Etxebizitza hutsa alokairu sozialerako atzemateko Bizigune programa, jardunbide egokiaren adibide Bartzelonako Construmat Ferian

Construmat2.JPG

2017.eko maiatzak 23

  • Alokabideko zuzendari Patricia Valek adierazi du programa mota honekin etxebizitza duin baterako sarbidea ematen zaiola biztanleria ahulenari
  • Gizartearen aldetik formula errentagarria da, baliabide inaktibo bat (etxebizitza hutsa) merkatukoa baino kostu txikiagoan mobilizatzean, eta ingurumenaren aldetik iraunkorra, lurzoruaren kontsumoa ekiditean

 

Etxebizitza hutsa alokairu sozialerako atzemateko Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programa protagonista da gaur Barcelona Building Construmat Nazioarteko Eraikuntza Ferian egiten ari den Etxebizitza Sozialaren Biltzarrean. Alokabideko zuzendari Patricia Val gonbidatua izan da Bizigune programa eta haren ezaugarriak jakitera emateko Bartzelonako Udalak babestutako jardunaldi batean. Haren helburua da esperientzia hurbilak eta nazioartekoak jasotzea, aukera emango dutenak jarduteko modu berri inspiratzaileen berri izateko.

Alokabideko zuzendariak gogoratu du Euskadin, Etxebizitzari buruzko Legea onartuta, etxebizitza duin baterako sarbidea legeak aitortutako herritar-eskubide bat dela, hezkuntzaren, berme-errentaren edo mendekotasunaren arretaren antzeko mailakoa, eta Bizigune programa soluzio on gisa aldarrikatu du etxebizitza-premiei epe labur eta ertainean aurre egiteko. “Gizartearen aldetik formula errentagarria da, baliabide inaktibo bat (etxebizitza hutsa) merkatukoa baino kostu txikiagoan mobilizatzen duelako, eta ingurumenaren aldetik iraunkorra, Euskadin baliabide urri bat, lurzorua, kontsumitzea ekiditean”.

Alokabidek, Eusko Jaurlaritzaren alokairu sozialeko sozietate publikoak, 12.000 etxebizitza kudeatzen ditu guztira, eta horietatik 4.500 Bizigune programakoak dira. Arestian, pertsona errentatzaileei beren etxebizitza  programara gehitzeagatik ordaintzeko ezarritako prezio maximoa igo egin da, eta hileko 450 euroetatik 525 euroetara igaro da.

Patricia Valek adierazi du Bizigunek, kontratua Administrazioarekin egiten den heinean, berme batzuk eskaintzen dizkiela jabeei, hala nola hileko errenta garaiz kobratzea eta kontratua amaitzean etxebizitza jaso zen kontserbazio-baldintza beretan itzultzea. Maizterrei eskaintzen dizkion onurak ere nabarmendu ditu. Izan ere, ez zaie kobratzen merkatuko alokairu bat, baizik errenta babestu bat, edonola ere ez duena gainditzen bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuen % 30. Hain zuzen, maizterrek 2016an ordaindu duten batez besteko errenta hileko 254 euro ingurukoa izan da.

Bizigune programara gehitzen diren etxebizitzek baldintza batzuk bete behar dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan kokatuta egotea, etxebizitza libreak izatea, azken 9 hilabeteetan okupatuta ez egon izana, etxebizitzak atzematea aurreikusten den eremu batean egotea –hots, eskaria dagoen zona batean–, bizigarritasun-baldintzak betetzea eta sukalde eta bainugela hornituak eta funtzionamenduan izatea.

Tramite horiek ebatzitakoan, Alokabidek gozamen-kontratu bat sinatzen du pertsona jabearekin edo jabeekin eta etxebizitza programaren zati izatera igarotzen da. Horrek esan nahi du Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan inskribatutako eskatzaileen artean esleitzen dela.

Alokabideko zuzendariak azaldu duenez, programa honekin “merkatuan etxebizitza hutsak jartzen eta haiei berriz bizitza ematen laguntzen dugu; eta atsegin hartzen dugu pertsona askori bestela izango ez luketen etxe batez gozatzen laguntzeaz. Edo, berdin dena, biztanleria ahulenaren zati batek konfort eta bizi-kalitate minimo baterako sarbidea izan dezan”.