Euskadik bere energia eredua aurkezten du Europako hiriburuan

SEW_Bruselas.JPG

2017.eko ekainak 19

Eusko Jaurlaritzak, Bruselan duen ordezkaritzaren egoitzan, Euskadin garatzen ari den energia politikaren aurrerapenak aurkeztu ditu gaur. Ekitaldia  Europako hiriburuan aste osoan zehar egingo diren ekimenen barruan dago, Europar Batzordeak sustatutako Energia Iraunkorraren Europako Astearen (Sustainable Energy Week) harira. Eusko Jaurlaritzak eta bere energia agentziak, EEE Energiaren Euskal Erakundeak, aurkezpen jardunaldi bat antolatu dute, eta bertan, Euskadin aurrera eramandako energia politikoaren nondik norakoa azaltzeaz gain, gaur egun garatzen ari den proiektu eta aurrerapen teknologiko nagusiak ere erakutsi dituzte. 

Jardunaldian, Europar Batzordeko Energia Zuzendaritzako ordezkarien parte hartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meatzaritza zuzendari Aitor Oregik ere hartu du parte, antolatutako mahai-inguruan moderatzaile lanak eginez. Horietaz gain, energia alorreko enpresetako kideek eta Giles Dicksonek, Wind Europeko zuzendari nagusiak, Europako industria eolikoa biltzen duen elkarte nagusiko buruak ere hartu dute parte mahai-inguru horretan. Hain zuzen ere, elkartearen 2019ko mundu mailako batzarra BECen egiteko konpromisoa adierazi duena. Mahai-inguruan, luze eta zabal aztertu eta jorratu da energia alorraren ahalmena industria behar bezala garatzeko.   

Hasierako ekitaldian, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak hartu du hitzak, eta Euskadin garatutako energia politika egokien aitzindarien emaitzez mintzatu da: “Haien ikuskera zuzena izan zen; izan ere, 30 urtean ikatza baztertu da energia erabileretarako Euskadin eta petrolioaren erabilera nabarmen murriztu da,  %62 izatetik  %43 izatera”. Era berean, hauxe adierazi du “Etorkizuna energia berriztagarrien eskutik dator eta gure energia hornikuntza garbia hobetzeko tarterik edo marjinarik bada oraindik”.

Europar Batzordearen ekinbidez, urtero antolatzen den  Energia Iraunkorraren Europako Astean, Europako erkidego eta eskualdeetan energia sistema iraunkorragoa lortzeko bidean egiten diren jarduerak balioan jartzen eta azaltzen dira. Aurten, 2017ko ekainaren 19tik 25era egingo da, eta Bruselan izango diren jardunaldi nagusi eta zabalkunde-jarduerekin batera, 300 bat ekintza eta ekimen  osagarri gauzatuko dira Europako zenbait erkidego eta eskualdetan.

Era berean, aurreikusitako ekimenen artean ere “Herri baten Energia” kanpainaren bolada berria abian jarriko da, Euskadik 2030erarteko Energia Estrategikoa izatearen beharraz gizartea kontzientziatzeko asmoz.

Honela Jaurlaritzak Europako Batasunak ezarritako helburuak bere egiten ditu energiaren jasangarritasun politiken lidergoa bere gain hartuz eta 2025erako energia-kontsumoa % 25 murriztea lortzeko bidean.

Helburu argi horrekin batera, honako hauek nabarmendu daitezke:

 • Energiaren erabileran eraginkortasuna bultzatzea eta aurrezpena sustatzea.

 • Energia berriztagarriak sustatu eta ezartzea.

 • Petrolioaren erabilera arian-arian txikiagotzea.

 • Erregai alternatiboa erabiltzen duten garraiobideak sustatu eta bultzatzea.

 • Gasen emisioa murriztea.

 • Administrazioaren energia-faktura murriztea.

 • Sustatzea eta bultzatzea energia aurrezten lagunduko duten teknika eta teknologien ikerketa eta garapena.

 • Ingurumenean energiaren erabilerak dakartzan inpaktuei aurrea hartzea eta horiek mugatzea.

 • Energia-iraunkortasunaren eskakizunak politika publikoetan integratzea; bereziki, lurralde-antolamendu, hirigintza, etxebizitza eta garraiokoetan.

 • Administrazioen artean lankidetzan aritzea eta akordioak adostea.

 • Energia-eraginkortasunaren onurak hedatzea.