Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Euskadi nazioarteko merkataritzarako Atlantikoko ardatzean nodo logistiko estrategiko gisa aurkeztu da Logistikaren Nazioarteko Azokan

2017.eko ekainak 07

  • Arantxa Tapia sailburua eta Josep Rull conceller-a gaur eguerdian bilduko dira, Atlantikoko eta Mediterraneoko ardatzen garapenaren lehentasuna aldarrikatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako sailburu Arantxa Tapia eta Antonio Aiz Garraio sailburuordea buru dituela, Euskadiko azpiegitura nagusietako eragile eta logistika-eragileekin batera, Logistikaren Nazioarteko Azokan bildu dira gaur goizean. Azoka aste honetan zehar ospatzen ari da Fira de Barcelona-n.

Euskadi nazioarteko azoka honetara Basque Logistics standarekin joan da, eta helburua da Atlantikoko ardatzean lurraldearen kokapena indartzea, portu-, aireportu-, tren-, errepide- eta logistika-azpiegituren bitartez.

Euskal erakundeek garraio eta logistikaren azpiegitura garrantzitsuenen aldeko apustua bateratu dute: Bilbo eta Pasaiako portuak, Loiu, Foronda eta Donostiako hiru aireportuak eta logistika-plataformak (horiek guztiak gaitasun handikoak eta nazioarteko errepide- eta tren-sareen bidez lotutakoak). Azpiegitura horiek guztiak garapen ekonomiko iraunkorrerako ezinbestekoak dira, gure lurraldearen eta bere ehun ekonomikoaren lotura bermatu eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen baitute.

Zerbitzu horiek kudeatu eta Basque Logistics standean daude Bilbao Port, Pasaia Port, Bermeoko Portua, Forondako Aireportua; logistikako zentroak: Jundiz, Arasur, Zaisa, Aparkabisa; VIAS, Uniport eta mugikortasun-klusterra MLC-ITS euskadi.

Atlantikoko korridorean lehentasunezko kokapena

Azoka bisitatzean, Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu du Euskadik kokapen estrategikoa duela, baina gure loturak “are hobeak” izan daitezkeela. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza tren-sarea hobetzeko lanean ari da, Europarekin lotzeko (euskal Y-aren bidez), Bilboko Portua tren bidez hobeto lotzeko (Hegoaldeko Tren Sarea), Jundizeko plataforma logistikoan Lille-Vitoria arteko tren-autopista garatzeko, Pasaia-Lezoko plataforma logistikoa eta Forondako Aireportuko zentro logistikoa.

Euskadi korridore atlantiko osoaren funtsezko elementua da, eta korridoreak 2.000 kilometro baino gehiagoko luzera eta honako hau du:

•          80 milioi biztanle.

•          2 bilioi euro baino gehiagoko BPGd.

•          Europako BPGd-aren %35.

•          60 portu baino gehiago.

•          Trafikoa, guztira, 650 milioi tn/urtean.

Korridore horretan Sines-etik Roterdamerainoko portu-sarea dago, Europako atlantikoko alde osoa zeharkatzen du eta penintsularen eta Europaren arteko merkantziaren %50 pasatzen da bertatik.

Tren eta errepide bidez lotutako portuak

Zifra horien aurrean, sailburuak adierazi duenez, “gure asmoa da, eta gure asmoa behar du izan, Atlantiko osoan lehentasunezko kokapena izatea; bertatik igaroko da etorkizunean euskal ekonomiarentzat aukera berriak irekiko dituen merkantzia kopurua.Prest egon behar dugu, eta korridore lehiakor gisa kokatu behar gara”

Gure industria gero eta lotuago egoteko lanean ari gara, lotura intermodalen bitartez.

Europa barneko sare berria amaitzearen beharra

Edonola ere, Euskadik tren bidezko merkantzien garraioa areagotu nahi du, garraiobide eraginkorragoa eta kutsadura gutxiago sortzen duena baita.

Horretarako, sailburuaren hitzetan, “Europarekin lotzeko tren-sarea osatu behar da". Europa barneko sare berri horren parte da euskal “Y” deritzona, edo Madril-Gasteiz-Dax lotura.

Euskadik eta Kataluniak elkarlana indartu dute *

Generalitateko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek laneko otordua egingo dute gaur eguerdian, Atlantikoko eta Mediterraneoko ardatzen garapenaren lehentasuna –“Espainia zirkularra” deritzonaren garapena laguntzeko beste aukerei dagokienez− elkarrekin aztertu eta aldarrikatzeko.

Tapia sailburuak eta Rull conceller-ak beren jarrera helaraziko dute gaur arratsaldean Autonomia Erkidegoetako ordezkariekin egingo duten bileran. Bilera hori Espainiako Sustapen Ministerioarekin ere egingo da, “La posición de España en los Corredores Mediterráneo y Atlántico” izeneko jardunaldian.

*arratsaldeko lehen orduan, Arantxa Tapia sailburuaren eta Josep Rull conceller-aren arteko bileraren prentsa-oharra eta irudiak helaraziko ditugu.