Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

ELIKA - Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak - "App" bat atera du elikagai-kontsumoaren segimendu pertsonalizatua egiteko

elikaapp.jpg

2017.eko irailak 28

ELIKA -Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak-, Bilbon egiten ari diren nutrizioari eta osasunari buruzko “Growing Young” sinposioaren barruan, App berria aurkeztu du, hots, erabiltzaileari bere elikagai-kontsumoaren segimendua egiteko eta kontsumo hori dieta osasungarri eta orekatu batekin parekatzeko bide ematen dion laguntza-tresna. Android nahiz Iphone smartphoneetan erabil daiteke, eta erabat doan deskarga daiteke http://blog.elika.eus/eu/zenbat-nola-jaten-kontrolatzeko-app/ atarian.

App berri hau modu osasungarriagoan jan nahi dutenentzako baliabide egokia da. Hautaketa-pantaila erraz baten bitartez, egunero kontsumitzen diren jakien erregistroa eraman daiteke; hain zuzen ere, egunero txosten bat sortuko da, dieta osasungarri eta orekatua egiteko gomendioekin, eta asteko txosten bat sortuko da 7 egun osatu ondoren.

Aplikazioa egiteko, oinarri hartu da UPV/EHUko Nutrizio eta Bromatologia Saileko ikertaldeak aldez aurretik balioztatutako elikagai-ingestaren erregistroa, Gasteizko Udalak diruz lagundurikoa. Gainera, SEDYN Dietetika eta Nutrizioaren Espainiako Zientzia Elkarteak ere esku hartu du aplikazioa osatzeko prozesuan.

Elika Fundazioa

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen fundazio bat da, eta euskadiko elikagai segurtasuna hobetzea du helburu, honako hauen bitartez:

  • Administrazioei aholkularitza zientifikoa eta teknikoa emanez, elikagaien segurtasunaren arloko politikak ezar ditzaten.
  • Kateko langileei lagunduz eta babesa emanez, elikagaien segurtasuna bermatzeko betekizunak ulertu eta aplika ditzaten.
  • Elikagaien segurtasunaren arloan gaur egun garrantzi handiena duten gaien inguruko informazioa emanez eta komunikazioaz arduratuz, euskal gizartea jakinaren gainean egon dadin eta balioa emateko.

Growing Young

Aplikazioa “Growing Young” sinposioan aurkeztu da. Bilbon ari dira sinposioa egiten, “Food Health Tech” izenburupean, irailaren 27an, 28an eta 29an; Aztik antolatu du, Lipigeniaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin. Hiru egunean, gaur egungo gizarteak gainditzeko dituen hiru erronka handi izango dituzte aztergai: “zergatik jaten dugun jaten duguna, zer dakigun nutrizioari eta elikagaiei buruz, eta nolakoa izango den elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna”. Askotariko sektoreak eta eragileak bildu dira sinposiora, munduko ia herrialde guztietakoak, galdera horiei erantzuna emango dieten estrategia berriak eztabaidatzeko eta diseinatzeko. Hala, bertaratuek gaur-gaurko gaiak landuko dituzte, hala nola elikadura, osasuna, teknologia, industria, zientzia eta berrikuntza, tokian tokikoa aztertuz, irtenbide global bat aurkitzeko asmoz.

App-aren bideo tutoriala