Diru-laguntza zuzena Ikerbasque fundazioari, Start Up laguntzak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2017-12-26)

fotoconsejo.jpg

2017.eko abenduak 26

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Ikerbasque Fundazioari 325.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea, Euskadira erakarritako ikertzaile gazteak bertan ezarri daitezen laguntzen duen Start Up programa finantzatzeko.

 Hezkuntza Sailaren diru-laguntza zuzen hau, Lehendakaritzaren Berrikuntzarako Funtsaren bidez kudeatzen dena, Ikerbasque Fundazioak bere Research Fellow eta Research Accociate ikertzaileei zuzentzen dizkien Start Up deituriko laguntzetarako bideratzen da. Aipaturiko laguntzok ikertzaileak Euskadin azkarrago integratzeko helburua dute. Horretarako, Ikerbasquek 10.000 euro ematen dizkie Research Fellow ikertzaileei, eta 20.000 euro Research Associate mailan dauden ikertzaileei. Diru kopuru horiek ekipamendu zientifikoa eskuratzeko eta ikergai dituzten ikerketa lerroak sendotzeko erabili behar izaten dituzte ikertzaileek. 

Ikerbasquek aurreikusia du 740.000 euro ematea 2017 urteari dagozkion Start Up laguntzatan, modu honetan banaturik: 560.000 euro 56 Research Fellow ikertzailerentzat, eta 180.000 euro 9 Research Associate ikertzailerentzat. Eusko Jaurlaritzaren laguntza 325.000 eurokoa denez, gainerako Ikerbasquek hartzen du bere gain, bere aurrekontuaren barnean. 

Ikerbasqueren Research Fellow programak Euskadira ikertzaile gazteak erakarri eta bertan harrobia sortzea du helburu. Gaurdaino Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen zientzialari taldean 70 ikertzaile sartu dira programa honen bidez. Horrez gain, Ikerbasque Fundazioak Research Associate programa ipini du abian aurten bertan. Programa berri hau Research Fellow aldia (gehienez 5 urteko kontratukoa) gainditu duten ikertzaile gazteei zuzendua da, euren ikertzaile-karrera Euskadin sendotzen jarraitu dezaten.