Ertzaintzako zazpi agentek hartuko dute parte Kaliforniako Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan

01.JPG

2017.eko abuztuak 05

2015eko ekitaldian, Virginian, 29 domina lortu zuten, horietako hamaika urrezkoak

Zazpi ertzainek, bi emakumezkok eta bost gizonezkok, parte hartuko dute aurten Polizien era Suhiltzaileen Munduko Jokoetan. Jokoak Los Angelesen (Kalifornia) egingo dira abuztuaren 7tik 16ra bitartean.Ertzaintzaren ordezkaritza hiru modalitatetan lehiatuko da: atletismoan, taekwondon eta body buildingean.Segurtasuneko sailburuak taldeari animoak eman dizkio Ertzaintzaren eta Euskadiren irudi ona proiektatzen jarrai dezaten.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak joan den astean harrera egin zion asteburu honetan Kaliforniara joango den espedizioari. Erandioko Ertzaintzaren Egoitza Nagusian egin zen ekitaldian, sailburuak zortea opa zien parte-hartzaileei, eta eskertu zuen kirolari horiek haien partaidetzarekin proiektatzen duten Ertzaintzaren irudi bikaina, beti domina kopuru handia lortzen baitute. Lehiaketa horren azken ekitaldian, hau da, 2015ean Fairfax-en (Virginia) egindako Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan, hogeita bederatzi domina lortu zituen Ertzaintzak, horietako hamaika urrezkoak.

Kaliforniako ekitaldi honen inaugurazio-ekitaldia abuztuaren 7an egingo da, eta bertan orain arte izena eman duten 65 herrialdetako 9.000 atletek baino gehiagok hartuko du parte.

Munduko Jokoen ekitaldi honetan, zazpi agentek jardungo dute Ertzaintzaren ordezkaritzan, bi emakumezkok eta bost gizonezkok. Atletismoko, Taekwondoko eta Body Buildingeko zenbait probatan hartuko dute parte. Hauek dira gure ordezkariak: Artzai Morante, Jon Aingeru Borja, Oscar Aparicio eta Itziar Sáez, Brigada Mugikorrekoak; Joseba Patxi Mentxaka eta Miren Iosune Fernández, Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxekoak, eta Joseba Pantzeska García, Bizkaiko Ikerketakoa.

Zehazki, atletismoko proba hauetan hartuko dute parte: 200, 400 eta 800 metro, 4x100 metro eta 4x400 metro erreleboak, 5.000 metro, cross countrya eta maratoi-erdia. Horrez gain, taekwondoko teknikan eta borrokan eta body buildingean lehiatuko dira. Ertzaintzako kideak abuztuaren 8an, 10ean, 11n, 12an eta 13an lehiatuko dira.

Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoak 1967. urtean sortu ziren, San Diegon (Kalifornia); edonola ere, World Police & Fire Games Federation erakundea 1985. urtean sortu zen, eta erakunde horrek ezarri zuen gaur egungo bi urteko sistema. Urte horretan bertan egin zen garai berri horren lehen ekitaldia San Josen (Kalifornia).

Ertzaintzak 1999ko Stockholmeko jokoetan hartu zuen parte lehen aldiz, eta orduz geroztik lehiatu da 2001ekoetan Indianapolisen, 2003koetan Bartzelonan, 2005ekoetan Quebecen, 2007koetan Adelaidan (Australia), 2009koetan Vancouveren (Kanadan), 2011koetan New Yorken, 2013koetan Belfasten (Ipar Irlanda) eta 2015ekoetan Fairfaxen (Washington, Ameriketako Estatu Batuak).

Ekitaldi bakoitzean 10.000 inguru parte-hartzaile izaten da. Dena dela, 2011. urtean, New Yorken egin zirenean, 16.000 parte-hartzaile izan zen. Onartu diren hurrengo Munduko Jokoak Txinan egingo dira, 2019an, Chengdu hirian.