oro har murriztu badira ere, joera horren barruan nabarmentzekoa da sufre-oxidoena (SOx), industria-jardueretan eta garraioetan erregai fosilak erabiltzeari lotutakoa, azken 10 urteotan % 62ko jaitsiera izan baitu; nabarmendu beharrekoak dira, orobat, nitrogeno-oxidoak (NOx) izandako % 34ko beherakada (substantzia azidotzaileak) eta CO2ren % 27ko jaitsiera (klima-aldaketaren efektuaren eragilea).

Euskadiko aire-kalitatearen bilakaerari dagokionez, SO2 eta CO kutsatzaileen beherakada egiaztatu da berriro, Europa osoan ikusitako joera izanik. Halaber, partikulak pixkanaka murrizten ari direla ere egiaztatu da, bai PM10 partikulak bai PM2.5 partikulak. NO2 mailak ere murriztu dira oro har, hiri-kontzentrazio handiko guneetan izan ezik, beren horretan mantendu baitira horrelakoetan.

«Oso onak», «onak» eta «hobegarriak» kalifikazioa duten egunen kopurua neurtzen duen jasangarritasun-adierazlea (egunero argitaratzen den eguneko aire-kalitatearen indizea) % 90-100 artean dago aztertutako eremu gehienetan.

Ozono troposferikoari dagokionez, azken urteotako mailei eutsi zaie, baina portaera ezberdina dago landako zein hirialdeko estazioetan. Biztanleen esposizio-indizea mantendu da.

Erreferentziako adierazleak

Herritarrei autonomia-erkidegoko atmosferaren kalitate-egoeraren bilakaeraren berri emateko sortutako tresna da Euskadiko Ingurumen Profila 2016/Airea; hartarako, adierazle adierazgarriak erabiltzen dira; besteak beste: Airearen Kalitatearen Indizea (AKI), kutsatzaile-kontzentrazioak indarreko araudiak ezarritako gehieneko mailekin erkatzen dituena; Jasangarritasun Indizea, Ingurumen Esparru Programatik eratorria, airearen kalitatea «oso onak», «onak» eta «hobegarriak» kalifikazioa duten egunen kopuruaren arabera zehazten duena; ozonoagatiko kutsaduraren eraginpeko hiri-inguruko biztanleen indizea (SOMO 35), edo atmosferako partikula finen eraginpeko hiri-inguruko biztanleen indizea.

Airearen kalitatea kontrolatzeko sarea

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak atmosferako egoera zaintzen du Airearen Kalitatea Kontrolatzeko sarearen bitartez. Sareak, gaur egun 53 estazio finko ditu lurralde osoan banatuta, eta horietatik 14k industria-jarduera zaintzen dute. Gainera, 4 estazio mugikor, analizagailuak dituen atoi mugikor bat eta 2 laborategi mugikor ere badaude.

Ekipo horien analizagailu eta sentsoreek modu jarraituan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan neurtzen dituzte aire-kalitatearen arloko araudiak ezarritako kutsatzaileen kontzentrazioak. Kokapen-irizpideen arabera egiten dira neurketak, hirigunea, hiri ingurukoa eta landagunea bereizita, eta emisio-iturria kontuan harturik: zirkulazioa, industriakoa eta hondokoa (ez da iturri bakar bat ere gailentzen).

Honako substantzia hauek aztertzen dituzte: sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NO2 y NOx), karbono monoxidoa (CO), ozono troposferikoa (O3), bentzenoa (C6H6) eta partikula esekiak. Kutsatzaile horiez gain, analizagailuek eta sentsoreek beste substantzia kutsatzaile batzuk ere neurtzen dituzte, baita hainbat parametro meteorologiko ere, hala nola haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa edo euriengatiko ur-prezipitazioa.

Etorkizunerako erronkak

Euskadiko Ingurumen Profila 2016 txostenean airearen kalitateari dagokionez jasotako emaitza onak gorabehera, oraindik badaude arlo horretan gainditu beharreko alderdiak eta erdietsi beharreko hobekuntzak.

Garraioak eragindako kutsadura da garrantzitsuenetako bat. Airearen kalitatea lurraldea antolatzeko, hirigintza planifikatzeko eta zirkulazioa kudeatzeko politiketan txertatu behar da, helburu komun baten barruan egin ere.

Halaber, kutsadura atmosferikoari buruzko administrazioaren informazioa herritarrentzat gero eta eskuragarriagoa eta ulergarriagoa izateko hobekuntzak ere gehitu behar dira aurrerantzean.

Airearen kalitatea kontrolatu eta iragartzeko orduan aurrerapen eta eraginkortasun handiagoz jarduteko metodo berriak ezartzeko lanean ari gara ere. Laborategi mugikorretan eta ohikoak ez diren kutsatzaileak neurtzeko ekipoetan inbertsio berriak egiteak beste aukera batzuk zabaltzen ditu bide horretan.