Etxebizitza Sailak zuzenean jakinaraziko die Etxebiden inskribatutako 54.000 pertsonei haien tramiteen egoera

Viviendas.jpg

2017.eko otsailak 20

 

  • Helburua da etxebizitza eskatu duten pertsonekin dauden komunikazioak hobetzea eta berme gehiago ematea.
  • 2016an Etxebidek 340.000 jakinarazpen egin zizkien Eskatzaileen Erregistroan inskribatutako pertsonei.

Etxebizitzaren Euskal Zerbitzua-Etxebidek zuzenean jakinaraziko die martxoaren 1etik aurrera zer egoeratan dituzten tramiteak Eskatzaile Erregistroan inskribatutako pertsonei, hots, gaur egun 54.000 familia edo bizikidetzako unitate direnei. Oro har jakinarazpen pertsonaleko sistema hautatu da etxebizitza eskatu duten pertsonekin dauden komunikazioak hobetzeko eta berme gehiago emateko borondateagatik, haietatik ondorioak sor daitezkeelako beste zerbitzu edo gizarte-prestazioen erabileran.

Orain arte, Etxebidek hilero jakinarazten zien pertsona interesdunei eskaeren alta, baja, artxibatze, ukapen eta zuzenketei buruzko ebazpenak, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzen iragarki-tauletan eta bere web-orriaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuta. Sistema hau erabiltzeko arrazoia egindako jakinarazpenen bolumen handia da. Iaz bakarrik 340.000 komunikazio egin ziren.

Hala ere, tramite horietako batzuk Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan banan-banan komunikatzeko premia egiaztatu da, pertsona eskatzaileek behar bezala dakizkitela ziurtatzeko. Jakinarazpen pertsonala tramite hauetan pasatuko da: alta, ukapen edo artxibatzeetan eta datuak zuzentzean edo zabaltzean. Aldaketa hau bat dator Arartekoak egindako gomendioarekin. Horren bidez, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko tramite batzuk banan-banan jakinaraztea eskatzen du, gizarte-bazterketako arriskua prebenitzeko prestazio ekonomikoen kudeaketan duten eraginagatik. Prestazio horietako bat da Lanbidek kudeatzen duen Etxebizitza Prestazio Osagarria, Lanbidek kudeatu eta Etxebideko erregistroan aurrez izena ematea eskatzen duena.

Banan-banako jakinarazpen-sistema berriaren ezarpena martxoaren 1ean jarriko da abian.
Horren guztiaren berri emateko, gutun bat bidaliko zaie Etxebideko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatutako guztiei. Bidalketa horiek gaurtik hil honen amaiera arte ari dira egiten, hiru txandatan.

Igorriko den gutunaren atzealdean, pertsona interesdunek beren espedientearen laburpen bat aurkituko dute, eta beren posta eta/edo posta elektronikoaren helbidea eguneratzeko gomendioa, hemendik aurrera Etxebideren jakinarazpenak jasotzeko. Inprimakiak ere badaude eguneratzeak Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan egiteko. Era berean, www.etxebide.euskadi.eus helbidean tramite gehienak egin daitezke, web-orrian bertan pasahitza aurrez eskatuta.

Aldaketa horien berri emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiei ere.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 20a