EGEF 2014-2020 programak 352,9 milioi euro bideratuko ditu I+G+B, lehiakortasuna eta garapen iraunkorra sustatzeko

2017.eko ekainak 22

EGEF 2014-2020 PROGRAMAK 352,9 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU I+G+b, LEHIAKORTASUNA ETA GARAPEN IRAUNKORRA SUSTATZEKO

EAEko 2014-2020 EGEF Programa Eragilearen laugarren Jarraipen Batzordea ospatu da gaur Donostian. Programaren garapen-aldi osorako, guztira, 352,9 milioi euro bideratuko dira Euskadin. Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEFen) komunitate-laguntza guztizko zenbatekoaren %50 izango da.  Gastuaren zati handiena, 157 milioi euro, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzeko bideratuko dira. Horretarako, enpresen I+G+b inbertsioak laguntzeko programak abiatuko dira, Eusko Jaurlaritzak edo Foru Aldundiak garatuta. Beste lan-ildo batek, eta horretara gastuaren %26 bideratuko da, sektore guztietan karbono gutxiko ekonomiarantz egitea du ardatz.

Halaber, baliabide horiei esker, beste ekintza batzuk garatzea bilatzen da, hala nola, IKTen erabilera eta kalitatea hobetu eta horiek erabiltzeko aukerak sustatzea, ETEen lehiakortasuna hobetzea, klima-aldaketara egokitzea eta arriskuen prebentzioa eta kudeaketa sustatzea, ingurumena kontserbatu eta babestea eta baliabideen eraginkortasuna sustatzea.

Bileran Euskadiren kokapena eta erronkak aztertu dira, Eskualdeko Lehiakortasun Indizean duen kokapenaren arabera; Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren (RIS3ren) aplikazio-egoera aurkeztu da; 2016 urterokoaren aurrerapen bat garatu da eta, horretarako, Programa Eragilean parte hartzen duten Herri Administrazioek egin beharreko programa eta ekintzak jaso dira; eta Programa Eragilearen Ebaluazio Plan Komun eta Berariazkoen aurkezpena eta aurrerapena egin da.

Azkenik, “Operazioak Hautatzeko Irizpide eta Prozedurak” dokumentuaren bertsio berri bat aurkeztu da onarpena emateko, baita “Programaren Komunikazio Estrategia” dokumentuaren bertsio berri bat ere.

Jarraipen Batzordearen presidenteak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza eta Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Funts Komunitarioen Zuzendaritza Nagusia dira. Batzorde horretan parte hartzen du, baita ere, Europar Batzordeko Regio Zuzendaritza Nagusiaren (Eskualdeko Politikaren) ordezkaritzak.

Programa Eragileen bitartez, Europar Batasunak, modu programatu eta urte anitzetan, estatu kideak eta Europako eskualdeak laguntzen ditu, komunitate-jardueretarako hainbat alorretan. EAEko 2014-2020 EGEF Programa Eragilearen kasuan, komunitate-jarduera Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez finantzatu daitezkeen ekintzen laguntzan zehazten da.