Argitalpen-data: 2017/07/18

EUSKADI ESKUALDE EKONOMIAKO ETA POLITIKAKO FOROAREN ANFITRIOIA

- Autonomia-erkidegoetako eta Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioko ordezkariek Europako funtsen kudeaketarekin lotzen diren alderdiei buruz eztabaidatuko dute Vitoria-Gasteizen, uztailaren 13an eta 14an, egingo den Eskualde Ekonomiako eta Politikako Foroan

Autonomia-erkidegoetako eta Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioko berrogeita hamar bat ordezkarik Europako funtsen zenbait alderdiri buruz eztabaidatuko dute Vitoria-Gasteizen, uztailaren 13an eta 14an: Europako egitura-funtsen etorkizunari buruz, funtsen kudeaketari buruz, Europar Batasuneko eskualde-politikari buruz, eskualde-garapenari buruz eta Europako ekonomia-egoerari buruz.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuorde Alberto Alberdik irekiko du bihar Eskualde Ekonomiako eta Politikako Foroa. Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak antolatutako foroa da, eta bertan autonomia-erkidego bakoitzeko bi ordezkari izango da.

Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren aldetik bertaratuko dira Batasuneko Funtsen zuzendari nagusia, FEDER Funtsen Kudeaketako zuzendariorde nagusia, Batasuneko Programen Programazioko eta Ebaluazioko zuzendariorde nagusia, Ikuskapeneko eta Kontroleko zuzendariorde nagusia, Europako Lurralde Lankidetzako eta Hiri Garapeneko zuzendariorde nagusia, Egiaztapeneko eta Ordainketako zuzendariorde nagusia eta Espainiak Europar Batasunean duen ordezkari iraunkor bat.

Hilaren 13an egingo den lehen saioan 2014-2020 aldiari dagozkion FEDER funtsen egoerari buruz eztabaidatuko da —zehazki, funts horren kudeaketarekin lotzen diren alderdiei eta ikuskapenarekin eta kontrolekin lotzen diren alderdi orokorrei buruz—, baita hiri-garapenari eta lurralde-kudeaketari buruz ere.

Hilaren 14ko bigarren saioan jarraipena emango zaio 2014-2020 aldirako autonomia-erkidegoetako FEDER funtsen inguruko eztabaidari. Eztabaidatuko da Europar Batasunaren etorkizunaren Liburu Zuriari buruz, Europar Batasuneko finantzen etorkizunari buruz, gizarte-dimentsioari buruz, globalizazioari buruz, ekonomia- eta moneta-batasunari buruz, defentsari buruz, Brexitari buruz eta abar, eta guztia 2020aren ondorengo aldiari begira.

 

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO 2014-2020 FEDER PROGRAMA OPERATIBOA.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko FEDER programa operatiboari esker, euskal administrazio publikoek 352,9 milioi euroko inbertsioak egin ahal izango dituzte, Europar Batasunak % 50ean finantzatuta.

Dokumentu horretan zehaztu dira Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat gaitan esku hartzeko estrategia eta helburuak, betiere Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) 2014 eta 2020 artean batera finantzatutako jardunen arloan. Euskadik aurrera egiteko plan estrategikoen arabera diseinatu zen dokumentua, eta Espainiako elkartze-akordioari eta Europar Batasuneko Europa 2020 Estrategiari jarraitu zitzaion. Helburua da hazkunde adimenduna, iraunkorra eta integratzailea sortzea, eta Europar Batasuneko eskualdeen kohesio ekonomikoa, soziala eta lurraldekoa lortzea.

Europar Batasuneko laguntzak (EGEF) 176,45 milioi euroko zenbatekoa du —inbertsio osoaren erdia—, eta zenbateko horren

%  90 zuzenduko da Ikerketara, Garapenera eta berrikuntzara (I+G+b), informazioaren eta komunikazioen teknologien (IKT) erabilera eta kalitatea hobetzera, enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzera, eta karbonoaren kontsumo urriko ekonomia bateranzko ekintzak bultzatzera —horien artean dago energia berriztagarriak sustatzea, energia-efizientzia hobetzea eta, hartara, CO2ko emisioak murriztea, eta hiri-mugikortasun iraunkorra sustatzea—.Era berean, klima-aldaketarako egokitzapena sustatzeko jardunak bultzatuko dira, baita prebentzioa eta arriskuen kudeaketa sustatzeko jardunak, ingurumena kontserbatzeko eta babesteko jardunak eta baliabideen efizientzia sustatzeko jardunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko FEDER programa operatiboa sei ardatz nagusitan artikulatzen da, erreferentziatzat hartuta Europa 2020 estrategiaren helburuak eta kohesio-politikaren gaikako helburuetan helburu horiek duten isla. 

  1. I+G+b sustatzea, espezializazio adimenduneko euskal estrategiarekin bat eginik. Ia inbertsioaren % 45 hartuko du.
  2. IKTen erabilera eta kalitatea hobetzea, baita horien eskuragarritasuna ere. Baliabideen % 10,6 hartuko du.
  3. Euskal Autonomia Erkidegoko planeko enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzea. Horretara inbertsio osoaren % 8,7 zuzenduko da.
  4. Karbonoaren kontsumo urriko ekonomia Funtsen % 26 hartuko du.
  5. Prebentzioa eta arriskuen kudeaketa. Baliabideen % 5,4 hartuko du.
  6. Ingurumena zaintzea eta babestea eta baliabideen efizientzia sustatzea. Inbertsioaren % 4,47 hartuko du.