Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

EGO-k kalitate eta originaltasun handiko programa barroko baten bidez bukatuko du bere 20. urteurrena

Argitalpen-data: 

ego_ona.jpg

Euskal Herriko Gazte Orkestrak neguko denboraldia aurkeztu du gaur. Neguko denboraldian, EGOk estilo barrokoko hiru lan garrantzitsu prestatuko ditu: Juan Crisostomo Arriagaren «Sinfonia Ren» enblematikoa; Karl Stamitzen «Biolarako eta orkestrarako kontzertua», Maria Rallo Muguruzarekin batera —orkestrako kide ohia eta gaur egun Hanburgoko operaren orkestrako biola—; eta, amaitzeko, «esklabo zoriontsuak» obertura ezaguna. Horien bidez, Orkestrak 20 urteko zikloa itxitiko du; hain zuzen ere, horixe izan zen EGOk duela 20 urte baino gehiago (1997ko abuztuaren 3an) eskaini zuen lehen lana, Gasteizko Principal antzokian.

Aurkezpena Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan izan da, eta bertan hartu dute parte, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko sailburuorde eta Euskal Herriko Gazte Orkestra fundazioko lehendakari Joxean Muñozek, BBK-ko, Kutxako eta Vital Kutxako fundazioen ordezkariek, EGOko zuzendari artistiko Juan José Oconek eta DANTZAZ konpainiako zuzendari nagusi Fernando Saenzek. Topaketaren eduki artistikoaz gain, behar bezala azpimarratu eta eskertu nahi izan da 20 denboraldi hauetan zehar Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta BBK, Kutxa eta Vital Kutxako fundazioaren artean izandako lankidetza; izan ere, Kultura Sailak eta euskal kutxen fundazioek gure autonomia-erkidegoko musikari gazteen kalitatezko prestakuntza sustatu nahi izan dute, eta beste aurrerapauso bat eman dute ildo horretan.

EGOk aurtengo neguan egingo duen topaketak abenduaren 22tik urtarrilaren 5era bitartean iraungo du eta aukeratutako lekua Eibarko hezkuntza-esparrua izango da.

EGO, Euskadiko trebakuntza sinfonikoaren ardatza

Orkestraren xedea hau da: gure musikari gazteek errepertorio profesionala izatea, programazio konplexu baten bitartez. Gainerako hautagaiek dituzten aukerekin parekatzeko tresna pedagogikoak eskaini behar dizkiegu gure gazteei, ez baitago merkatu hain gogor eta orokorrean lehiakorrak izateko beste modurik.

Talde sinfonikoetan jotzeko geroz eta aukera gutxiago dagoen honetan, merkatu globalean lehiatzeko behar den trebakuntza osoa jasotzea beste irtenbiderik ez dute gure gazteek. Horrenbestez, beste urrats bat egin du Kultura Sailak gure autonomia-erkidegoko musikari gazteen prestakuntza sustatzeko.

Hogei urteko ibilbidea

Hogei urte badira jada Euskal Herriko Gazte Orkestra sortu zela (1997). Datu hauek orkestraren jarduna adierazten dute: musika sinfonikoko eta ganbera-musikako 150 kontzertutik gora eskaini ditu, nazioarteko biretan dozena-erdi herrialde bisitatu ditu, 120.000 ikus-entzule baino gehiago izan ditu eta 1.000 gazteren partaidetza izan du 20 urte hauetan zehar.

Fundazio horren sorrerako helburuak berretsi besterik ez dute egiten datu horiek. Hauek dira helburuak:

  • Orkestra-musikari buruzko trebakuntza-bide alternatibo bat eskaintzea Euskal Autonomia Erkidegoko musikari gazteei, lanean hasi aurretiko haien prestakuntza osatzeko, gure gazteen artean musika-balioak bultzatzeko, eta, azkenik, hemen eta nazioartean euskal kultura ezagutarazteko.
  • Lan-merkatuarekin harremanetan jartzea musikari gazteak, musika-ikasketa arautuen eta jarduera profesionalaren arteko zubiak eraikiz.
  • Musika-balioak sustatzea gure erkidegoko gazteen artean.
  • Pizgarri izatea musika-ikasketa arautuak egiten dituzten ikasle guztientzat.

Helburu horiek gogoan ditugula, musika-programa bikaina prestatu dugu:

Musika-programa

Inoiz eskaini duen osoenetakoa da negu honetarako EGOren musika-programazioa, hezkuntza aldetik bederen. Hona hemen zer errepertorio sinfoniko joko duen:

        

  • · J. Crisostomo Arriaga «Sinfonia Ren»
  • · Carl Stamitz                            «Biolarako eta orkestrarako kontzertua»
  • · J. Crisostomo Arriaga «Esklabo zoriontsuak obertura»

 

Hona hemen Euskal Herrian zehar egingo duen biraren xehetasunak:

 

Urtarrilaren 3an       Donostian      Victoria Eugenia Antzokian            20:00etan

Urtarrilaren 4an       Gasteizen      Principal Antzokian                      20:00etan

Urtarrilaren 5ean      Bilbon           Euskalduna Jauregian                   20:00etan

 

Honako irakasle hauek aukeratu dira negurako:

1. biolina                Catalín Bucataru             Musikene

2. biolina                Catalín Bucataru              Musikene

Biola                     Jon Larraz                      Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Biolontxeloa            Jon Larraz                            Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Kontrabaxua            Jon Larraz                      Euskadiko Orkestra Sinfonikoa     

Haizea (zura)          Fco Javier Lekunberri        Euskadiko Orkestra Sinfonikoa     

Haizea (metala)       Fco Javier Lekunberri        Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Perkusioa               Javier Alonso                       Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Eibarko hezkuntza-gunean egingo da topaketa.

 Zuzendaria artistikoa: Juan José Ocón.

 

Juan Crisostomo Arriaga                                                                   Sinfonia re minorrean

Juan Crisostomo Arriaga (Bilbo, 1806ko urtarrilaren 27a – Paris, 1826ko urtarrilaren 17a) musika klasikoko euskal konpositore bat izan zen. «Espainiako Mozart» eta «Euskal Mozart» ere esan izan diote, Wolfgang Amadeus Mozartek bezala umetatik musikarako dohain apartak erakutsi zituelako eta oso gazte hil zelako, hemeretzi urte baino ez zituela.

Re minorreko sinfonia da Juan Crisostomo Arriagaren lanik paradigmatikoenetakoa eta adierazgarrienetakoa. Haren bizitza eta obra osoan gertatu denez, ezinezkoa izan da alderdi guztiak oso-osorik dokumentatzea eta, beraz, orotariko teoria-iturri dira musikologian. Ez dakigu zehatz-mehatz lan hori noiz konposatu zuen, baina 1824 inguruan kokatu ohi dute, Arriaga Frantzian zegoenean, Pariseko etapa betean.

Lehenik eta behin, izena eta tonalitatea argitu behar ditugu, bi datuok desberdinak baitira iturri batetik bestera. Egitarau eta artikulu askotan honela ikusi izan dugu idatzita: Orkestra handirako sinfonia ren (minorrean edo maiorrean den zehaztu gabe), eta, parentesi artean, Orkestra handirako sinfonia, c. 1824; izan ere, urte hori idatzi zuen Joaquin Perez Arriagak (musikagilearen senitartekoak) Scherzon 2006an argitaratu zen katalogoan.

Arriagaren Re minorreko sinfonia musika-tresna hauetarako dago idatzita: bi flautatarako, bi oboetarako, sin afinatutako bi klarinetetarako, bi fagotetarako, fan afinatutako bi tronpatarako, ren afinatutako bi tronpatarako, tinbalerako eta sokarako. XIX. mendean sinfoniaren generoa egituratzeko erabili ohi ziren lau mugimendu ditu: lehen mugimendua, allegroa, sonata modura idatzia, eta horren atarikoa (adagioa); bigarren zatia, geldoagoa (andantea); hirugarren mugimendua, minueta (allegroa); eta laugarren eta azken mugimendua, allegro con moto tenpoduna, ziur aski musikagilearen musikarik inspiratuena eta azpimarragarriena.

I- Adagioa. Allegro vivace

II - Andantea

III – Menueta: Allegro

IV – Allegro con moto

 

Juan Crisostomo Arriaga                                                 Esklabo zoriontsuen obertura

DANTZAZ KONPAÑIArekin antzaztutako lana

Martin Harriague Koreografo ete CCN BIARRITZ laguntzarekin

Juan Crisostomo Arriaga musikagile bilbotarraren jenio eta talentu goiztiarra agerian utzi zuen beraren lehenengo operak, 13 urte baino ez zituenean konposatu zuen eta. Bi ekitaldiko opera horren libretoa Luciano Comella dramagilearena da, eta aurretiaz Blas de Laserna musikagile nafarrak ere erabili zuen, 1793an Madrilen estreinatutako opera idatzi baitzuen libreto horretarako.

«Esklabo zoriontsuak» libretoaren lehen ekoizpen hura antzeztu zuen konpainia Bilbora joan ohi zen opera-sasoian, Arriaga gaztetxoa zela. Pentsa daiteke, beraz, Arriagaren musika-bertsio berriak aurrekari hori zeukala.

Urte batzuk geroago, Parisen zegoela eta hil baino pixka bat lehenago (tuberkulosiak jota hil zen 19 urte zituenean), Arriagak obertura pastorala konposatu zuen opera horretarako. Hain zuzen, bertatik gorde dugun gauza bakarra da. Konposizio-teknikaren sendotasuna eta formaren ezaguera nabarmena dira haren ezaugarri nagusiak.

Carl Stamitz                                                     Biolarako eta orkestrarako kontzertua

 

Karl Philipp Stamitz (1745eko maiatzaren 7a – 1801eko azaroaren 9a) Bohemiako musikagilea biolin-jole aparta izan zen, Mannheimeko orkestra entzutetsuan biolin-jolea izandako Johann Stamitzen semea. Parisera joan eta bertan egin zen ospetsu. Europako herrialde nagusietan ibili zen kontzertuak ematen. Operak (Der verliebte Vormund eta Dardanus), 70 sinfonia, kuarteto ugari, trioak eta bestelako musika-lan batzuk ere konposatu zituen.

Carl Stamitzek 1774an konposatu zuen Biola eta orkestrarako kontzertua re maiorrean, op. 1. Parisen argitaratu zuen, bertan bizi baitzen 1770az geroztik. Zalantzarik gabe, bere birtuosismoa erakusteko konposatu zuen kontzertua. Eta, hain zuzen ere, izaera birtuoso hori eta duen zailtasun teknikoa direla eta, ezinbesteko pieza bihurtu da biolarako errepertorioan.

Orkestrarako jatorrizko bertsioan (pianorako ere egokitu zuen), Stamitzek orkestrazio bitxia aukeratu zuen: ohiko soka-taldeei bigarren biola-taldea gehitu zion. Hori horrela, eta bi klarinete eta bi adar gehituta, bakarkako tresnaren berotasuna azpimarratzea lortu zuen.

Lehen mugimendua, allegroa, sonata modu klasikoan idatzita dago, bakarkako biolari birtuosismo handiko tarteak emanez. Ondoren, re minorreko andante moderatoa dator, aurreko zatiarekin kontrastean dauden izaera eta tempoa dituena; biolaren barnera begirako kantinela, laguntzako beste parte-hartze batzuekin. Eta amaitzeko, azken mugimendua: hasierako mugimenduaren izaera alaia berreskuratzen duen rondo soila, bakarlariaren eta orkestraren arteko txandaketan oinarrituta. Zati horretan, trebezia teknikoa eta birtuosismoa erakusten ditu biola bakarlariak. Bereziki nabarmentzekoa da azken zatia: «amaiera birtuosoa benetan, arpegioz betea, orain arte inoiz ezagutu gabeko diapasoiaren alderdiak arakatzera eramaten duena bakarlaria».

DANTZAZ
Konpainia, sorkuntza-laborategia eta nazioarteko ekoizpen-zentroa

Ekoizpen-zentroa, sorkuntza-laborategia eta dantza-konpainia. Horra hor Dantzaz konpainiaren nortasun-ezaugarriak; izan ere, plataforma aitzindaria da mugimenduaren arteen esparruan. 2002az geroztik, hogei herrialde baino gehiagoko 96 dantzarik eta 50 koreografok osatu dute konpainiaren historia hurbila. Arte-sorkuntzako eta -ekoizpeneko etxetzat egituratuta dago, eta urtero-urtero sortzaileak gonbidatzen ditu, 12 dantzari egonkorrez osatutako konpainiarentzat berariaz prestatutako pieza eta ekoizpen laburrak sor ditzaten. Horietako batzuk bere ekoizpenetan sartu ditu konpainiak, hala nola «Flash!» izenekoa (Itzik Galiliren eta Jacek Przybylowiczen koreografietan oinarritua), «Aureon» (Jone San Martinen, Christine Hassiden, Judith Argomanizen, Lukas Timulaken eta Itzik Galiliren lanetan oinarritua) eta «Harri, Orri, Ar» lana (Les Vikingsen, Jorge Jauregiren eta Paolo Mohovichen koreografietan oinarritua).

Dantzaz, elkargunea

Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroari esker, Dantzazek urtean 12 arte-egonaldi hartzen ditu. Nazioarteko sei sortzaile, Euskal Herriko sei sortzaile, laborategiko formula bat eta laneko sarea biltzen dira bertan, Euskal Herriko zenbait erakunderen eta espazioren laguntzarekin. Besteak beste, proiektuan laguntzaile dira Dantzagunea, Donostia Kultura, Tabakalera, Azkuna Zentroa, CCN Malandain-Biarritz eta Dantza Hirian erakundeak, bai eta Regards Croisés jaialdiak ere. Dantzaz taldeak nazioarteko proiektuak bultzatzearen eta jorratzearen alde egin du apustu, eta horren froga dira nazioarteko dantza-etxeekin sinatu dituen lankidetza hitzarmenak. Erakundeetako batzuk aipatzearren, hor dira Korzo (Holanda), Piemonte dal Vivo, Aterballetto eta Scenario Pubblico (Italia), Danish Dance Theatre (Danimarka), Conseil des Arts et des Lettres du Quebec (Kanada), CCN Malandain-Biarritz (Ipar Euskal Herria), eta DanceBase (Erresuma Batua). Etengabe zabaltzen eta mugitzen ari den sarea da, dantza-mundurako aukerak sortzera emana, berez-berezkoa duen kalitate-, energia- eta freskotasun-markarekin.

Martin Harriague (Koreografoa)

1986an Baionan jaioa, Martin Harriague dantza klasikoa eta garaikideko ikasketak hasi zen 19 urterekin.

Dantzazen aritu zen 2007an, eta Ballet National de Marseille-n 2008an. Gero NDTra (Erbereak) joan zen 2010etik 2013ra arte. Ordutik hona Israeleko Kibbutz Contemporary Dance Company-n aritzen da.

Dantzari gisa, Martinek Itzik Galili, Thierry Malandain, Emmanuel Gat, Roy Assaf, Rami Be'er, Keren Levi, Stephen Shropshire, Frederic Flamand, Thomas Noone eta Reut Shemesh-ekin lan egin du.

Horrez gain, koreografoa eta musika konposatzailea da. Bere lanek sari ezberdinak jaso dituzte: Stuttgart, Hannover, edo Copenhagen-en, besteak beste.

Martin Harriaguek koreografiak sortu ditu ondorengo konpainietarako: Ballet National de Marseille (Frantzia), NDT (Erbereak), Kibbutz Contemporary Dance Company (Israel), Scapino Ballet (Erbereak) eta 2018an, Malandain Ballet Biarritz-entzako.