Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bingen Zupiria sailburuak Euskal Kirolari proiektua aurkeztu du, euskara kirolaren munduan sustatzeko ekimen berritzailea

2017.eko azaroak 16

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Euskal Kirolari proiektua aurkeztu du gaur, Euskadiko Artxibo Historikoan. Ekimen honen xedea da euskararen erabilera sustatzea kirol munduan, bereziki gazteen artean. Eremu digitalean eta sare sozialetan batik bat garatuko den proiektu honek punta-puntako kirolariak erabiliko ditu ‘amu’ gisa euskara indartzeko kirolaren munduan. Hauek, zenbait bideo grabatu dituzte euskararekin duten harremana azalduz edota beren kirolari loturiko euskarazko terminologia argituz. Grabaketak, tonu informalean eta era dinamikoan landuak, kirol federazioetan, klubetan edota ikastegietan hedatuko dira, euskararen erabilera sustatzeko erreminta berritzaile bat eskaintze aldera.

Proiektuaren hasierako edizioak bost bideo dakartza eta zazpi kirolarik parte hartu dute. Horietan, Mikel Landak txirrindularitzaren euskal hiztegia menderatzen duela agerian uzten du, eta gauza bera egiten du, beste bideo batean, Julen Goia errugbilariak. San Juan Koxtape Arraun Elkarteko patroi Nerea Perezek azaltzen duenez, euskara hizkuntza nagusia da iragan irailean Kontxan gailendu zen traineruan, eta Iñigo Martinez Real Sociedad taldeko jokalariak adierazi duenez, euskara sasoi betean dago txuri-urdinen aldagelan. Ondarroako erdiko atzelaria  Athelticeko Kepa Arrizabalagarekin batera ageri da bideoan, eta atezainak lehoien arteko euskararen erabilerari buruzko pasadizoren bat azaldu du bere txandan. Beste bideo batean, Aritz Aranburu surflariak eta eskubaloi jokalari ohi Matxalen Ziarsolok euskarari buruz eta olatuekiko duten afizioaz hitz egiten dute.

Elkarrizketa guztietako arduraduna Gaztea irratiko Egoitz Txurruka ‘Txurru’ esatari ezaguna izan da; gaurko prentsaurrekoan proiektuaren xehetasunak eman ditu eta ‘youtuber’ lanetan zelan sentitu den azaldu du. Bere alboan Nerea Perez, Mikel Landa eta Julen Goia egon dira. Aurkezpenean, halaber, Jose Angel Iribar egon da Athletic Club taldearen izenean, bai eta Real Sociedad taldeko batzordekide Nekane Soria ere. Proiektua garatu duen IKOM enpresako arduradun Izaro Iraetak ere aurkezpenean parte hartu du.

Zupiria sailburuak azaldu duenez, “belaunaldi gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina ezin da ahaztu eremu soziolinguistiko batzuetan zailtasunak dituztela". “Erakundeen betebeharra da lanean jarraitzea aukera, erraztasun eta erreminta gehiago eman ahal izateko gazteei euskaraz bizi daitezen; baita eremu informaletan ere, aisialdiaren edo kirolaren eremuetan", azaldu du.

Gaur aurkeztu den proiektuaren xedea da, lehenik, kirolaren erreferentziazko pertsonak agertzea euskaraz bizitzearen alde egin duten apustua argi utziz. Bigarren xedea da kirol diziplina ezberdinei loturiko terminologia hedatzea, gazteen artean batez ere. “Euskarazko terminologia oso hedatua duten kirolak badaude, baina euskararen hedatzea askoz ere mugatuagoa da beste diziplina batzuetan. Gazteek beren kiroletako terminologia ezagutzea da proiektuaren helburuetako bat, askotan erdara hutsean dagoen unibertso bat topatzen baitute. Euskararen normalizazioan pauso berriak eman nahi ditugu, motibazioaren, ezagutzaren eta erabileraren bidez", gaineratu du sailburuak.

Hori lortze aldera, proiektu honen hedapena bilatuko da klubetan, kirol-federazioetan edota ikastegietan. Horrekin batera, ekimenaren bidez beste bultzada bat eman nahi zaio Eusko Jaurlaritzak, Elhuyar-ekin batera, garatutako hiztegi terminologikoei (horietako batzuk kirol zehatzen inguruan egin ziren).

Kirolari ezagunekin garatutako bideo hauek formatu ezberdinetan landu dira, helburuen arabera: ‘pilulak’ (azalpen praktikoak kirol-diziplina ezberdinen inguruan), ‘gertutik’ (kirolariak hurbiletik ezagutzeko formatua), ‘erronka’ (kirolariak elkarren arteko lehian jarriko duen atal bat) eta ‘autoan’ (Txurru kirolarien autoan sartuko da gai ezberdinen inguruan hitz egingo du).

Lehenengo bost bideoak 2017ko azken asteotan zehar eta 2018ko lehenengoetan zabalduko dira, eta proiektuak jarraipena izango du 2018an zehar protagonista berriekin. Bideook Euskal Kirolari-ren youtubeko kanalean kontsultatu ahal izango dira, honen inguruan sortutako sare sozialetan (Facebook eta Instagram) eta www.euskalkirolari.euskadi.eus webgunean (edo http://www.euskadi.eus/euskalkirolari/ webgunean).

Esteka honetan aurrerapen bideoa ikus daiteke.