Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Galeseko Gobernuko Galesa Hizkuntza eta Etengabeko Ikaskuntza ministro Alun Daviesekin bildu da

Alun_davies.jpg

2017.eko uztailak 13

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Galeseko Gobernuko Galesa Hizkuntza eta Etengabeko Ikaskuntza ministro Alun Daviesekin bildu da gaur goizean. Euskararen biziberritze prozesuan interesatuta, Galeseko Gobernuaren ordezkaritza bat bisitatzen ari da Euskadi egunotan. Ministroarekin batera, Hezkuntza ministro-orde Owen Evans eta Galesa Sustatzeko zuzendari Bethan Webbs ere etorri dira.

Eusko Jaurlaritzako Bilboko egoitzan izandako gaurko bileran, Galesetik etorritako ordezkariek euskararen biziberritze prozesuaz galdetu dute, eta Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkortak azken hamarkadotako bilakaera azaldu die. Hizkuntza politikarako aurrekontuez, euskara ingurune digitalean suspertzeko proiektuez eta, oro har, euskararen erabilera bultzatzera bideratutako egitasmoez ere galdetu dute.