Bingen Zupiria sailburua eta Miren Dobaran sailburuordea Udaltop hizkuntza politikaren inguruko jardunaldietan izan dira

zupiria_udaltop.jpg

2017.eko maiatzak 11

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea Udaltop Euskara Zerbitzuen Topaketetan izan dira gaur. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean eginiko hizkuntza politikaren inguruko jardunaldi hauek gaur hasi eta bihar arte luzatuko dira.  Aurtengo gaia hizkuntza ohiturak eta euskararen erabilera da, izenburua ondokoa delarik: ‘Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza ohituren aldaketa’.

Topaketa hauen bederatzigarren edizioa da aurtengoa eta aurten 275 aditu inguru bilduko dira Lasarte-Orian (inoiz baino gehiago), euskara teknikariak gehienak. Miren Dobaran sailburuordeak jardunaldien hasiera ekitaldian parte hartu du eta bertatik bertara jarraitu du eguneko egitarau guztia. Bingen Zupiria sailburuak euskararen lurralde guztietatik etorritako euskara teknikariekin bazkaldu du eta arratsaldeko ekimenak jarraitu ditu.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila Udaltop topaketetan izango da bihar ere. Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkortak Topagunearekin elkarlanean landutako proiektu berri bat aurkeztuko du. Hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera bultzatzeko izango da datozen hilabeteotan zehar gorpuztu eta urtearen amaieran abian izango den proiektu honen helburu nagusia.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak hizkuntza ohituretan eragiteak duen garrantziaz hitz egin du gaurko hasiera ekitaldian: “Ikusi dugu euskarak aurrerapauso nabarmenak eman dituela azken hamarkadotan. Ezagutza asko hazi da eta erabilera ere areagotu da, eta maila guztietan gainera. Hala ere, normala den bezala, ikusten dugu ezagutza eta erabilera ez direla neurri berean igo. Gaur egungo testuinguruan, euskarak dituen hiztun aktibo zein pasiboak kontuan hartuta, ikusten dugu horrelako jauzi nabarmen bat emateko aukerak egon daitezkeela. Baina hori lortzeko asmatu egin behar dugu eta arriskatu egin behar dugu. Aktibazioa ezinbestekoa da, eta egiten diren ikerketa guztiek hizkuntza ohituretan eragin behar dugula dioskute”.