Ekoetxea Txingudi, Zeu Zara EiTB ingurumen-saria

IMG_0686.JPG

2017.eko martxoak 08

  • Elena Moreno, Ingurumen sailburuordea: “Saria ingurumeneko interpretazio-zentroek herritarrei eskaintzen dieten zerbitzuaren aitorpen bat da”

Ekoetxea Txingudik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kudeatutako ingurumeneko interpretazio-zentroak, Zeu Zara EiTB saria jaso du ingurumenaren kategorian. Saria gaur arratsaldean jaso du FICOBA erakustazokan Ingurumen sailburuorde Elena Morenok, eta bere esker ona agertu eta, adierazi duenez “ingurumeneko interpretazio-zentroek herritarrei eskaintzen dieten zerbitzuaren aitorpen bat da”.

Sari-banaketaren buru izan dira Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Irungo alkate Jose Antonio Santano eta EiTBko zuzendari Maite Iturbe.

Ingurumen sailburuordeak Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-zentroek izango duten zeregina nabarmendu du “Sailean lantzen ari garen Iraunkortasuneko Hezkuntzarako estrategia berriaren helburuak betetzean”. Eta adierazi duenez, “gaur inoiz baino gehiago, informazio- eta interpretazio-zentro hauek ezinbestekoak dira ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuen balioa pertsonei hurbiltzeko”.

Ekoetxea Txingudi Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kudeatzen dituen ingurumeneko lau interpretazio-zentroetako bat da, eta denen artean 120.000 bisita jasotzen dituzte urtean. Zehazki, Ekoetxea Txingudik 15.000 pertsonaren bisita hartu zuen 2016an. Zentroak Txingudiko badiari eta zonako espazio naturalei buruz antolatutako jarduerez gozatu zuten bisitariek, eta, bereziki, padurari buruz, atsedenleku garrantzitsu bat hegazti ugarirentzat Europa iparraldetik Afrikarako migrazioan.

Euskal telebistak antolatutako kanpainaren hirugarren edizioa da hau, elkarte, enpresa, erakunde eta pertsonen lana tokiko esparru batean aitortzeko, eremu hauetan: elkartasuna eta lankidetza, enpresa eta merkataritzaren arloko jarduera, ingurumenaren babesa eta ekimen garrantzitsuenak tokiko esparruko aurrerapenaren alde eta aurrerapenerako.