Departamento de Alimentación, Desarrollo Rural, Agricultura y Pesca

Euskadik eta Kataluniak Atlantikoko eta Mediterraneoko ardatzen garapenari lehentasuna ematea errebindikatu dute, Estatuan diseinu erradiala edo zirkularra duten beste aukera batzuen aurretik

2017.eko ekainak 07

  • Arantxa Tapia eta Josep Rull Sailburuek, bi igarobideen loturarako lankidetza maila altuagoa aztertzea adostu dute.
  • Gehien bat esportatzaileak diren Euskadiko eta Kataluniako ekonomiek, Europarekin gehiago eta hobeto lotuta egongo diren azpiegitura lehiakorrak behar dituzte.
  • Une honetan, Irundik edo Portboutik igarotzen diren merkantzien %1ek baino ez du trenbidea erabiltzen, biek sustatu eta indartu nahi duten garraiobidea, alegia.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua eta Josep Rull Generalitateko Lurralde eta Iraunkortasun Consellerra gaur eguerdian elkartu dira Bartzelonan, bi gobernuek garraioarekin erlazionaturiko azpiegituren alorrean aurrera eraman beharreko lankidetza aztertzeko.

Topaketa, Bartzelonan egiten ari den Nazioarteko Logistika Aretoaren testuinguruan gauzatu da, hitzordua Generalitateko egoitza ofizialean izan den arren.

Euskadi eta Katalunia, erreferenteak Atlantikoko eta Mediterraneoko igarobideetan

Bi ordezkariak bat etorri dira Euskadik erreferentziazko nodo logistikoa duen Ardatz Atlantikoaren eta Kataluniaren ahalmena eta potentziala ezinbestekoak dituen Mediterraneoko ardatzaren arteko etorkizuneko konexiorako lankidetza handiagoan sakontzeko beharra azpimarratzeko orduan.

Geografiaren ikuspuntutik, Tapiak eta Rullek bi lurraldeek merezi duten aintzatespena azpimarratu dute, bakoitzaren kokalekuarengatik eta Europarekin izan beharreko loturan konektibitaterako bide naturala direlako.

Halaber, gogorarazi dutenez, Euskadik eta Kataluniak paralelismo garrantzitsua konpartitzen dute, trenbidez egingo diren etorkizuneko loturak –nazioarteko zabaleran (UIC) dagoeneko– lehentasunezkoak direla erabaki baita. Lotura horiek Gasteiz eta Dax artekoa Atlantikoan eta Bartzelona eta Perpignan artekoa Mediterraneoan izango dira.

Atlantikoko eta Mediterraneoko igarobideen lehentasuna beste aukera batzuen aurretik

Eusko Jaurlaritzak eta Generalitateak iritzi berbera dute Europa mailan trenbidez egin behar den garraiorako loturak hobetzeko beharraren inguruan, lurralde kohesioa, garapen sozioekonomikoa eta lehiakortasuna hobetzeko.

Hori dela eta, errebindikazioa aurkeztu dute Estatuko erakundeen aurrean, ardatz horien aldeko apustu garbia egiteko eta lehentasunezko bultzada emateko Atlantikoko eta Mediterraneoko ardatzen garapenari, azpiegituren eskema erradialak Estatuan izan dituen ondorio kaltegarriak kontuan izanda.

Gehien bat esportatzaileak diren Euskadiko eta Kataluniako ekonomiek, Europarekin gehiago eta hobeto lotuta egongo diren azpiegitura lehiakorrak behar dituzte, eta ez orain arte indarrean egon diren trenbide zabalera anitzak eta seinaleztapen eta komunikazio sistema desberdinak.

Errepidetik trenbiderako trantsizioa

Errepideko bide sareei dagokienez, bi lurraldeek ibilgailu astunen trafiko handiak jasaten dituzte, eta trafiko horren ondorioz gainezka daude Europarekin lotzeko bide nagusiak, errepideak. Hori dela eta, errepidetik trenbiderako trantsizioa premiazkoa eta ezinbestekoa da. Are gehiago kontuan izanda une honetan Irundik edo Portboutik igarotzen diren merkantzien %1ek baino ez duela trenbidea erabiltzen.

Hori guztia dela eta, Arantxa Tapia Sailburuak eta Josep Rull Consellerrak Europako, Espainiako eta tartean dauden lurraldeetako Administrazioen inplikazioa eskatu dute –sektore pribatuarekin lankidetzan–, trenak, Europar Batasuneko batez-bestekotik (%17-18) gertu egongo den kuota izan dezan merkantzien lurreko garraioan.